INFO
Elkarrizketa
Lorea Intxausti
‘Vaya Semanita’n aktorea

«‘Vaya semanita’-ren funtzioa ez da aldatu, oraindik barre egin behar da»

Lorea Intxausti donostiarra ostegun honetan pantailetan bueltan egongo den ETBko ‘Vaya semanita’ programa aski ezagunaren aurpegi berria izango da. «Ahalik eta hobekien grabatzeko aurreko atal pilo bat ikusi dut», nabarmendu du.

Lorea Intxusta, Z-Belaunaldia ‘Vaya Semanita’ berrian. (EiTB)

Gaztea izanagatik ere (24 urte), Lorea Intxaustiren aurpegia ezaguna da EiTBko emanaldietan. ‘Go!azen’ telesaileko protagonistetako da, Juneren pertsonaia gorpuzten, eta ostegun honetatik aurrera  bueltan den ‘Vaya semanita’-ren multzo eroan ikusiko dugu.

Saio ikoniko honetan ez du benetako estreinaldia izango, pandemia garaiko ’Vaya Semanita Xtream’en ere parte hartu zuelako. Dena den, denboraldi honekin Donostiako aktore eta dantzaria, orain bai, ofizialki sartuko da saioaren lantaldean, Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Iker Galartza eta Maribel Salasekin besteak beste.

Beste proiektu baten etenalditxo bat baliatu dugu berarekin hitz egiteko, itzulerako bezperetan.

Urduri zaude, Lorea?

Egia esan, apur bat bai. Baina tira, ez dut pentsatzeko denbora askorik izan, Madril eta  Donostia artean etenik gabeko joan-etorrian nabilelako. Beste serie bat grabatzen ari naiz, Movistarrekoa. Momentuz ezin dizut aurreratu ez izena ez gaia, sentitzen dut!

Baina ‘Vaya Semanita’-ren lehen atala grabatuta dago, ezta?

Hori bai, sekulako esperientzia izan da. Lankide guztiak oso emankorrak izan dira nirekin, pilo bat lagundu naute. Javier Vicuña zuzendariarekin ere, harremana oso polita izan da. Adibidez, Maribel Salas izeko moduko bat bihurtu da niretzako, eta Miriam, Iker eta Andoni ere orain nire lagunak dira.

Zure benetako debuta dela esan daiteke, edo 2020ko ‘Vaya Semanita Xtream’ hartzen duzu estreinaldi gisa?

Bai. Oso desberdina izan zen hura, esketx motzak. eta orokorrean giroa ez zen berdina, pandemia garaian badakizu...

‘Go!azen’-etik ‘Vaya semanita’-ra: bi proiektu oso desberdinak dira...

Bai, tonu aldetik ziuraski. Azken finean ‘Go!azen’-en beste aktore gehienak nire adinekoak dira, grabazio-giroa ez da gauza bera, esketxen erritmoa mantendu behar da ‘Vaya semanita’-n, aktoreak hemen eskarmentu handikoak dira...

Gaztea zara, ‘Vaya semanita’ ikusten al zenuen?

Noski, nire familiarekin. Programa hau belaunaldiz belaunaldi pasatu da. Eta ahalik eta hobekin prestatzeko, grabaketak egin aurretik atal batzuk berrikusi ditut.

Eta zeintzuk dira zure gogokoenak?

Zaila da erantzutea, baina bat bakarra aukeratu beharrez geri, Jonan eta Txorirenak aipatuko nizkizuke, eta Goreti ile apaintzailearenak ere bai!

Euskaraz aritzen zara ‘Go!azen’-en eta gazteleraz ‘Vaya semanita’-n. ‘VS’-k euskaraz ez al luke ondorio berbera izango?

Nire ustez ‘Vaya semanita’-ren publikoa ez da bakarrik Euskal Herrian bizi. Hemendik kanpo jende askok lehen programa maite zuen eta orain ere jarraituko du. Publiko horrentzat zailagoa izango litzateke euskaraz. ‘Go!azen’, aldiz, askoz «gureagoa» dela uste dut, ez dakit, jende gazteari begira euskara bultzatzeko, beren eguneroko egoerak irudikatzen... Hala ere, nire ikuspuntutik ‘Vaya semanita’ erraz funtzionatuko luje euskaraz ere.

«‘Vaya Semanita’-ren publikoa ez da bakarrik Euskal Herrian bizi. ‘Go!azen’, aldiz, askoz ‘gureagoa’ dela uste dut»

Nik ere ‘Vaya semanita’-ri esker barre piloa egiten dut baina tarteka apur bat errepikakorra iruditu zait. Ados zaude edo nire irudipena baino ez da?

Horren arriskua badago baina gure gidoiek egunerokotasuna jarraitzen dute. Izan ere astez aste hurrengo atala prestatzen dugu eta albisteen arabera esketxei forma emango diegu. Horrenbestez errepikakortasuna ez dut ikusten, azken momentuko gauzekin loturak egongo direlako.

Zure rola argia da, ezta? Gazteena izanik...

Bai, ‘Vaya Semanita Xtream’-en moduan, familiaren alaba, ‘Z-Belaunaldia’...

 

«Orain dela pare bat hamarkada oso garrantzitsua zen barre egitea, egoera korapilatsu hartan, baina orain ere betiko arazoak, eguneroko oztopoak... egon badaude»

Funtzio oso berezia izan zuen iraganean programa honek, umorea bultzatzen belaunaldi zehatz batean. Orain, urte batzuk pasata eta beste egoera batean, zein izan daiteke VS-ren helburu berria? Baldin badago, noski.

Bai, Euskal Herrian orain dela pare bat hamarkada oso garrantzitsua zen nolabait barre egitea, egoera korapilatsu hartan, oso lagungarria zen ‘Vaya semanita’ gizartean. Orain gauza dexente aldatu dira, eskerrak, baina azkenik betiko arazoak, eguneroko oztopoak... egon badaude. Eta horretaz ere barre egin behar da. Jendeak programa hau maite du eta nire partez lan txukuna egitea espero dut.

Orain familian begiradak zugan jarrita egongo dira...

Bai, epaile gorenak nire ondokoak dira eta espero dut ez zapuztea. Hala ere ‘Vaya semanita’-ren taldea beste familia mota bat bilakatu da eta sentimendu oso ona da hori.