ELAk Hezkuntza sailari behin-behinekotasunaren aurkako neurri zehatzak eskatu dizkio
ELAk Hezkuntza sailari baliabide gehiago galdegin dizkio, Hezkuntza Publikoko behin-behinekotasuna gutxitzeko eta langileen lan kargak txikitzeko. Sektoreko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilbon.
ELAko Hezkuntza Publikoko ordezkariek elkarretaratzea egin dute baliabide gehiago eta behin-behinekotasuna eta lan kargak txikiagotu daitezen eskatzeko. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu dira.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenen harira egin dute elkarretaratzea. Izan ere, honek hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna %11n geratuko dela egonkortze prozesuen ostean adierazi zuen, baina bestelakoa da ELAk dauzkan duten datuek agerian uzten duten egoera: «Behin-behinekotasuna %30 baino handiagoa izango da».
Horren aurrean, ELAko sektoreko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilboko Hezkuntza Delegaritzan, hots, Lakuako Gobernuak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan, «hezkuntza publikoaren erronkei aurre egiteko baldintzak eta neurri zehatzak eskatzeko, adierazpenez haratago».
Izan ere, sektoreko behin-behinekotasuna %40 baino handiagoa dela salatu du sindikatuak, eta azpimarratu dutenez, «orain dela bi ikasturte abian jarritako egonkortze prozesuek ez dute behin-behinekotasuna %8ra mugatuko». Azaldu dute orotara 32.000 langile inguruk egiten dutela lan unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, eta horietatik 15.000 baino gehiago direla behin-behinekoak. Bada, egonkortze prozesuetan 5.000 lanpostu baino gutxiago eskeini dira eta, ondorioz, behin behinekotasunak %30ko langan jarraituko du, ELAren datuen arabera.
Gainera, ikasturtero 1.000 bat langilek erretiroa hartzen dutenez, lanpostu berriek erretiroei erantzuteko soilik balioko dutela iragarri du sindikatuak. Horrez gain, Hezkuntza Sailari leporatu diote 15 urtean lan baldintzak arautzeko akordioak adosteko borondaterik agertu ez izana.
Borondate falta horren adibide gisa aurkeztu dute Haurreskoletan jazotakoa, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi baitzuen sailak eskainitakoak baino 77 langile gehiago egonkortu behar zirela legea bete zedin, eta Hezkuntza sailak epaia bete ordez errekurritzea erabaki du.
Horrela, gaurko kontzentrazioan ELAk Hezkuntza sailari eskatu dio egoerari aurre egiteko neurriak aurkez ditzala negoziazio mahaian eta iragarritako datuen inguruko azalpenak eman ditzala. Iaz sektorean izandako lau greba egunak gogora ekarri eta bide beretik mobilizatzen jarraitzeko prestutasuna agertu du sindikatuak, Hezkuntza Sailak haien aldarriei jaramon egin ezean.