INFO

Guardia Zibilak hildako 16 urteko gazte bat eta bi torturatu, biktima gisa onartuak Nafarroan

Estatuak eragindako indarkeria politikoaren aitortzak beste aurrerapauso txiki bat eman du Nafarroan. Torturak jasan zituzten bi lagun ofizialki biktima gisa onartu dituzte, bai eta Miguel Iturbide ere: Guardia Zibilak hil zuen tiroz, 16 urte baino ez zituela.

Miguel Iturbide, Xabier Susperregik idatzi zuen liburuaren azalean. (NAIZ)

Torturatuen Sareak ostiral honetan jakitera eman duenez, Nafar Gobernuak hiru pertsona gehiago Estatuak eragindako indarkeriaren biktima gisa onartu ditu, traba asko gainditu ostean aurtengo apirilan abiatutako prozesuaren barruan.

«Nafarroako Gobernuak, hitzez hitz, aitortzen die pertsona horiei motibazio politikoko biktimak direla», nabarmendu du sareak.

Hiru horien artean hildako bat dago: Miguel Iturbide, 16 urte besterik ez zuenean Guardia Zibilak tiroz hilik Zugarramurdin. Hau 1967an gertatu zen; 57 urte igaro dira, beraz, biktima gisa onartua izan den arte. Sareak gogora ekarri duenez, «erailketa justifikatzeko, ETAko kidea zela esan zuen Guardia Zibilak, eta arma bat jarri zioten eskuetan. Auzia artxibatu egin zen eta bere hilketaren arduradunak ez ziren inoiz zigortuak izan». [Kasuari buruzko informazio gehiago artikulu honetan]

Beste biak torturatutako pertsonak dira. Félix Jimenez Espainiako Poliziak bitan atxilotu eta torturatu zituen, 1978an eta 1982an. «Lehenengo atxiloketa LKI egoitzaren aurkako eraso faxista bat salatzeko komisaldegira joan zenean gertatu zen. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuen Poliziak, eta komisaldegian sudurra apurtu zioten. Gertakari hau salatu zuen eta epaiketa batean arrazoia eman zioten Jimenezi», laburbildu du Torturatuen Sareak.

Ibai Azkonari dagokionez, Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2008an, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz (orain Barne ministroa dena). «Inkomunikazio garaian, tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. Marlaskaren aurrean torturak salatu zituen, baita Iruñeko epaitegian ere. Salaketa artxibatu egin zen».

Bere balorazioa erantsi du ‘Egiaren garaia da’ ekimenak (Torturatuen Sarea eta Egiari Zor biltzen dituena):  «Aitortza hauekin, Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaiola uste dugu. Gogoratu behar da, gaur gaurkoz, gutxienez 36 pertsona aitortu dituela Gobernu foralak. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat dinamikatik azpimarratu nahi dugu balorazio positiboa egiten dugula, Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio-bidean jartzea».

Eskaerak aurkezteko gonbita, epea zabalik da

«Garrantzitsua da Nafarroan Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu-eskaerak aurkezten jarraitzea: poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide-kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigletako edozeinen bidez erasotutakoak, Estatuko segurtasun-indarrek torturatutako pertsonak, bala-zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz erailak, manifestazioetan errepresioa, ondasun materialen aurkako atentatuak, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak...», erantsi du.

Horretarako gonbita egiten die Estatuak eragindako indarkeria jasan duten pertsonei: «Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, eta, berriro ere, eskaerak egiteko eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu. Horretarako, nahikoa da infona@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo telefono honetara deitzea: 948 30 77 15.  Gure ustez, ezinbestekoa da biktima guztien aitortza inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe egitea. Horrela, Estatuaren indarkeriaren biktimok pairatzen ditugun diskriminazioak gainditzeko bidean aurrera egingo duen bizikidetzako esparru baten oinarriak ezarriko dira, termino demokratikoetan».