Lau euskal jarduera alpino Urrezko Piolet ekimenaren «Zerrenda Handian» sartu dira
Koldo Zubimendi, Joseba Iztueta, Ekaitz Maiz, Julen Berrueko, Tasio Martin, Jon Inoriza eta Iker eta Eneko Pou anaiak protagonistak dira Kharut II, Amaiur Peak, Gulba eta Ranracalpan eginiko eskaladengatik.
Urrezko Piolet ekimenaren edizioa motorrak berotzen ari da. Eta aurtengoa hainbat aldaketekin dator. Egoitzari dagokionez, antolatzaileek Chamonix edo Courmayeur bezalako hitzorduak «aparkatu» eta San Martino di Castrozzan (Dolomitak, Italia) kokatu dute ekitaldi nagusia. Ohi den bezala, egitarau zabala zein erakargarria izango du, baina foku guztiak sari banaketan zentratuko dira. 2024.eko hitzordua abenduaren 8tik 11ra izango da.
Hortaz gain, Urrezko Piolet ekimenaren antolatzaileek NAIZi aurreratu dioten bezala, aitortza berezi bat indarrean jarriko da: «Azken urteotan, emakumezkoek egiten duten alpinismoaren inguruan makina bat eztabaida eta azterketa formal eta informal egin dira. Norabide horretan, adibidez, erabaki dugu aipamen berezi bat egitea nesken jarduera alpinoentzat. Gure helburua da alpinismo femeninoa bultzatzea, eta horregatik azken urteotan eskalada bikainak egin dituztenei edo ibilbide bikaina dutenei aitortza berezia egingo diegu».
Bestalde, bi aldaketa horiekin batera antolatzaileek omenaldia egingo die nazioarteko izaera duen sari entzutetsu hori irabazi eta azkenaldiotan zendu diren alpinistei. Hots, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniarrei, Sergei Nilov eta Dmitri Golovchenko errusiarrei eta Archil Badriashvili georgiarrari.
Baina ohi den legez, iazko eskalada alpino garrantzitsuenek protagonismo handiena izango dute. Denera, 68 dira Lindsay Griffinek jaso dituenak Dougald MacDonald eta Rodolphe Popier-en kolaborazioarekin. Hauek guztiak ‘Big List’ edo «Zerrenda Handian» daude.
8 euskal alpinista
Eta, hain justu, lau euskal jarduera alpino sartu dituzte zerrenda horretan. Honako hauek dira: Koldo Zubimendik Kharut II mendian eginikoa, Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak Amaiur Peak-en lortutakoa, Julen Berrueko, Tasio Martin eta Jon Inorizak Gulban sinatutakoa eta Iker eta Eneko Pou anaiek (Micher Quito perutarrarekin) Ranracalpan erdietsitakoa.
Lau euskal eskalada alpino eta zortzi protagonista Urrezko Piolet ekimenaren lehen fase horretan sartu direnak. Hala ere, aurreratu behar dugu oso-oso zaila dutela behin betiko fasera igarotzea. Hots, sariren bat jasotzeko. Kontuan hartu behar dugu mundu zabaleko mendietan eta paretetan beste estadio batean dauden eskalada alpinoak egin zirela iaz. Alabaina, ‘Big List’-eko aukeraketa horrekin euskal alpinistok nolabaiteko aitortza jaso dute.
Nortzuk izango ote dira azken fase horretara helduko direnak eta sariak jasoko dituztenak? Bada, oraindik itxaron beharko dugu haien izenak ezagutzeko. Lan horretan jardungo duten epaimahaikideak honakoak izango dira: Jack Tackie estatubatuarra, Lise Billon frantziarra, Enrico Rosso italiarra, Ales Cesen esloveniarra, Toni Gutsch alemana eta Mikel Zabalza nafarra.