INFO

Astillero, Zumaia, Ares eta San Juan, hurrengo udaran elitean lehiatzeko hautagai sendoenak

Astillero eta Zumaiak, ETE ligako bi traineru onenak, lehen kolpea eman dute hurrengo urtean Euskotren Ligan lehiatzeko. Gizonezkoetan, Galiziako txapeldun Ares eta KAE1 ligako irabazle San Juan izan dira indartsuenak Bermeoko uretan lehiatutako kanporaketan, erlojupekoan jokatutakoa.

San Juan eta Ares, aurrez aurre, Bermeoko erlojupekoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bermeoko uretan jokatutako play-offetako lehendabiziko jardunaldian Astillerok, Zumaiak, Aresek eta San Juanek kolpea eman dute, hurrengo urtean elitean lehiatzeko hautagai sendoenak direla berretsita. Emakumezkoetan, ontzi kantabriarrak eraman du garaipena eta beraz, 4 puntuak. ‘Telmo Deuna’ traineruari 12 ehuneneko soilik atera dizkio. Gizonezkoetan ere, lehen bi sailkatuen arteko diferentzia minimoa izan da. Galiziarrek irabazi dute, pasaitarrei segundo bakarra aterata.

«Biharko ondo kokatuta» daudela onartu du Joseba Fernandezek, Koxtapeko entrenatzaile eta arraunlariak. KAE1 liga irabazi berritan, kanporaketan aurrean egongo zela aurreikustekoa zen baina behin itsasora aterata, berretsi egin behar da hautagaitza hori. Lehen kolpea eman dute, bigarren bukatu eta lau puntu poltsikoratuta. Gainera, Aresekiko diferentzia gutxienera eramatea ere lortu dute, azken luze ikusgarria egin ostean.

Hamalau segundoko aldea ateratzen zion Aresek San Juani azken ziabogan baina poparean olatu txikiak surfeatzen helmugaratu dira arroxak eta estropada irabazteko zorian egon dira. Azken unean, «zuloan» geratu dira eta horrek apur bat apaldu du euren erreakzioa.

Bermeoko urak zeharo bihurrituta zeuden, mendebaldeko haizearen ondorioz. Katxopez betea zegoen itsasoa, arraunketa garbia eragozteko prest. «Baldintza txarretan aldeak areagotzen dituzte talde handiek», azaldu du Joseba Fernandezek, bere taldea handien pare dagoela irudikatzeko. «Ongi prestatua geneukan gaurko estropada eta erakutsi dugu ongi gaudela», esan du. Une oparo hori bihar ere berretsi beharko dute, Portugaleten, errekan jokatuko den erlojupekoan.

Itsaso zabalean, Ares eta San Juan gainontzekoekiko urrun daudela ikusi da. Hirugarren izan da Santurtzi –KAE1 ligako hirugarren sailkatua, Zumaiaren ordez kanporaketak lehiatzen ari dena– eta San Pedro, laugarren, biak ala biak minutu erdi baino gehiagora helmugaratuta.

‘Libiak’ maila mantentzeko egiten du lehia kanporaketa hauetan baina denboraldi erregularreko azken aste konplikatuak eta Cristian Garmarekin sortu den zalapartak ez dio ezer onik ekarri. Chapela izan da bosgarrena.

«Basamortu luzea»

«Basamortu luzea» bezala deskribatu du play-offetarako itxaronaldia Alexander Estebanek, Santurtziko entrenatzaileak. Kontxarako sailkatu ezean, itxaronaldia oso luzea egiten baita. Nahi baino atseden handiagoa hartuta iritsi da baita ere Zumaia.

Astilleroren alde jausi ziren ehuneneko gutxi batzuengatik geratu zen Kontxako lehiatik at eta larunbat honetan, aipatu bi ontziak beren nagusitasuna berretsi dute. Beste behin, traineru kantabriarraren alde jausi dira ehunenekoak eta beraz, liderrak eskuratzen dituen lau puntuak ere bai. ‘Telmo Deunak’ hiru puntu batu ditu eta puntuak baino garrantzitsuagoak izan daitezke sentsazioak, Chapela zein Cabo oso atzean geratu baitira.

«Gaur pozik bukatu dugu. Brankan sentsazioak hobeak izan dira, ziabogaraino Astilleroren denbora baino hobea markatzen geunden baina itzulera gogorra egin zaigu. Estriborretik olatuak sartzen zitzaizkigun eta arraunketa zaildu digu», kontatu du Amane Jimenezek, Zumaiako patroiak.

Noski, detaile txikienak ere irauli dezake egoera baina ibaian lehiatzen den estropada batean, salbuespenak salbuespen, indartsuenak eramaten du estropada. Bermeon, haize gogor eta itsaso bihurrian, ETE ligako bi ontzi onenak nagusitu dira eta Portugaleten Euskotren ligarako igoera berretsi nahiko dute.

Kontxan kanpoan geratu osteko «amorruarekin» lehiatu da Zumaia eta bihar «irabaztera» aterako direla ziurtatu du Jimenezek. 

Chapela izan da hirugarrena, 13 segundora eta Cabo, azkena, 24 segundora. Boiroko taldeari oso maldan gora jarri zaio maila mantentzeko borroka eta litekeena da, hurrengo urtean lehen aldiz, zazpi euskal talde izatea Euskotren ligan.

Kanporaketak, 1. jardunaldia (gizonezkoak)

1. Ares 21:35.58 (5 puntu)

2. San Juan 21:36.58 (4 puntu)

3. Santurtzi 22:24.42 (3 puntu)

4. San Pedro 22:29.86 (2 puntu)

5. Chapela 23:01.22 (puntu 1)

Kanporaketak, 1. jardunaldia (emakumezkoak)

1. Astillero 12:16.52 (4 puntu)

2. Zumaia 12:16.64 (3 puntu)

3. Chapela 12:30.40 (2 puntu)

4. Cabo 12:41.06 (puntu 1)