Ares, San Juan, Astillero eta Zumaia gorengo mailan lehiatuko dira hurrengo denboraldian
San Juan eta Ares gizonezkoetan eta Zumaia eta Astillero emakumezkoetan –hortzak gogor estututa– dira hurrengo denboraldian Eusko Label eta Euskotren ligan arituko diren ontzi berriak. Indartsuenak izan dira Portugaleteko estropada eremuan eta denboraldi osoko joerak berretsi dira.
San Juan eta Ares gizonezkoetan eta Zumaia eta Astillero emakumezkoetan dira hurrengo denboraldian gorengo mailan lehiatuko diren lau ontzi berriak. ‘Erreka’ indartsuena izan da Portugaleteko estropada eremuan, Galiziako txapeldunaren aurretik, eta denboraldi zinez ikusgarria borobildu dute Joseba Fernandezen eskifaiak.
Emakumezkoetan, denboraldiko eta Bermeoko estropadako joerak berretsi dira Astillero eta Zumaiaren igoerarekin baina kasu honetan, Chapelaren mehatxua gertutik jasan dute. Galiziarrek sekulako estropada egin dute eta kantabriarrek zein ‘Telmo Deunak’ hortzak gogor estutu behar izan dituzte Chapelaren aurretik sailkatu eta Euskotren Ligarako txartela lortzeko.
Hala, ‘Koxtape’ zein ‘Telmo Deun’ historiarekin adiskidetu direla esan daiteke, arraunaren munduan bi ontzi aitzindari baitira. Esaterako, San Juanek duela ehun urte irabazi zuen bere lehendabiziko Kontxako Bandera eta duela 25 urte orain arteko azkena. Efemeride hori gogorarazteko uretara atera ziren atzo mende laurden bat atzera trapu preziatu hori irabazi zuen eskifaia eta kasualitatez edo kausalitatez, oraingo ‘Erreka’ ontziarentzat hauspo izugarria izan zen. Dena dela, ez da kasualitaterik arraun munduan eta Joseba Fernandezek entrenatutako ontziak KAE1 ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi du asteburu honetan. Bermeon bigarren izan zen, Aresengandik segundo batera, eta Portugaleten ere bi ontzi indartsuenak izan dira.
Fernandezek adierazi zuen Bermeon, ontzi indartsuenak eremu guztietan direla indartsu, eta itsaso bihurrian areagotu egiten dituztela aldeak. Itsaso zabalean, katxopa artean, trebeak izan ziren, gorengo mailan lehiatzeko gaitasuna dutela erakutsita eta Portugaleten indarrari egin zioten lekua eta horretan ere, nagusi izan dira. Santurtzi, San Pedro eta Chapela ez dira arerio izan KAE1 liga eta Galiziako ligako irabazleentzat eta beraien arteko lehia moduko bat ere izan da, Koxtapek Bermeoko «arantza» kendu ahal izan duela.
«Urte asko pasa dira, denok geunden honen zain... Hunkigarria izan zen nola etorri ziren atzo Bermeora, gaur ere bai, ostiralean sekulako indarra eman ziguten. Denok batera aritu gara, marea arroxa berriro egongo da gorengo mailan eta hunkigarria da», adierazi du Ander Makazaga arraunlariak.
Denboraldi hau biribila izan den arren, Makazagak atzeragoko lana ere goraipatu nahi izan du. Dena dela, onartu du aurten beste «segurtasun» batekin aritu direla, helburua lortu zezaketen «tentsio on» horrekin.
Chapelaren mehatxua
Tentsioa aipatuta, Zumaia eta Astillerorena izan da, Chapelak burutu duen estropada txukunaren aurrean, igoera benetan zail jarri baita, batez ere zumaiarrentzat. Kalkuluak ere seguraski ateratzen hasiak zirela oraindik azken luzearen faltan. Izan ere, une batez, Zumaia eta Astillero Chapelaren atzetik joan dira –bi segundora ziabogan– eta sei puntuko berdinketa hirukoitzean, Chapelaren garaipena emanez gero, ‘Telmo Deun’ sari gabe geratuko zitekeen.
Hala, hortzak gogor estutzea beste aukerarik ez zaio geratu ontzi zumaiarrari eta bai lortu ere. Azkenean, galiziarrak baino hiru segundo azkarragoan aritu dira eta garaipena berriro Astillerorentzat izan den arren, pozak eztanda egin du zumaiarren artean. Aitzindaria da ‘Telmo Deun’ Euskotren Ligan eta bi liga bereganatuta ere badauzka, 2012 eta 2013an, San Juanen bost urteko monopolioa iritsi aurretik.
Kanporaketak (gizonezkoak)
1. San Juan (9 puntu) 19:41.12
2. Ares (9 puntu) 19:48.60
3. Santurtzi (6 puntu) 19:58.60
4. San Pedro (4 puntu) 20:01.84
5. Chapela (2 puntu) 20:18.40
Kanporaketak (emakumezkoak)
1. Astillero (8 puntu) 10:42.60
2. Zumaia (6 puntu) 10:44.46
3. Chapela (4 puntu) 10:46.52
4. Cabo (2 puntu) 11:02.60