Barbara Zangerlek erakustaldia eman du Rätikoneko hormatzar zorrotzean
Eskalatzaile austriarrak, oso tarte txikian, ´The Gift´ (8c, 350 m) eta ´Seventh Direction´ (8c, 220 m) bideak errepikatu berri ditu. Jacopo Larcher sokakide izan du.
Barbara Zangerl eskalatzaile osoa da. Horrekin esan nahi dugu disziplina ezberdinak menderatzen dituela. Hots, kirol eskalada, boulderra eta hormatzarrak. Pareta luzeetan, adibidez, ez da maila gorenera heldu, baina gizonezko asko harrapatu ditu. Egun, murru handi horietan 9a da zailtasun gorena. Hori oso-oso gutxik erdietsi dute. 8c+, berriz, beste bakan batzuek. Eta 8c maila askoz ere zabalagoa da.
Bada, eskalatzaile austriarrak opor oso eraginkorrak izan ditu etxean bertan. Hain zuzen ere, sona handia eta oso zorrotza den Rätikonen. Hormatzar hori ondo ezagutzen du. Bisita batzuk-batzuk egin ditu Suitzako isurira zen Austriakora, eta 8b+ maila arteko ibilbideak igo ditu. Udara honetan, berriz, beste urrats bat egin eta goi mailako bi marra kateatu ditu: ´The Gift´ (8c, 350 m) eta ´Seventh Direction´ (8c, 220 m). Ohi den bezala, Jacopo Larcher bikotea izan du sokakide.
Irakurtzen den bezala, azpimarratzeko bi jarduera handi egin ditu Zangerlek; gainera, biak oso tarte txikian. ´The Gift´-i dagokionez, duela bederatzi urte Alex Luger-ek puntu gorria jarri zion. Hortaz, denbora luzea igaro da lehen bi errepikapenak iritsi arte. Drussenfluh murruan kokatuta dago, Austriako Rätikonen. Beste modu batera esanda, Zangerlen etxetik nahiko gertu. Gertutasun horrengatik eta kutsadura ez sortzeko, bikote horrek hurbilketa bidea bizikleta elektrikoan (ordu-erdi) egin du. Ondoren, beste ordubete oinez bidearen oinarrira heltzeko.
Eskalatzaileok ez zuten lehen aldia ´The Gift´-en. Duela hiru urte bisita egin zioten marraren luze gogorrena edo giltza ezagutu ahal izateko. Baina ez zuten ekinaldi asko egin. Protagonistok zazpi luze gainditu behar izan zituzten. Lehenbiziko sekzioan eskalada tradizionala nagusitzen da. Baina goiko zatia, zailena, paraboltekin ekipatuta dago.
Zangerlek adierazi du bidearen giltza pixka bat estresagarria egin zitzaiola, besteak beste, beheko zatian babesteko leku asko ez dagoelako eta horrek buruari asko eragin ziolako: «Luze hori eroria duen zerrenda gris batean kokatuta dago; kareharriaren kalitatea perfektua da. Bost izarreko bidea da ´The Gift´: indar-erresistentziakoa eta boulderreko sekuentzia gogorrekin». Larcher-ena izan zen lehen errepikapena. Zangerlek, berriz, denbora gehiago behar izan zuen bigarrena egiteko; lehen igoera femeninoa ere izan da.
«Seventh Direction»
Izen hori du murru berean Zangerlek eskalatu duen 8c mailako bigarren ibilbideak. ´Seventh Direction´ kateatu ondoren, austriarrak adierazi du Rätikonen inoiz izan duen egun intentsoenetarikoa izan zela. Berriro ere Luger izan zen ibilbide horri puntu gorria jarri ziona. Nemuel Feurlek, berriz, lehen errepikapena sinatu zuen; hain zuzen ere, joan den abuztuan. Zangerlena bigarrena izan da; lehen igoera femeninoa ere.
Eskalatzaile honek aurreratu du, ´The Gift´ igo ondoren ikusi zutela Feurleren lana ´Sevent Directoion´-en: «Lagun horren errepikapena ezagutu eta probatzea otu zitzaigun. Luze gogorrena 8c da, baina badu beste bat 8a+ mailakoa. Ibilbide oso gogorra da, eta murruaren sekzio bertikalenean kokatuta dago.´The Gift´-en geundenean, Feurlek izan zituen eroriko luzeak ikusi genituen. Abuztuaren amaieran egin zuen lehen errepikapena. Ondoren, Jacopo Feurlerekin igo zen ´Seveth Direction´-era, besteak beste, lehen luze gogorra ezagutzeko. Baina ekaitz elektriko batek jaistea behartu zituen».
Larcher eta Zangerlek osatutako sokadak hiru egun igaro zituen luze gogorrenetan lanean eta sekzio zailenei irtenbideak bilatzen. Gainera, Feurleren soka finkoek eta heldulekuetan utzitako magnesio markek progresioan asko lagundu zieten. Hiru egun horietan bideak dituen zortzi luzeak nahiko menderatuta zituzten. Bestalde, hil honen lehenbiziko egunean behin betiko ekinaldia hasi zuten. Oso goiz hasi ere; izan ere, ekaitz elektrikoen arriskua oso handia zen.
Lehen luzeetan Zangerl joan zen sokaburu: «Lehen hiru luzeak errazak dira, baina murrua tente jarri zenean energia asko xahutu nuen. Besoak kargatuta nituen, baina luze hori ere gainditzeko gai izan nintzen. Atseden txiki bat egin eta aurrera jarraitu nuen. Oso sendo nengoen, baina era berean urduri. Hurrengo luzearen bloke gogorrean erori nintzen. Bilerara jaitsi, 45 minutuko atsedena hartu eta hurrengo saialdian kateatu nuen».
Austriarra bideak duen giltzaren (8c) aurrean zegoen. Onartu du egundoko borroka egin zuela, eta hala moduz bilerara erorikorik gabe heldu zela. Une jakin horretan ohartu zen aukerak zituela egun bateko jardunean ´Seventh Direction´ kateatzeko. Beste atseden txiki bat hartu eta 8a+ mailako azken luzeari ekin zion: «Beldur nengoen ekaitzaren arriskuarekin. Oso-oso nekatuta nengoen, eta presioaren eraginez azken mugimenduan erori nintzen. Akabo, hori pentsatu nuen. Baina miraria heldu zen: zerua pixka bat garbitu zen. Ordubeteko atsedena hartu, zerua erabat urdin geratu zen… Azken aukera zen.
Amaierako zati horretan lasaiago eskalatu eta luzea erorikorik gabe bukatu nuen».
Bi egun beranduago, hilaren 3an, Larcher ´Seventh Direction´-ekin egin zen; gainera, ez zuen erorikorik izan. Hots, luze guztiak lehen ekinaldian sinatu zituen.