INFO

Glamourraren Donostian, Etxegarai eta Gaminderen sendotasuna nagusi

Txapelketa guztian bezala, oñatiarra eta Laukizkoa arerioen gainetik izan dira eta partidarik galdu gabe jantzi dituzte txapelak, finalean Arrizabalaga eta Bergarari 22-12 gailenduta.

Gaurko finaleko sari banaketaren irudi bat. (EMAKUME MASTER CUP)

Zinearen artisten distirak hartutako Donostian, uda osoan zehar Euskal Herriko hamaika pilotalekutan antzeztutako gidoiari jarraituz, Madalen Etxegaraik eta Arrate Bergarak Udako Mastersaren txapelak jantzi dituzte euren jokoaren sendotasunari esker. Finaleko tantorik txalotuenak Olatz Arrizabalagarenak izan badira ere, hasi eta buka, urdinek partidaren aginte makila euren eskuetan izan dute eta hamaika ahaleginen ostean, elkarrekin jantzi duten lehen txapela izan da honakoa. Urrutiegira joan gabe, txapelketa honetan bertan hirugarrenez aritu dira aurrelari gipuzkoarra eta atzelari bizkaitarra eta, duela bi urteko finalera heldu ostean, aurten txapelak bururatzea lortu dute, euren jokoan izandako garapenaren ispilu.

Finalaren gidoiak ez du azken orduko ezustekorik ekarri eta lehen pilotakadatik Arrate Bergara zigortzen saiatu dira Etxegarai eta Gaminde. Laukizkoa izango da, gaur egun, atzeko koadroetako atzelaririk indartsuena eta, gaur ikaragarrizko zuloak ireki ez dituen arren, sarri erakutsi dio bizkarra aurkariari eta apenas galdu du pilotarik. Hortxe egon da finaleko alderik handienetako bat, egindako akatsetan, urdinek akatsik apenas egin duten bitartean, Arrizabalaga eta Bergarak behar baino gehiago bota baitituzte.

Arrizabalaga, oldarkor

Aurrelari gernikarrak ez du onartu nahi izan aurkariek beretzat nahi zuten bigarren mailako aktorearen papera, eta partida luzatzeak mesederik egiten ez ziela jakitun, oldarkor aritu da lehen momentutik eta horrek ere eragin ditu gorrien zenbait akats. Atzelariari laguntzeko pilota zailetara sartu behar izan du eta erritmoa aldatzeko ere arriskuak hartu behar izan ditu erasoan.

Hori bai, borrokarako grinarik ezin ukatu Arrizabalaga eta Bergarari, lehen txanpan partida oso zail jarri bazaie ere –10-3 joan dira atzetik– ez diote partidari aurpegirik galdu. Hortxe etorri da gorrien partidako unerik onena, sakea eta euren gustuko pilota bat eskuratuta, bi tantora gerturatzea lortu baitute. Bikain aritu da tarte horretan Arrizabalaga, lehen pilotakadatik aurkariak behartu eta errematean zorrotz.

Hala ere, ez dira partida orekatzeko gai izan eta, pixkanaka-pixkanaka urdinek berriz ere hautsi dute markagailua. Gamindek atzean izandako nagusitzaz harago, azpimarratzekoa da Madalen Etxegaraik jokatutako final handia. Parean zirkuituko aurrelaririk arriskutsuenetako bat izan arren, oñatiar gazteak sekulako partida, eta txapelketa, jokatu du. Oso serio aritu da txantxikuarra, pilota ondo atzeratuz, tokatu zaionean defentsa handia erakutsiz eta tantoak amaitzerako orduan ere postura oso politak erakutsiz.

Arrate Bergarari dagokionean, finaletan esperientzia handirik ez duela eta parean egokitu zaion arerioa kontuan izanda, ezin esan partida txarra jokatu duenik, ondo defendatu da, baina azkenerako amore eman behar izan du ezer oparitu ez dioten bikote baten aurrean.