INFO

Gure Eskuk «herri gisa ditugun eskubideak aitortzea» eskatu du autogobernu ponentziari begira

«Herri gisa eskubideak aitortzea lehentasunezkoa da erronkei aurre egiteko», eta Gasteizko Parlamentuan autogobernuari buruzko eztabaidari begira, «arduraz jokatzeko unea» dela adierazi du Gure Eskuk: «Arreta handiz jarraituko dugu emango diren urratsak».

Gure Esku apirilean Etxarri Aranatzen eginiko ekitaldia, lehenengo galdeketaren hamargarren urteurrenean (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Gasteizko Parlamentuan egingo den autogobernuaren ponentziaren eztabaidaren harira, Gure Eskuk «herri honetan herri gisa aitortua izan nahi duen eta bere eskubideen jabe –erabakitzeko eskubidea barne– izan nahi duen gehiengo subiranista bat» dagoela aldarrikatu du. Horrela, «hurrengo hilabeetan emango diren urratsak» arreta handiz jarraituko dituela nabarmendu du plataformak.

«Herri gisa ditugun eskubideak aitortzea lehentasunezko gaia da, etorkizunean dauzkagun erronkei aurre egiteko», azpimarratu du Gure Eskuk ohar batean. Hala, «estatuei begira izan ditzazkegun harremanetan erabakimen gehiago behar dugula» aldarrikatu du, «gure lurraldeen arteko harremanak ardazteko zein zein bizitzako alor guztiei eragiten dieten erabakiak bertan hartzeko».

«Arduraz jokatzeko une dela deritzogu, herri gisa aitortua izan eta gure etorkizunaren jabe izatea dago jokoan. Herri libre baten bidean, erronkari aurre egiteko prest gaude», nabarmendu du Gure Eskuk.

Bestalde, plataformako ordezkaritza batek, Josu Etxaburu bozeramailea barne, Kataluniako Diadan parte hartu zuen Omnium Cultural eta Assemblea Nacional Catalaren entitateek gonbidatuta. Hala, Gure Eskuk balorazioa egin du larunbat honetan eta, ildo horretan, gizarte eragileek, «giro nahasiaren gainetik», mobilizaio «bateratu» bat egiteko gaitasuna izan dutela adierazi du.

«Autodeterminazio eskubidea egikaritzeko bidean, mugimendu transbersal zein estrategia partekatu bat beharko dute. Orain, lehen bezala, Gure Esku bidelagun izango dute Kataluniako eragileek», esan du.

EH Bildu: Estatus berria da lehentasuna

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, estatus berriari buruzko eztabaida «lehentasun handienekoa» da, eta galdetu du ea EAJk PSEri, bere gobernukideari, «herri honek dituen asmo nazionalak mugatzen utziko ote dion».

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, koalizioaren ordezkariak Andoni Ortuzar EBBko presidenteak EAEko estatus politiko berriaren inguruan egindako proposamena izan du hizpide.

Estatus berria «lehentasun eta kapital handieneko» gaia dela defendatu du Kortajarenak, eta gai horri «zorroztasun osoz» heldu behar zaiola: «Biribilgunetik irten eta fase erabakitzaile batean sartu behar gara».

Gainera, Gasteizko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkidetatik 55 subiranistak direla gogoratu du, eta «nazio bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugularen ideian biltzen dira horiek». «Horren inguruan eta Estatuarekin harreman berri bat ezartzeko beharraren inguruan hitz egin behar da», esan du.