INFO

Esplorazioaren bidetik, euskal talde batek Mun Brakk II mendian ekarpena egin du

Josu Linazak, Ekaitz Maizek eta Markel eta Oier de la Fuente anaiek igo gabe zegoen 5.430 metroko mendian (Karakorum) “Izar gorri, mamuon betiko argi” bidea (M4, 7b, 1.140 m) zabaldu dute. Alpinistok bi ekinaldi behar izan zituzten.

Euskal espedizioak Mun Brakk II mendian sortutako ibilbidea. (Ekaitz MAIZ)

Karakorumeko mendilerroan (Pakistan) dagoen Sosbun glaziarraren ingurumarian dauden mendien eta erpinen inguruko informazioak hutsune handia du. Horrekin adierazi nahi dugu hain preziatuak diren “altxor” horien inguruko berririk ia ez dela existitzen. Hortaz, esplorazioa bilatzen duenak egundoko aukera zabala du aurretik.

Hori gertatu zaio euskal espedizio bati. Laukote batek apustu sendoa egin du udara honetan, eta emaitza eder batekin itzuli da etxera. Ekaitz Maiz etxauriarrak, Josu Linaza igorreztarrak eta Markel eta Oier de la Fuente anaia elorriarrek arrakasta lortu zuten igo gabe zegoen erpin batean. Hots, Mun Brakk II mendian (5.430 m). Bi ekinaldi behar izan zituen laukoteak, eta, azkenekoan, Maizek eta Markel de la Fuentek aukera izan zuten aurreko lana biribildu eta “Izar gorri, mamuon betiko argi” bidea sortzeko. Lan eskerga egin eta gero, bide berri horrek honako datuak eskaintzen ditu: M4, 7b eta 1.140 m.

Argazki zahar gutxi batzuk eta iaz Poloniako espedizio batek eginiko espedizioaren inguruko informazioa. Soilik hori zuten esku artean. Abentura ziurtatuta zuten. Kanpaleku nagusia haranaren erdian altxatu zuten. Hurrengo urratsa, berriz, balizko helburuak zehaztea. Eta hirugarren egunerako, bederen, bat aukeratu zuten: Mun Brakk II mendia. Igo gabe zegoena.

Azken eite horrekin oso motibatuta zeuden, eta, gainera, aurrez aurre zuten xedea oso erakargarria eta estetikoa zen ibilbide berri bat zabaltzeko. Aldez aurretik eginiko azterketen arabera, mila metroko orratz zorrotz horrek, itxuraz, arroka ona zuen, baina batez ere segurua zirudien. Izan ere, luizien aztarnarik ez zuten ikusi.

Hormaren oinarrian lehen kanpalekua antolatu zuten, eta lehenbiziko lanak puntu horretara tresneria garraiatzea izan zen. Hasieran, eguraldiak ez zien asko lagundu, baina lehen egunetan erlaitz batera eramaten zuen sekzioan aukera izan zuten soka finko batzuk jartzeko. Tarte horretan arroka ona nagusitu zen, baina arrakala batzuk zikinak zeuden eta euren buruak aseguratzeko komeriak izan zituzten. Erritmo lasaiarekin aipatutako erlaitz horretara heldu ziren.

Ondoren, eguraldiak okerrera egin zuen eta hamar egunez helburura joateko aukerarik ez zuten izan. Eguraldi leiho on bat heldu eta berriro martxan jarri ziren. Euskal alpinistok pronto zeuden kilometro bateko marra berria irekitzeko eta tontorra zapaltzeko. Baina ezuste galanta izan zuten: 400 metrora zirela, bigarren kanpalekuaren gainetik zegoen luze batean, zulagailua hondatu zen. Aseguratzeko leku aproposik ez zegoenez eta bilerak ekipatzeko aukerarik ez zutenez, jaistea erabaki zuten. Alabaina, itzultzeko asmoa zutenez, tresneria paretan utzi zuten.

Zorionez, ordezko zulagailu txikiago bat eraman zuten. Bi eguneko atsedena hartu eta gero, Maiz eta Markel de la Fuente bigarren eta behin betiko ekinaldian sartu ziren. Horma horretan hiru eguneko lan eskerga egin eta gero, sokada horrek “Izar gorri, mamuon betiko argi” bidea biribildu eta gailurra zapaldu zuen.

Lan eskerga

Arrakasta izan zuten bigarren saialdian bikote horrek hainbat tarterekin buruhausteak izan zituzten. Batez ere, mistoko luzeen azpian dauden beste batzuekin. Eta hori diogu elurtegiek erabat bustita uzten zutelako arroka. Hortaz, tentsioa eta zalantzak nagusitu ziren. Sekzio hori gainditu bezain pronto, egoera bere onera itzuli zen.

Bestalde, protagonistok onartu dute ordezko zulagailua ondo kudeatzea oso garrantzitsua izan zela; izan ere, bateriak soilik 18 parabolt jartzeko aukera ematen zien. Eta aurretik hamabi luze zituzten.

Oro har, mila metroko bide berri horretan ez dute tresneria finko asko utzi. Bigarren kanpalekura arte, parabolt baten bat, iltze batzuk eta bilerak bi txapekin. Bigarren kanpalekutik aurrera, berriz, progresiorako bi parabolt eta bilerak txapa eta iltze banarekin.

Aurreratu dugunez, Maizek eta Markel de la Fuentek hiru egun behar izan zituzten lan guztiak biribildu ahal izateko. Tontorrera arratsaldeko lauretan heldu ziren, eta egun berean hirugarren kanpalekura rappelatu zuten. Onartu dute jaitsiera ez zela batere erraza izan. Bederen, soka trabatzeko balizko mamuarekin ez zuten arazorik izan. Soka finkoetara iritsi bezain laster, egoera aldatu eta askoz ere lasaiago jaitsi ziren.