INFO

Olabek «denbora» eta «pazientzia» eskatu ditu Realak azken urteetako martxa berreskura dezan

Realeko futbol zuzendariak Imanol Alguacil berretsi du entrenatzaile kargurako eta jokalarien lanean eta talentuan ere konfiantza izateko eskatu du. «Etxeko» jokalariengan ere ezarri du bere uste osoa iritsi berriak egokitze prozesua burutzen duten bitartean.

Roberto Olabe, Realeko futbol zuzendaria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nizaren aurka Europa Leagueko aurreneko jardunaldia prestatzen ari da Reala. Asteazken gaueko 21.00etan nahikoa lan izango du Imanol Alguacilen taldeak, hori baita uneotan premiazkoena txuri-urdinentzat. Nolanahi, emaitza onen bat eskuratuko balu talde donostiarrak denboraldi hasiera triste honi poz apur bat emango lioke.

Aurreneko zazpi jardunaldien ostean, Realak bost puntu baino ez ditu pilatu eta orotara hiru gol bakarrik sartu ditu. Ez dira, ez, paparra puztuta aritzeko moduko zenbakiak, baina horrekin lan egin beharko du aurrera egingo badu. Halakorik eskatu du astearte goizeko «gosari klandestinoan» –ez bideokamera, ez grabagailu, ez argazki kamerarik onartu ez den gosaria– Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariak. Alegia, «futbolean ezin duzu denbora eta pazientziarik eskatu, baina horixe da behar duguna», adierazi duela.

Talde donostiarrak uda honetan hainbat aldaketa burutu ditu, batez ere bere aurreneko taldean. Jokin Aperribay presidenteak berak ere Reala «liburu berria idazten hasi» dela bota du egunotan eta Olaberen diskurtsoa ere bide horretatik joan da. Hargatik, jokalari gazteen talentua eta bilakaera prozesua ondo joango denaren uste osoa erakutsi du, baita, halaber, prozesu hori gidatzeko pertsonarik egokiena Imanol Alguacil entrenatzailea dela.

«Ez dago Imanol baino pertsona aproposagorik hau aurrera ateratzeko. Kazetariei aurrez esan zizuen lasai zegoela, eta ez nuke plantarik egiten ari denik esango», azpimarratu du. Onartu du, noski, denboraldi hasiera honetan Realak ez duela 90 minutuetan jarraian ondo jokatzen asmatu eta 2019az geroztiko hasierarik eskasena izaten ari dela onartu behar izan du ere, zer erremedio!

«Orduan dena ziren txaloak eta irribarreak. Orain, lasaitasuna eta nortasuna behar ditugu, egoera onartu eta aurrera egiteko. Uste osoa dugu gure lanean, entrenatzailean, jokalarietan eta dugun talentuan», adierazi du, nolanahi.

Gosaria kontrako eztarritik joateko arriskuan dabil uneotan Reala, Mikel Merino eta Le Normand galdu eta orain arte etorri diren fitxaketa berriak nahi bezalako errendimendurik ez baitute eskaini. Zentzu horretan, «etxeko» jokalariengan jarri du bere uste osoa taldearen lana zuzendu eta iritsi berrien errendimendua hobetzen laguntzeko orduan. «Etxeko jokalarien esperientzian; Alexengan –Remiro–, Igorrengan –Zubeldia–, Mikelengan –Oyarzabal–... sinesten dugu. Etxeko talentua sustatzen dugu eta, era berean, kanpokoa erakartzen dugu ere. Baina kanpoko talentu hori gaztea da eta etxekoen eskarmentuak lagundu behar digu», azaldu du.

Horri lotuta, aurtengo udan klubak fitxaketak lotzeko egin duen lanarengan ere uste osoa jarri du. Olaberen hitzetan, «taldeak aurten ez du aurreko urteetan egin dugunarengandik ezer desberdinik egin». Ondorioz, «pazientzia eta denbora» eskatzeko baliatu du aukera. «Etorri direnak moldatzeko behar dugu denbora eta pazientzia. Ondorioz, hiru lehiaketatan parte hartzeak mesede egingo digula uste dut», iritzi dio Realeko futbol zuzendariak.

Brais Mendez bueltan da

Hilabetez min hartuta egon ostean, Brais Mendez berreskuratu du Imanol Alguacilek Nizaren aurkako partidara begira. Ez da oriotarrak jaso duen albiste pozgarri bakarra, Javi Lopez ere deialdian sartu baitu. Aldiz, Hamari Traore, Arsen Zakharyan eta Sadiq Umar kanpoan geratu zaizkio.

Entrenatzaile gipuzkoarrak «ilusioz gainezka» dagoela adierazi du neurketa bezperako prentsaurrekoan. «Lehiaketa berri baten aurrean gaude, formatoa ere ezberdina du, baina guk ilusio aurreneko aldian bezala mantentzen dugu», azpimarratu du.

Nizaren aurka Europa League berri honi ekitea, berriz, «erronka polita» dela iritzi dio. «Kalitate handiko aurkaria izango dugu aurrean, ausarta benetan. Guretzat erronka polit bat izango da lehiari ekiteko», azaldu du.

Nayef Aguerd Realeko atzelari marokoarraren iritziz, «lehia gogorra espero behar dugu, ez gutxiago. Ez gara ondo hasi ligan, baina hona iritsi garenez gero, Realaren benetako maiula erakustea da gure helburua», nabarmendu du, nahiz eta «aurkariak dena ematera behartuko» dituela «baldin eta irabazi nahi badugu» gaineratu.

Bestetik, Franck Haisek zuzentzen duen taldeak Jeremie Boga, Terem Moffi, Morgan Sanson, Gaetan Laborde eta Hicham Boudaoui jokalariak min hartuta ditu. Ondorioz, entrenatzailearen aburuz, «Reala iaz Txapeldunen Liga jokatzetik dator eta partida honek esango digu zein den gure benetako maila».