INFO

Ainhize Belarrek bere burua kokatu du munduko lehen lerroan daudenen artean

18 urteko atxondarrak “cum laude” batekin amaitu du oporraldia. Ilarduian, ‘Txirrin txirran’ (8b+) bistan egin du; hori egin duten hamar neska daude soilik. Baltzolan, berriz, landuta, ‘Iñi Ameriketan’ (9a+) igo du; maila hori ere oso gutxik erdietsi dute.

Ainhize Belar ‘Iñi Ameriketan’ bidearekin 9a+ mailan sartu berri da. (@HIPERAITZ)

Batez ere Etxaurin ‘Begi puntuan’ (9a) kateatu zuenean adierazi genuen Ainhize Belarrek Josune Bereziartu eskalatzaile historikoaren oinordetza edo lekukoa hartu zuela. Sendo hartu ere. Batxilergoa amaitu eta selektibitatea gainditu ondoren, 18 urteko atxondarrak udako oporraldian bidaia berezia (eta emankorra) egin du. Inolako zalantzarik gabe, bi dira azpimarratu behar ditugun jarduerak; hain zuzen ere, eskalatzaile gaztea munduko neska sasoikoenen artean jarri dutenak.

Biak ala biak etxean bertan erdietsi ditu. Ilarduian izan da lehenbizikoa. Kareharri zuri horretan ‘Txirrin txirran’ bidea (8b+) kateatu du, baina ez landuta, baizik eta bistan. Hots, estilo horretan dagoen ia maila gorena; egu, 8c da. Baltzolan izan da bigarrena. Kasu honetan landutako ibilbide batean: ‘Iñi Ameriketan’-en (9a+). Estilo horretan ere, ia goia jo du; izan ere, 9b da egin den zailtasun maila handiena.

Igoera bikain gehiago egin ditu, baina aipatu ditugun bi horiek argi uzten dute Belarrek munduko lehen lerroan daudenen artean merezitako txokoa egin duela. Oporretan lortu dituen emaitzen kronika hasteko eta aipatu dugun guztia testuinguruan jartzeko, lehenik eta behin atzera egin behar dugu; ekainera. ‘Ildonuska’ (8c/+, Baltzola) kateatzeaz gain, helburu handi bat buruan iltzatuta zuen: ‘Iñi Ameriketan’. Oso gertu zuen; eroriko batekin, baina, baldintza hezeek ez zioten behar bezala ekinaldi onak egiten utzi. Xedea nolabait pixka bat aparkatu zuen eta han eta hemen ibili da.

Besteak beste, Céüse-n (Frantzia). Kalitatezko murru erakargarri horretan zortzigarren mailako hainbat marra kateatu zituen. Aipagarrienak honakoak dira:  ‘Monnaie de singe’ (8a+, bistan) eta ‘Dures limites’ (8c, landuta). Bidaia horren inguruan zera adierazi digu: «Murru hori ezagutzeko gogo handia nuen. Pare bat aste genituen, eta asko gustatu zitzaidan. Asko eskatzen duen eskalada da, baina, era berean, ikasteko eta hobetzeko oso aproposa. Hainbat bide egin ondoren, esan zidaten ‘Dures limites’ probatzeko. Erronka bezala hartu nuen. Sekzio oso intentsoa du, bi bloke oso gogorrekin eta helduleku txikiekin. Estilo hori gustatu zitzaidan».

«Ilusio handia egiteaz gain, jarduera horrek erabat bete nau. Onartu behar dut arrakasta hori ez nuela espero»

Etxera itzuli eta Ilarduia zain zuen. Harrigarria bada ere, egun batean ‘Bongo X’ (8c, landuta) eta ‘Txirrin txirran’ (8b+, bistan) igo zituen. Belarrek berak NAIZi onartu dio egun horretan bizi izan zuena erokeria hutsa izan zela: «Bi eguneko lanaren ondoren, oso azkar, ‘Bongo X’ ibilbidea egitea lortu nuen. Onartu behar dut hori egin eta gero ez nekiela zer egin. ‘Txirrin txirran’ begiratu nuen, eta iruditu zitzaidan marra ikusgarria zela. Besterik gabe, probatzea otu zitzaidan; bistan egiteko asmorik gabe. Batez ere mugimenduak eta sekuentziak aztertu eta biharamunean behin betiko ekinaldia egiteko. Kareharri zuri horretan helduleku egokiak bilatzea ez da batere erraza. Topera joan nintzen, oso kontzentratuta, eta katera erorikorik gabe heldu nintzen».

