INFO

«Egoera hori bizi izan dugunok motxila gainean daramagu, horrela ikasi dugu bizitzen»

‘Gurpilak’ liburua argitaratu du Eztizen Artolak. Motxiladun ume baten begiradatik idatzia, bere bizipen pertsonala abiapuntu hartuta sortu du nobela, beste haur batzuek bizitakoak jasotzeko ariketa kolektiboa eginda.

Eztizen Artola, ‘Gurpilak’ liburua esku artean duela. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Euskal Herrian daude espainiar Estatuan sakabanatuta zeuden euskal presoak; Lannemezango kartzelan dauzkate, ordea, frantziar Estatuan daudenak. Bidaiak egiteko zerabiltzaten motxilak aspaldi alde batera utzita dauzkate inoiz gurasoak urrutiko presondegietan izan dituzten ume gehienek. Baina, ez guztiek. Pisua bizkarrean nabaritzen jarraitzen dute batzuek zein besteek, baita gurasoak etxean dauzkatenek ere. Horretaz dihardu Eztizen Artolak argitaratu berri duen ‘Gurpilak’ liburuak. Bere bizipen propioak zein beste motxiladun ume batzuenak fikzionatuta ondu du Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen lana.

Irakaslea da ikasketaz, herri mugimenduan buru belarri dabil eta lehen liburua du ‘Gurpilak’. Garazi Arrula editoreak lagunduta aurkeztu du gaur Bilboko Alde Zaharreko Zirika Gunean, senide eta lagunez inguratuta. Argi utzi du ez dela bere bizitza pertsonalaren inguruko liburua, baina ukatu ezina da bere bizipenak ezinbestekoak izan direla motxiladun ume baten begiradatik kontatutako liburua idazteko.

Aita kartzelan ezagutu izan du beti Ihintzak, nobelaren protagonistak. Libre utzi zuten eguna kontatzen du lehen atalak eta, ostean, atzera salto egiten du kontakizunak, kronologikoki eta kartzelaz kartzela kontatzeko inguruan duenak barruan sortzen dizkionak. Ume batek dituen zalantza xaloak dira haurra dela Ihintzak buruan bueltaka dituen galderak, ia sortu bezain pronto plazaratzen dituenak.

Adinean aurrera egiten doan neurrian, zalantza eta hausnarketak konplexuagoak bilakatuko zaizko, identifikatu, bai, baina bakarrrik askatzeko gai ez den korapilo bat sortzeraino. Motxiladun ume izateak eragiten duen sufrikarioa presoa kalera ateratzean bukatzen dela pentsatuko dute askok, inondik inora egia ez bada ere. Bizipen latz horrek uzten duen arrastoari ere heldu dio Artolak liburuan eta ezin argiago azaldu du aurkezpenean: «Bidaia horiek gora behera, espetxeak bere horretan haur hauen bizitzak hankaz gora jartzen ditu eta haien bizitzak suntsitzen jarraitzen du».

Motxiladun umeen aferak dirauela azpimarratu du, hain zuzen ere, horregatik erabaki du liburua orain argitaratzea. «Gaur egun 97 lagun daude gurasoak gabe hezten ari direnak; horietatik 62 adin txikikoak dira», adierazi du, eta bereziki hunkitu da aitarekin egoteko Lannemezanera hiru ordutik gorako bidaia egin behar duten lau eta sei urteko bi haur bilbotarrez hitz egitean. «Egoera hori bizi izan dugunok motxila gainean daramagu, horrela ikasi dugu bizitzen», azaldu du.

Emakumeak azalera

«Aspertuta bezain nekatuta» zegoen Artola gizonek monopolizatu duten gatazkaren errelatoan bere burua ez aurkitzeaz eta horren aurka egin du liburuan, motxiladun umeen amei aitortza eginez, bere amarengandik abiatuta. «Magia egin dute», idazlearen hitzetan, gurasoekin egoteko kartzelara joatea beste erremediorik ez zuten umeek ahal den neurrian «pozik» egin dezaten bidaia. Hain zuzen ere, Artolaren amak jarri dio izena liburuari: «Metafora polita egiten du eta, era berean, polita da amak izena eman izana».