INFO

Libanon «berehalako» lurreko erasoa prestatzen ari da Israel; Hizbulah «prest dago»

Israelgo Gobernuak eta Hizbulah talde xiitak ziurtatu dute prest daudela Libano hegoaldean izan daitezkeen lurreko erasoaldietarako. Astebete darama Israelek Libano bonbardatzen, eta lurreko erasoa «berehala» izango dela zabaldu du ‘The Washington Post’ egunkariak.

Libano hegoaldeko Khiam hiria, Israelen eraso baten ondotik. (DPA/EUROPA PRESS)

Astebete igaro da Israel Libano hegoaldea bonbardatzen hasi zenetik eta dagoeneko mila lagunetik gora hil ditu, horien artean Hizbulah taldeko buruzagi nagusi Hassan Nasrallah eta beste hainbat komandante eta goi kargu. Milioi bat pertsonak beren etxeetatik alde egin behar izan dute azken egunotan Israelgo Armadaren eraso bortitzen eraginez.

‘The Washington Post’ egunkariak zabaldu duenez, Israelek lurreko erasoaldiari ekingo dio «berehala».

Kazeta horrek kontsultatutako funtzionario estatubatuarrak aipatu ditu iturri gisa, eta asteburuan Etxe Zurian AEBetako eta Israelgoo gobernuen artean izandako eztabaidetatik ondorioztatu dute erasoa berehala izango dela.

Funtzionario horiek adierazi dutenez, badirudi Israelek nabarmen murriztu duela erasoaldi plan horien irismena, eta Hizbulah-ren kohete jaurtigailuak, armategiak eta Israelgo iparraldeko komunitateak «arriskuan jartzen dituen» beste azpiegitura militar bat suntsitzea izango dute helburu, ondoren erretiratzeko.

‘The Washington Post’-en arabera, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren asmoa baieztatu diote Israelgo iturriek egunkariari.

Oraingoz, Israelek bere indar berezien unitate batzuk zabaldu ditu Libano hegoaldean, eskala handiagoko lurreko erasoaldi baterako prestatzeko.

Hizbulahk, bere aldetik, lurreko erasoaldi bati aurre egiteko prest dagoela adierazi du.

«Badakigu borroka luzea izan daitekeela eta alternatibak zabalik daudela guretzat. Israeldarrek lurretik sartzea erabakitzen badute, erresistentziako indarrak lurreko borrokarako prest daude», esan du Naim Qassem Hizbulahko buruzagiak, taldeko agintari goren batek Nasrallah hil ondoren egindako lehen adierazpenetan.

Quassemek ohartarazi duenez, «erresistentzia prest dago lehorreko eta etsaiaren arteko borrokarako», eta ziur agertu da Hizbulah «garaile» aterako dela, azken urtean Israelekin izan dituen liskarretan galera handiak izan dituen arren, batez ere azken egunotan.

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak AEBetako hedabideek «berehalako» lurreko eraso militar bati buruz argitaratutako informaziak hauspotu ditu.

«Hizbulahren aurkako gerraren hurrengo fasea laster hasiko da. Segurtasun egoera aldatzeko faktore garrantzitsua izango da eta desplazatutako pertsonak euren etxeetara itzultzeko misioa osatzea ahalbidetuko digu», esan du ministroak, azken urtean desplazatu diren 60.000 israeldar baino gehiagori erreferentzia eginez.

Nazioarteko erakundeek eta hainbat herrialdek, baita Libanoko Gobernuak ere, Israelen asmoez ohartarazi dute, eta Estatu juduaren hegoaldeko mugan, Gazako Zerrenda suntsitua dagoen lekuan, eragin duen sarraskia gogorarazi dute.

Beirutetik, Jean-Noel Barrot frantziar Atzerri ministroak Israeli eskatu dio «Libanon lurreko erasorik ez egiteko». Hizbulari ere eskatu dio «Ekialde Ertaina are gehiago ezegonkortzen duen eta eskualdean gatazka ekar dezakeen edozein ekintza saihesteko».