INFO

Peio Etxeberria-Rezustak eraman dute sanmateotako finalerako lehen txartel garestia

Peña-Albisu 16-11 aurreratu diren arren, Aspekoek ez dute federik galdu eta lanaren bitartez garaipena eskuratu dute beste lehia gogor batean.

Beñat Rezustak iaz Ezkurdiarekin Logroñon lortutako garaipena errepikatu dezake, aurten Peio Etxeberriarekin. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta dira aurten oso garesti ordaindu diren sanmateotako finalerako lehen txartelen jabeak, beste partida oso gogor eta lehiatu batean Peña II.a-Albisuri 22-18 gailenduta. Ostiral gauez Artola-Salaverri / Zabala-Zabaleta partidako garaileak izango dituzte aurkari igandeko finalean.

Udaren amaierara pilotariak nekatu antzean iritsi ohi diren arren, aurtengo Logroñoko feriak partida estu eta lehiatuak eskaintzen ari da eta finalerdi itxura zuen gaurkoa ere ez da salbuespen bat izan eta 769 pilotakada gurutzatu behar izan dituzte garaileak erabakitzeko.

Lanaren bidez

Partida borrokatua izan da hasieratik, nahiz eta denborarik gehienean Peña-Albisu izan dira markagailuan aurretik joan direnak. Atzean nahiko seguru aritu diren bi jotzaile izan dira aurrez aurre eta aurrelariek tanto politak eta akatsak tartekatu dituzte. Lan erdietara, partida joan den bezala, Baikoko bikote gipuzkoarra alde polit batekin heldu da (11-7), gerora sei tantora ere luzatu duen aldea (14-8), baina Aspekoek ez dute amorerik eman, partida gogortu eta luzatzearen alde egin dute eta, azkenerako, aurkariek baino opari gutxiago egiteak garaipena eman die.

Gauzak horrela, Beñat Rezustak bere uda bikainari jarraipena eman dio eta iaz Ezkurdiarekin lortu zuen garaipena errepikatzeko moduan izan daiteke, kasu honetan Darioren ordez aritu den Peio Etxeberriarekin.

FITXA TEKNIKOA:

Peña-Albisu: 18

Peio Etxeberria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 769. Iraupena: 74 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 9-5, 9-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-8, 14-8, 14-9, 15-9, 15-11, 16-11, 16-15, 17-15, 17-18, 18-18, 18-22. Sakeak: 1  Peña II.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 5 Peña II.ak, 3 Albisuk, 6 Peio Etxeberriak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 8 Peña II.ak, 4 Albisuk, 6 Peio Etxeberriak eta 3 Rezustak. Gertakariak: Sarrera polita Logroñoko Adarraga pilotalekuan.