Euskotrenen hizkuntza eskakizunak kentzeko UGTren eskea baliogabetu du Auzitegi Nagusiak
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, UGTk inpugnatutako hizkuntza eskakizunak aurretik Euskotreneko hitzarmen kolektiboan ontzat eman zituenak dira eta, ondorioz, ez du demanda aurkezteko zilegitasunik. ELA sindikatuak eman du berria, eta poza agertu du erabakiagatik.
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Euskotrenen hizkuntza eskakizunen aurkako UGTren demanda. Izan ere, tren enpresa publikoaren hitzarmen kolektiboaren 50. artikuluak zehazten ditu lanpostu bakoitzerako hizkuntza eskakizunak eta, era berean, hitzarmenak berak euskara planari erreferentzia egiten dio, bertan jasotako irizpideei hitzarmenaren indarra emanez. Horren arabera, Euskotrenek euskarazko B2 maila eskatzen du hautaketa probetan.
ELAk berri eman duenez, Auzitegiak argi adierazten du egonkortze prozesuan barnebildutako euskara eskakizunak hitzarmenaren eta euskara planaren aplikaziotik eratorritako eskakizunak direla eta, beraz, enpresak legea behar bezala aplikatu duela.
Gainera, epaiak dio salaketa jarri zuen sindikatua, hau da, UGT, hitzarmenaren sinatzailea ere badela, baita Euskara Batzordeko partaide ere. Ondorioz, negoziazio kolektiboan ontzat emandako irizpideak epaitekietan inpugnatzea egozten dio.
Euskarak bizi duen egoera kontuan izanik, ELAk negoziazio kolektiboaren balioa azpimarratu du, «hori baita askotan euskara eta euskaldunon eskubideak bermatzeko tresna. Kasu honetan ere agerian geratu da euskararen normalizazioan hitzarmen kolektiboek izan dezaketen garrantzia. Zentzu horretan, ELAk bai Euskotrenen, bai bertatik kanpo negoziazio kolektiboa indartu eta euskara planak bultzatzen jarraituko du, are gehiago sektore publikoan», defendatu du.