INFO

Getarian atun gorria hazteko bi kaiola jarriko ditu Aztik

Kantauri itsasoak instalazio berri bat izango du aurki: Itsas Balfego. 50 metroko diametroko bi kaiola handi ezarriko dituzte itsasertzetik 3.688 milatara, arrantzatutako hegalaburrak bertan mantendu, loditu eta egoki saltzeko asmoz. Kaiola hutsek negua nola jasaten duten frogatuko dute aurrena.

Hegaluzea deskargatzen, Getarian hartutako artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Itsas Balfego Kantauriar itsasoan kokatuko duten instalazio berri bat izango da: atun gorria kaioletan ezarriko dute, bertan hazi eta une egokia denean saldu ahal izateko.

Juan Bald Aztiko ikerlaria da. Hegalaburraren egoera ona dela azaldu dio NAIZ Irratiari. «Aspaldi momentu txarrak pasa zituen, baina orain stocka ondo kudeatu da eta egoera ona da. Arraina ugari dago eta kuota bat daukagu arrantza egiteko. Stocka ondo aurkitzen da eta aukera daukagu aprobetxatzeko».

Bi kaiola ezarriko dituzte udazkenean Getarian. 50 metroko diametroa dute, 20-30 metroko sakonerako sarea, eta berezitasun bat daukate: hondoratu daitezke, 15-18 metrotara arte. «Berria da hori, eta abantaila handia. Itsaso txarrak, ekaitzak badatoz, olatuen kalteak batez ere ur azalean izaten dira eta hondoratzen baduzu horretaz babesten dituzu arrainak».

Dena ongi badoa, 50 ale sartuko dituzte datorren udan

150 tona jaso ahalko lukete kaiolek, baina momentuz, froga honetan ez dira kopuru horretara iritsiko. «Dena ondo badoa, 50 ale sartuko ditugu 2025eko udan. Teknikoki eta biologikoki ikertu nahi dugu ea kultibo hau egin dezakegun ala ez, hemengo itsasoan, gure baldintzetan, ez baitira errazak».

Kaiola hauek itsasertzetik 3.688 milara egongo dira. «Distantzia eta kokapen hori aukeratu dugu batez ere ingurumenari begira, ondoan dauden habitatak eta biodibertsitatea ez kaltetzeko. Portu batetik gertu egotea nahi genuen eta, aldi berean, ingurumena babestea, adibidez, arroken gainean ez ipiniz, biodibertsitate handia dutelako. Hondo leunak bilatu ditugu».

Arrain urdina emango diete jaten batez ere, berdela edota sardina. Ez diete inola ere pentsurik emango.

Lehenik, froga teknikoa

Momentuz arrainik gabe ipiniko dituzte bi kaiola hauek Getariako kostaldean, teknikoki frogatu nahi dutelako nola pasatzen duten negua. «Orain etorriko dira itsaso txarrak eta ikusi nahi dugu nola jasaten duten, nondik apurtzen diren, ea gai diren hemengo itsasoa jasateko. Emaitzak onak badira, 2025eko udaran lehenengo 50 aleak sartuko genituzte, eta biologikoki aztertu arrainak eroso dauden eta ondo bizi eta elikatzen diren».

Atun gorriek migrazio handiak egiten dituzte, horregatik, kaiola hauek oso handiak dira, 50 metrokoak, eroso egoteko. Adibidez, dorada edota lupia hartzen dituzten kaiolak 15-20 metrokoak dira.

Negozio berri baten eredu

Negozio eredu berri baten eredu izan daiteke, izan ere, errentagarritasun handia dauka Mediterraneoan. «Hemen, ikusi behar dugu teknikoki zer nolako kalteak jasaten dituzten kaiolek, zer ordezkatu behar den, baita arrainak gizentzen ote diren ere, gero salmenta ona izateko. Teknikoki eta biologikoki ikusi behar dugu ea lortzen ditugun gutxienez Meditarraneoko parametroak».

Atun gorriaren eskaria berezia da. Adibidez, Andaluzian arrantzatzen den atun gorriak ez du lurra ukitzen askotan, arrantzatu eta zuzenean sartzen dute Japonia helmuga duten ontzi erraldoietan. Balfego enpresak esperientzia handia dauka merkatu honetan eta Asian dago proiektu honen helburua ere, Baldek baieztatu duenez. Ateratzen diren arrainak merkatu horretan sartzea da intentzioa. «Ondo ordaintzen dute, hegalaburra oso preziatua da han».

Kalamua ontzian, hegaluzetan

Igotz Garatea Lekeitioko Kalamua ontziko arrantzalea da. «Urte batzuk daramagu hegaluzeari eskainita, guri dagokigun hegalaburraren kuota saldu egin dugu-eta. Urteak dira ez dugula batere atun gorririk harrapatzen. Hegaluzetan gabiltzala, ikusten dugu badagoela atun gorria, baina gu hegaluzearen bila ibiltzen gara. Balfego eta Mediterranoan kaiolak dituzten enpresei saldu diegu kuota», agertu du NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

Atun gorria arrantzatuko balute, haiek orain dela urte asko eduki zuten arazo berdina sortuko litzaiekeela dio. «Kolpean arrain asko sartzen da merkatura, eta dirua asko jaisten da. Hortaz, guretzat hobeto da haiei saltzea».

«Kaiolekin arraina bizirik mantendu eta egoki dagoenean saltzen dute, denboran luzatu salmenta hori eta prezio on bat atera. Nahiko genuke guk geuk harrapatzea hegalaburra eta ondo aprobetxatzea, baina freskorako da, ez da hegaluzea bezala. Atun zuria kolpean asko ekartzen badugu kontserberek hartzen dute eta beste gauza bat da», adierazi du.

Kalamu ontzian, lehenbizi sarearekin karnata bizia hartzen dute kontu handiz biberoetan, gehiena antxoa, hor mantendu eta gero hegaluzearen bila doaz.

Getarian atun gorria loditzeko jarriko dituzten bi kaiolez duen iritzia galdetuta, hala erantzun du arrantzaleak: «Hemengo atun gorriaren kuota dena harrapatuta aprobetxatzeko horrelako zerbait egin behar da, Meditarraneoko moduan, baina duda asko dauzkat ea aurrera aterako den. Konplikatua iruditzen zait».

«Funtzionatuz gero, aukera ikusten dut kuotatik zatitxo bat guk harrapatzeko, ondo saldu ahal dena. Agian zer edo zer moldatu liteke gure arrantza, eta kaiolen negozioarekin uztartu».

Euskal Herriko baxurako arrantzari dagokionez, bospasei urte atzera begiratuta ondo ikusten du. «Lehenengo berdela hasten da martxoan, antxoa ere bai, zorionez biomasa asko dago eta nahiko altu dago antxoa. Gero, udan hegaluzea dator. Urte onak izan dira azkenak. Aurtengoa ez da izan hain ona, baina urtea atera dugu aurrera. Horrela segituz gero ez dut ikusten txarto», baloratu du.