INFO

Ia 1.000 elefante sakrifikatuko dituzte Zimbabwen, lehorteak eragindako gosea arintzeko

Zimbabwen «behar baino elefante gehiago» daudela nabarmendu du Gobernuak, lehorteak eragindako goseteari aurre egiteko neurria iragartzean.

Bi elefante Zimbabwen. (Patrice CORREIA | BIOSPHOTO | AFP)

Zimbabwek 1.000 elefante inguru hiltzeko programa jarriko du martxan hilabete amaieran, baliabide naturalen gaineko presioa murrizteko eta El Niño deritzon fenomeno meteorologikoak eragindako lehortea pairatzen duten komunitateei haragia emateko, bertako Gobernuak ostiral honetan Efe albiste agentziari jakinarazi dionez.

«Behar ditugunak baino elefante gehiago ditugu Zimbabwen, eta gure basoek har dezaketena baino elefante gehiago ditugu. ZimParks Zimbabweko parke nazionalen eta basapiztien agintaritzarekin eta tokiko komunitate batzuekin hitz egiten ari gara», esan dio Eferi Sithembiso Nyoni Ingurumen, Klima eta Basa-bizitzako ministroak.

«Namibiak aurretik egin duena egingo dugu guk, hau da, elefanteak sakrifikatuko ditugu eta bertako emakumeak mobilizatuko ditugu haragia jaso eta lehor dezaten, komunitateei elikagai proteiniko gisa baliatzeko», gaineratu du Nyonik.

Ministroaren arabera, sakrifizioa modu legalean egingo da, eta herrialdeko paisaiak arintzen lagunduko du; izan ere, 100.000 elefante inguru ditu guztira, eta pertsonen eta animalia basatien arteko gatazkak gutxituko ditu.

Zimbabwek 1980an Britainia Handitik independentzia lortu zuenetik egiten duen mota horretako bigarren masa-sakrifizioa izango da, 1988an egin zuenaren ondotik. Orduko hura eta 1965etik aurrera egindako beste batzuk barne, 50.000 pakidermo inguru sakrifikatu zituzten herrialdean.

Abuztuaren amaieran iragarri zuen Namibiak 723 animalia hilko zituela, elefanteak, zebrak, hipopotamoak eta bufaloak, besteak beste, lehorteak eragindako gosea arintzeko.

Afrikako hegoaldean 30 milioi pertsona baino gehiago kaltetu ditu El Niño-k eragindako lehorte larri batek, Nazio Batuek ekainaren hasieran jakinarazi zutenez, elikagaien segurtasunik eza saihesteko laguntza eskatzean.

Fenomeno meteorologiko horren inpaktu gero eta handiagoak prezipitazio gabezia larria eragin du hegoaldeko Afrikan, batez bestekoa baino bost gradu gehiagoko tenperaturekin.

Izan ere, eskualde horrek ehun urtean otsailik lehorrena izan zuen 2024an, aldi horretarako espero ziren ohiko euriteen %20 baino ez baitzuen jaso.

Lehortearen aurretik ere, elikagaien segurtasun-gabezia eta premia humanitarioa handiak ziren, erronka sozioekonomikoek, elikagaien prezio altuek eta krisi klimatikoaren ondorio larriagoek bultzatuta.

Angola, Hegoafrika, Mozambike, Namibia, Malaui, Zambia eta Zimbabwe lehortearen ondorioei aurre egiten ari dira, eta azken laurek larrialdi-egoerak ezarri dituzte arazo horrengatik.