INFO

Desfile osteko konfeti txatxuak


Orain urte gutxira arte, dokumental gehienak atal bakarrekoak izaten ziren. Telesailak atalka zatikatzen direnez –eta arrakasta hortik etor daitekeelakoan– azken urteotako dokumental ugari horrela antolatu dira. Ikus-entzunezkoaren mesedetan egiten da ala audientzia harrapatzeko amarrua da?

Azken hilabeteotako dokumental guzti-guztiak aztertu beharko banitu, eta batez besteko bat egin, jaurti dudan galdera horri erantzun irmoa emango nioke: plataforma digitaletan estreinatzen dituzten dokumental lan asko txiklea bezala luzatzeko helburuz zatikatzen dituzte, eta hori nabarmena da oso.

‘True crime’ generoa modan dagoenetik, Netflixera iritsi diren lan ugarirekin antzeman daitekeen zerbait da adibidez, atal asko soberan baitaude; egiturak ez daude landuak eta muntaia lanak presentzia gehiegi izaten dute, efektismo errazean eroriz.

Sarritan, aukeratzen dituzten gaiek edo kasuek ez dute hainbesterako ematen eta luzeegiak izaten dira. Dokumentala amaitu eta «hau 90 minututan azaldu zitekeen zerbait da» esaldia buruan bueltaka gehiegitan izan dut azken boladan.

Edukiak zatikatuak ikustearen joera hori ez dut batere gogoko, argi dudalako ez dela sormenaren mesedetan egiten, audientzia harrapatzeko helburuz baizik.

Desfilea amaitu ostean konfeti txatxuak bota nahi izan balituzte bezala.