Eli Pagola Apezetxea nagusitu da Elgoibarko saioan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak aurrerra darrai eta, igande honetan Elgoibarren jokatutako saioan, Eli Pagola Apezetxeak bildu ditu puntu gehien. Eneko Araiztegi eta Iñaki Apalategi izan ditu atzetik.
Eli Pagola Apezetxea nagusitu da igande honetan Elgoibarren jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioan. Lan puntuagarri guztiak amaituta, bertsolari hernaniarrak 487,5 puntu pilatu ditu eta, beraz, final-laurdenetarako zuzeneko txartela lortu du. Zehazki, urriaren 26an Azkoitian jokatuko den saioan ariko da Pagola.
Bigarren postua Eneko Araiztegi Agirrek eskuratu du, 454,5 punturekin, eta gertu izan du hirugarren egin duen Iñaki Apalategi, 451,5 punturekin. Unai Izagirre Etxeberria (446 puntu), Libe Goenaga Arrieta (436) eta Uxue Fernandez Lasa (430) sailkatu dira ostean.
Saioa Elgoibarko Herriko Antzokian jokatu da eta gai-jartzaile lanetan Olatz Zuazubiskar aritu da. Saio honetako epaileak, aldiz, Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Zigor Leunda Eizmendi izan dira. Idazkari lanetan, azkenik, Aratz Irazustabarrena Garmendia aritu da.
Hurrengoak: Hondarribia eta Andoain
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak datorren asteburuan izango du segida, beste bi saiorekin. Larunbatean, irailak 28, Hondarribiako Itsas Etxe auditorioan, eta bertan ariko dira bertsotan Ane Beloki Lopez, Aratz Igartzabal Bidegain, Eneritz Artetxe Eizagirre, Maddi Aiestaran Iparragirre, Oier Aizpurua Olaizola eta Unai Gaztelumendi Arandia.
Igandean, aldiz, Andoainera iritsiko da txapelketa: Aitor Salegi Martija, Andoni Mujika Izagirre, Endika Igarzabal Murua, Eñaut Martikorena Lizaso, June Aiestaran Iparragirre, Manex Mujika Amunarriz ariko dira norgehiagokan, Bastero kulturunean.
Sarrerak, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai; baita antzokietako txarteldegian saioaren egunean bertan ere, aurretik agortu ez badira.