Gogoratu behar dugu estilo horretan 8c dela maila gorena, eta soilik bi emakumezkok  lortu dutela arrakasta hori. 8b+ mailara, berriz, ez dira hamar ere iritsi. Bereziartu horien artean da. 2006. urtean, Montsaten, ‘Hidrofobia’ kateatu ondoren, bistan 8b+ egiten munduko lehen emakumezkoa izan zen.

Datu horiek irakurri eta gero, bizkaitarrak irribarre handi batekin esan digu zaila egiten zaiola iritzi bat ematea: «Ilusio handia  egiteaz gain, bistan eginiko jarduera horrek erabat bete nau. Onartu behar dut arrakasta hori ez nuela espero. Oso neska gutxik egin dute zailtasun maila hori; gainera, izen handiko eskalatzaileak dira. Eta ni haien artean egotea ohore handia da. Une jakin horretan, nire bizitzako egun ederrena izan zen».

Oso azkar

Abuztua pixkanaka bere amaierara heltzen ari zen. Ordura arte egindakoarekin oso aseta zegoen 18 urteko eskalatzaile gaztea. Baina oraindik kanpai hotsak ez ziren baretu. Oporrak amaitu, eta Belarrek azken jarduera azpimarragarria lortu zuen.

Baltzolan zintzilik utzitako proiektu handira itzuli zen; hots, ‘Iñi Ameriketan’ bidera. Eta joan den hilaren 7an, azkenean, patrikan sartzeko aukera izan zuen: «Otsailean lehen ekinaldiak egin nituen, baina leizearen baldintza txarrek ez zidaten aukera handirik eskaini. Apurka aurreratzen joan nintzen, eta apirilean zein maiatzean nahiko menderatuta nuen; eroriko batekin etxera itzultzen nintzen. Baina berriz ere euriak ibilbidea bustitzen zuen. Nahiz eta eskura nuen, baldintza horiengatik oso suminduta eta izorratuta itzultzen nintzen etxera. Baina oporretatik bueltan primeran sentitzen nintzen. Kobara itzuli nintzen. Oso kondentsatuta zegoen.. Beste egun batean itzuli nintzen, joan den hilaren 7an, eta bigarren saialdian kateatu nuen. Akatsik gabeko igoera izan zen».

«Marra horrek duen historiak harrapatu ninduen. Oso zaila izateaz gain, igoera gutxi ditu; den-denak izen handiko gizonenak»

Era horretan, gazteak historia egin zuen; izan ere, nesken artean 9a+ maila egiten lehen euskal eskalatzailea dugu. Hori gutxi ez, eta zailtasun hori munduan oso emakumezko gutxik egin dute. Maila gorena 9b da. Gainera, arestian aipatu dugun Bereziarturen lekukoari indarra eman dio. Eskalatzaile historikoa 9a+ mailara iritsi zen ‘Bimbaluna’ bidearekin (Sain Loup, Suitza, 2005). Jakina, garaiak ezin dira alderatu, eta oraindik Belarrek ibilbide luzea du Bereziartuk lortutako emaitza historikoetara heltzeko. Nahiz eta otsailean lehen ekinaldiak egin zituen, lasai asko esan dezakegu bizkaitarra oso eraginkorra izan dela ‘Iñi Ameriketan’ marran. Oso-oso sasoiko dago, eta, horrez gain, erakutsi du eskalada estilo ezberdinak ondo menderatzen dituela.