INFO

‘Joker: Folie à Deux’ izango da Zinemaldiaren aurtengo film sorpresa

Todd Phillipsek zuzendutako eta Joaquin Phoenix eta Lady Gaga protagonista dituen ‘Joker: Folie à Deux’ izango da Zinemaldiaren 72. edizioko film sorpresa. Bi emanaldi izango dira larunbatean, Victoria Eugenian.

‘Joker: Folie à Deux’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko film sorpresa ‘Joker: Folie à Deux’ izango da, Arthur Fleck/Joker pertsonaiaren inguruko Todd Phillipsen pelikula berria. Veneziako Mostrako Sail Ofizialean programatu ondoren, Joaquin Phoenix eta Lady Gaga protagonista dituen filma larunbat honetan ikusi ahal izango da Victoria Eugenia Antzokian, bi emanalditan, 8:30ean eta 16:00etan.

Zinemaldiak 2019an berreskuratu zuen film sorpresa bat programatzeko tradizioa, eta ‘Joker’ izan zen, hain zuzen ere, orduan aukeratu zuten filma. Film horrekin, Todd Phillipsek Urrezko Lehoia irabazi zuen Venezian, eta Joaquin Phoenixek sari ugari jaso zituen, besteak beste, Oscar saria edo aktore onenaren Golden Globe saria. 

Film berrian, Arthur Fleck instituzionalizatuta dago Arkhamen, Jokerren identitatearekin hilketengatiko epaiketaren zain. Bere identitate bikoitzarekin borrokan ari den bitartean, benetako maitasunarekin topo egiteaz gain, beti berekin izan duen musika deskubrituko du Arthurrek.

Todd Phillips, 2009an ‘The Hangover filmarekin hasitako trilogiaren arduraduna, berriz ere gidoiaren egileetako bat da Scott Silverrekin (‘The Fighter’) batera. Phoenix eta Gagaz gainera, Brendan Gleeson, Catherine Keener eta Zazie Beetz ere agertzen dira, eta Oscar saria irabazi duen Hildur Guonadottir konpositoreak sortu du filmaren soinu-banda oraingoan ere. Phillipsek ere ekoizle lanak egin ditu, Emma Tillinger Koskoff eta Joseph Garnerrekin batera. Filma Warner Bros. Picturesek banatuko du eta nazioarteko emanaldiak urriaren 2tik aurrera izango dira.

2019az geroztik, Donostia Zinemaldiak honako film sorpresa hauek programatu ditu: ‘Joker’ (Todd Phillips, 2019), ‘Sportin’ Life’ (Abel Ferrara, 2020), ‘Spencer’ (Pablo Larrain, 2021), ‘Blonde’ (Andrew Dominik, 2022) eta ‘The Killer’ (David Fincher, 2023).