‘Le Dernier souffle’, heriotzaren gaineko dramarik gabeko saiakera
Bizitzako azken uneak duintasunez bizitzearen aldeko aldarria da ‘Le Dernier souffle’, Costa-Gavrasek Sail Ofizialean aurkeztu duen filma. Mediku baten eskutik, zaintza aringarrietako unitate batean barneratzen du ikuslea, heriotzaren tabuari dramatismorik gabe heltzeko.
Heriotzari baino, bizitzaren azken arnasaldiei aurre egiteko moduari egiten dio erreferentzia Costa-Gravasek Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu duen ‘Le Dernier souffle’ filmak. Dramarik gabe, bizitza eta heriotza banatzen dituen muga horretan barrena gidatzen gaitu zinemagile greziarrak, zainketa aringarrien unitatean lan egiten duen mediku baten eskutik. Heriotzaren onarpena eta ukazioa, oinaze fisiko eta psikologikoen kudeaketa, gaixoaren eta familiaren nahien talkak, egia (edo egia erdia) komunikatzeko formulak eta, batez ere, heriotza duin baten aldeko aldarria gordetzen ditu filmak. Eta, hori guztia, dramatismoan erori gabe.
Heriotzaren tabua zulotik ateratzeko saiakera horretan bi pertsonaia aurkezten dizkigu Costa-Gravasek: Fabrice Toussaint da bata, ‘orbain bat’ aurkitu dioten ospe handiko idazlea, eta Augustin Masset, zainketa aringarrietako medikua. Azkenaren eskutik, heriotzaren atarian dauden pertsonen bizipenak ezagutuko ditu idazleak. Filmak Regis Debray eta Claude Grangeren izen bereko liburua du oinarri.
Txalotua izan da filma, bai lehen emanaldiaren ostean eta baita prentsa aretoan ere. Bertan, Costa-Gavras garbia izan da: «Film hau egin dut, lehenik eta behin, interesatzen zaidan gaia delako, eta baita ere iristen ari naizelako adin batera non heriotzaren hodeiertza geroz eta hurbilago dudan, eta auzi hau aspaldidanik dut buruan. Lankide asko ditut hiltzen joan direnak, eta hasiera batean horrek inpresionatu egiten ninduen; orain, ohitu egin naiz. Beldurra eta izuaren artean edo duintasunez hiltzen gara», esan du 91 urteko zinemagileak.
Hausnarketa horiek buruan zituela, autoreetako batek liburua helarazi ziola kontatu du, eta gaia film batera eramateko aukera ikusi zuela. «Egiazko hainbat kasutan oinarritzen da eta horiekin zinema egin genezakeela ikusi nuen, pertsonaiak sortu, gertakariak traizionatu gabe. Ze, zinema, ikuskizuna da ezeren gainetik, emozioak sortu eta ikusleek gogoeta bideratzen duena», jarri du azpimarra.
Liburuari helduta idatzi zuen gidoia, eta zainketa aringarrietara hainbat bisita ere egin zituen. Bertan, gaixoak hartzeko bestelako modu bat ikusi zuela kontatu du, «ospitaleetan erizainak eta medikuak nahiko autoritarioak eta zehatzak izaten baitira, baina hemen maitasunez tratatzen dituzte, haurrak balira bezala, eta beraiek duten kezkari irtenbide bat eman nahi zaio beti. Aurkikuntza oso handia izan da niretzat», ebatzi du. Unitate horietan dauden gaixoak «bereziak» direnez, tratamenduak ere halakoa izan behar duela iritzi du.
Heriotzaren tabua
Heriotzaz mintzatzea ez duela gustuko ere aitortu du Costa-Gavrasek, «txikiak garenetik beldur ematen digun zerbait delako». Berak «bidaiaz» hitz egin nahi izan duela esan du, eta funtsezkoa «duintasunez joatea» dela berretsi du, «duintasuna guretzat eta hemen geratzen direnentzat; ez uztea beldur edo izu arrasto bat gure atzetik». Eta gertakari pertsonal bat ere kontatu du: «Pertsona oso hurbileko batek ‘ez nazazu joaten utzi’ esan zidan. Horrek beldurra ematen du, gurekin geratzea nahi dugulako baina... zer egin dezakegu? Ez dago gure esku. Gure burua prestatu egin behar dugu, sendo eta irribarre batekin, ezinbestekoa baita. Hori da niretzat filmaren zentzua».
Charlotte Rampling eta Angela Molina dira hilurren dauden pertsonaietako bi antzezten dituzten aktoreak. Biak izan dira prentsaurrekoan eta poza adierazi du Costa-Gavrasek, biek berehalakoan eman ziotelako baiezkoa. Eutanasiaren inguruko gogoetetan murgildu da hirukoa, onarpenaren beharrezkotasunean. «Estatuak ausartak izan beharko lukete, norbait puntu horretan badago eta ‘hil egin nahi dut’ esaten badu baldintza onenetan lagundu beharko litzaioke», bildu du Costa-Gavrasek.
Beren aldetik, Ramplingek filma «bizitzari egindako kantu bat» dela esan du eta Molinak, aldiz, prozesuaren irakaspena laburbildu du: «Costak erakutsi dit hiltzen, zoriontsu hiltzen ere bai».