Bueltan da Nerea Garcia inspektorea, erabateko protagonista bilakatuta
Ekin diote ‘Zeru ahoak’ telesaila grabatzeari. Bilbon kokatu dute Nerea Garcia inspektorearen ikerketa berria eta bertan ari dira grabatzen. ‘Hondar ahoak’ prekuelan ertzain gisa aritu zen ikerlari lanetan; oraingoan, postua alde batera utzita, Garcia inspektorearen inguruan antolatu dute trama.
Olabeagako kaia aktore, kamara, produktore eta abarrek hartuta daukate egunotan. ‘Zeru ahoak’ grabatzen ari dira Bilbon, ‘Hondar ahoak’ telesailaren sekuela. Koldo Almandoz zuzendari dela Nagore Aranburu berriz ere sartu da Nerea Garcia inspektorearen azalean, oraingoan bai, tramaren erdigune bilakatuta.
Almandozek azaldu du, sekuela bada ere, ez dela aurrekoaren bigarren denboraldia eta badagoela ‘Hondar ahoak’ ikusi gabe ‘Zeru ahoak’ ulertu eta gozatzea: «Zorte apur batekin, baten bati oraingoa gustatzen bazaio aurrekoa bisitatuko du eta detaile gehiago ulertuko ditu». Narratiboki indepentientea bada ere, aktoreak eta pertsonaiak errepikatuko dira: Nagore Aranburu bera, baita Joxean Bengoetxea eta Sara Cozar ere.
Txintxua Filmsek ekoitzi du telesaila eta ETB1en eta Primeran plataforman estreinatuko dute. Marian Fernández ekoizleak espero du ‘Hondar ahoak’ telesailarekin gertatu zen bezala, ‘Zeru ahoak’ ere gehiago zabaltzeko aukera izatea. Fernándezek azaldu du oraingoan Bilbon kokatuta dagoela istorioa. Bertan bizi da Garcia inspektorea eta «istorioa, pertsonaiak eta guztia Nerea Garciarengana joaten dira», ‘Hondar ahoak’-en ez bezala, Ondarroak rol garrantzitsuagoa betetzen baitzuen.
Lau urte joan dira Nerea Garcia ertzaina inspektore lanetan Ondarroara bidali zutenetik eta ‘Zeru ahoak’-en agertzen dena kargua utzita duen protagonista da, Bilboko periferian bizi dena. Almandozen adierazi duenez, «horrek egiten duena da aurrekoan geneukan kostaldeko herri pintoresko batean zegoen kanpotar hori orain bere etxean, bere ingurunean egotea». Halaber, lana utzi izanak ere beste ikuspuntu bat emango dio pertsonaiari: «Ez dago boterearen menpe, ez da boterearen morroi, baizik eta ia-ia boterearen kontra egin behar duen norbait».
Lana utzi izanak ere beste ikuspuntu bat emango dio pertsonaiari: «Ez dago boterearen menpe, ez da boterearen morroi, baizik eta ia-ia boterearen kontra egin behar duen norbait»
Aldaketa horrek ikerketa berria erabat baldintzatuko du, ez baitu Ertzaintzaren azpiegitura lagun izango. Halaber, aukera emango dio «politikoki horren zuzena ez izateko», zuzendariak azaldu duenez. Trama «urbanoagoa, ilunagoa, zikinagoa ere» bada, Almandozen hitzetan.
«Guztiz beltza da», baina «botererik ez dutenek» ikertzen dutena. Nerea Garcia Ertzaintzaren tresnarik gabe moldatzen ikusteak interesgarriago egin du pertsonaia, zuzendariaren arabera: «Moralki pertsonaiak askoz ere zalantzagarriagoak dira, eta horrek mesede egiten dio horrelako istorio bati.
«Beste Bilbo bat» erakutsiko du telesailak, ibaiaren ertzetan hedatzen diren auzo eta herriena, erdiguneko argiak urruti geratzen zaizkiona: «Nerea beti ibiliko da auzoetan eta beste pertsonaiek eta tramek ere auzo kutsu hori izango dute».
Euskararen alde apustu
Txintxua Films ekoiztetxeak berriz egin du euskarazko produktu baten alde. «Egia da euskaraz egiten dugunean muga batzuk aurkitzen ditugula, horietako bat da ez daudela horrenbeste aktore edo gidoilari, baina geroz eta gehiago, daudenak oso onak dira», Fernandezen hitzetan, eta anbizioz mintzo da proiektuaz, «kalitate handiko» produktua izango dela seguru baitago.
«Daukagun denbora diruaren araberakoa da, oraingoan gehiago daukagu bietatik, baina nahi beste ez, beti bezala», adierazi du ekoizleak, anbizio horren adierazgarri.