Egia frogatzetik aitortzarako bidean, ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’
Ander Iriartek eta Amaia Merinok elkarrekin zuzendu duten lehendabiziko filma da ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’. Tamara Muruetagoienaren historia kontatzen du, torturaren ondorioz hil zen bere aita, eta alabak aitortzara egindako bidea jaso dute.
Atean kax-kax jotzearen moduko lana da beraiena, Amaia Merino zinema zuzendariarentzat: «Gure lana bada kax-kax atea jo eta esatea: ezin da beste alde batera begiratu, hau guztia gure izenean egin zen nolabait, Estatuak edo Poliziak egin zuen, eta bere hizki guztiekin izendatu behar da». Ander Iriarte zinema zuzendariaren ustez ere, gizartean zirrikituak ireki eta tabuak deuseztatzeko balio du beraien lanak. Atzo aurkeztu zuten bien artean zuzendutako film berria, “Indarkeriaren Oihartzunak”. Tamara Muruetagoienaren historian jo zuten kax-kax, barrua parez pare ireki eta orain Zinemira Sailean leihaketatik kanpo dago.
Muruetagoienatar biren historia kontatzen du filmak, Oiartzungo medikua zen Esteban aitarena eta Tamara alabarena. Alabaren ahotsetik eta gorputzetik kontatuta dago istorioa, txikitako oroitzapenak, aitaren inguruko egia jakin zueneko gogoetak, eta ondorenera egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeen alorrean egindako ibilbidea. «Geratzen direnak biktima gisa aitortzeko ahalegina» egin dutela aipatu zuen Iriartek, Giza Eskubideen Zinemaldian filma aurkeztu zutenean. Merinok ere hori gogoratu du: «Biktimak ez dira bakarrik hildakoak, senide, ondorengo eta lagunak ere badira».
Tamararen lehen planoa Adur Larrearen animazioekin tartekatuz osatzen da 59 minutuko filma. Hasiera batean film labur bat egiteko asmoa zutela aitortu du Iriartek eta «planteamendu klasikoarekin» abiatu zutela proiektua. Tamararekin elkartzerakoan, ordea, ez zuten zalantzarik izan 30 minutu baino gehiago behar zituztela: «4-5 orduz egon zen hizketan, eta berehala pasatu zitzaigun. Tamarak badu zerbait, hausten dituela normalean gai honen inguruan izaten diren tabu estetiko eta ideologiko asko. Bera jarri eta entzun, ez genuen ezer gehiago behar».
«Biktimak ez dira bakarrik hildakoak, senide, ondorengo eta lagunak ere badira»
Grabaketaren gakoa «konfiantzazko gune bat sortzea» izan zen, Merinoren ustez. Horrelako lanetan bi gorputzetan gorpuzten dela kontatu du Iriartek: «Zoritxarrez maiz pasatzen zaiguna da, horrenbeste denbora daramagula istorio gogor hauek entzuten, bi gorputzetan gorpuzten zarela. Hozten ikasten eta filmean bakarrik pentsatzen ikasten duzu, sentimenduak albo batera uzten. Baina hurrengo egunean muntaketa ikusten ari naizenean eta nire buruari baimentzen diodanean sentitzea, hunkitu egiten naiz. Niretzat garrantzitsua da bigarren parte hori ez haustea, ez izateko kronika beltzen automata bat, eta gogoratzeko zergatik egiten dugun hau».
Egia, erreparazioa
Euskal gatazka deiturikoan esperientzia duten bi zinemagile dira Merino eta Iriarte. Haien ustez, orain arteko lanetan asko zentratu dira biktimengan, baina oraingoan «geratu direnei» bide eman nahi izan diete; izan ere, gaur-gaurkoz oraindik ere aitortza lortzea ez da batere samurra, Tamarak berak ez du eskuratu, esaterako. «Leku egin nahi genion aitortzari, ez bakarrik gertatutakoa frogatzeari. Konturatu ginen ez dela bakarrik egia den edo ez den, norberaren mina ere badagoela». Eta aurreko lanetan, artxiboko irudiek eta datu objektiboek pisua hartu bazuten, honetan bizipenak hartu du: «Berari entzunda bakarrik badakizu hori bizitu duela».
Merinoren arabera, Tamararen ibilbidea «eraginkorra» da beraien asmoak adierazteko: «Justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen ikuspegitik ibilbide luze bat izan du Tamarak, eta hori oso iraultzailea eta eraginkorra da». Horretan jarri dute fokua. «Hemen gatazka itsusi, mingarri eta luze bat izan dugu, eta bada momentua enpatia gutxirekin begiratu dugun horri enpatia handiagoarekin begiratzeko. Eta begirada hori oso zabala da».
Eragina gizartean
«Gatazka bukatu zenean, gauza konplikatu asko zeuden hitz egiteko, batez ere ezker abertzalearen inguruan. ‘Asier ETA biok’ edota ‘Echevarriatik Etxeberriara’ lanekin gauza batzuk mahai gainean jarri genituen. Ez dut esango gizarteak horri esker hitz egin dituela gauza asko, baina nik uste dut bere momentuan tabuak hautsi genituela», gogoratzen du Iriartek.
«Nik sinetsi nahi dut egiten dugunak gizarteari ekarpen bat egiten diola, eta ari garela zirrikitu batzuk baino pixka bat gehiago irekitzen», hausnartu du, azken urteetako errepasoa eginez.
Enpatiaz jokatzeko garaia da Merinorentzat, eta zinemagintzan ekarpen bat eta bide bat egin daitekeela uste du: «Niri galdera sakonak egitea gustatzen zait, besteren lekuan jartzea. Eta ulertzen ez dudana erantzuten saiatzen naiz beti. Niretzat zinemagintza erronka bat da, eta hau ere hala izan da». Fokuetatik harago sortzen duen oihartzunari begiratu behar.