INFO

Koldobika Jauregiren omenezko ekitaldiak Alkizan, urriaren 4tik 18ra

Alkizako Udalak, herriko hainbat eragilerekin eta Ur Mara museoarekin batera, Koldobika Jauregiren omenez hainbat ekitaldi antolatu ditu urriaren 4tik 18ra. Ekitaldi nagusia hilaren 12an izango da.

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville Donostian, biek egin zuten erakusketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Alkizako Udalak, herriko hainbat eragilek eta Ur Mara museoak iragan ekainean hil zen Koldobika Jauregiren omenezko hainbat ekitaldi antolatu ditu urriaren 4tik 18ra. Ekitaldi nagusia hilaren 12an ospatuko da, herriko plazan.

Udalak ohar batean azaldu duenez, ‘Bizitza efimeroa’ lelopean, arte erakusketak, ‘Dantza’ filmaren emanaldia, argazki erakusketak, hitzaldiak eta beste izango dira. 

Hala, Koldobika Jauregiren gertuko artistek eskultura, pintura eta argazki erakusketa osatuko dute eta ikusgai egongo da Fagus Alkiza interpretazio zentroan urriaren 4tik 18ra..

Bestalde, Sormenaren Kabia bekan eta Ur Mara egonaldietan parte hartu duten artistek ere Jauregiren omenez erakusketa antolatuko dute. Eelizako arkupeetan egongo da ikusgai urriaren 11tik 13ra.

Urriaren 10ean, Fagus Alkiza interpretazio zentroan, ‘Dantza’ filma ikusi ahal izango da. Izan ere, Udalak gogoratu duenez, Telmo Esnal eta Juan Antonio Urbeltzekin batera «filma sostengatu zuten hiru hanketako bat» izan zen Koldobika Jauregi. Elena Cajaravillek eta Jauregik sortu zituzten filmaren atrezzoa, jantzien planteamendua zein dantzarien apaingarriak ere.

Filma proiektatu ondoren hitza hartuko dute Xabier Artolak eta Telmo Esnalek. Artolak ‘Dantza’ren filmaketan ateratako argazkiak bildu eta erakusketa sortu zuen. Hala, Koldobika Jauregiren bizialdia ospatzeko ‘Dantza’ren filmaketan bildutako argazkiak berriro ikusgai jarriko dira Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Gainera, Artolak eskultore alkizarraren bizialdiko eta artista ibilbideko hainbat argazkirekin bilduma osatuko du. Irudi horiek elizako arkupeetan proiektatuko dira urriaren 12an.

Urriaren 11n, bestalde, Antonio Casadoren hitzaldia izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Casado «Ur Mara museoa osatzen duen familia handiko kideetako bat da». 

Urriaren 12an egingo da ekitalldi nagusia, herriko plazan, 12.00etatik aurrera, eta ondoren bazkaria frontoian.