Atef Abu Saif, Gazan gertatzen dena kontatzearen beharra
Gazan gertatzen ari dena munduari kontatzea zen Atef Abu Saifen helburua ‘Gazako egunerokoa ’(Elkar, ‘Jakin’ eta ‘Berria’) idazten hasi zenean. Biktimei izena eta aurpegia jarri die, guregana heltzen diren zifra hotzen atzetik sufritzen duten pertsonak daudela islatzeko.
Atef Abu Saifek ‘Gazako egunerokoa’ idatzi du Palestinako lurralde honetan gertatu dena munduari jakinarazteko. Idazlea da eta Aginte Palestinarreko Kultura ministroa izandakoa. Joan den urteko urriaren 7an Gazan zen eta han bizitakoa idazten hasi zen. Kronika horiek ‘Berria’-n argitaratu zituzten. 85 egun egon zen Gazan, toki batetik bestera, bonbetatik ihesean, noraezean. Egun horien kronika orain liburu moduan datoz, Elkar, ‘Jakin’ eta ‘Berria’-ren eskutik.
«Genozidioaren lekukotasun paregabea da», nabarmendu du ‘Jakin’-go erredakzio buru Xabier Eizagirrek gaur Andoainen egin duten agerraldian. Honekin batera, suntsiketa eta heriotza liburuaren ardatza badira ere, kronika bizi biziak direla azpimarratu du.
Zenbakiak eta izenak
42.000 hildako eragin ditu momentuz Israelek Gazaren kontra egiten ari den sarraskiak. Zenbakietatik haratago Atef Abu Saifek biktimen izena eta eta aurpegia zabaltzeko hautua egin duela azaldu du Eizagirrek. Harrien artean topatu duten gorpua Ali da, Jabaliako errefuxiatu eremuan arraultzak saltzen zituena. Abdelaziz zen beste bonbardaketa batean hildakoaren izena. Eta Awad zen hondakinetatik bururik gabe ateratako gorpua. Eta abar. Eta abar.
Izena eta aurpegia jarri dietenen artean kazetariak. 113 kazetari hil ditu Israelek Gazan.
Gazako Jabaliako errefuxiatu eremuan jaio zen Atef Abu Saif. Txikitatik okupazioa eta gerra ezagatu du. Aginte Palestinarreko Kultura ministroa izanda Ramallah-n bizi zen, Zisjordanian. Baina joan den urteko urriaren 7an Gazan zen, Ondarearen Egun Nazionala ospatzen zuten. Gazako familia bisitatzeko aprobetxatu izan nahi zuen bidaia eta 15 urteko Yasser semearekin joan zen. Palestinarrek ondareari garrantzi handia ematen diotela gogoratu du. Israelek berriz 4.000 urte zituzten estatuak suntsitu dituztela salatu du. «Afganistanen egin zuten gauza bera da. Antzeko kriminalak dira», nabarmendu du.
Atef Abu Saifen asmoa ez zen liburua bat idaztea, Gazan gertatzen ari zena munduari kontatzea baizik. Idazten hasi zen eta munduan zehar zeuden editoreei bidali zien idatzitakoa. ‘New York Times’, ‘The Washington Post’ edo ‘Le Monde’ gisako egunkarietara heldu diren idatzi horiek. ‘Berria’-ra ere.
Hitzekin borrokatzen duen herria
«Medikuek bonben erdian ere bere lana egiten jarraitzen dute. Idazleok eta kazetariok gauza bera egin behar dugu», esan du. Mahmud Darwish poeta palestinarraren hitzak gogora ekarri ditu: «Hitzekin borrokatzen duen herria gara».
«Publikatzen hasi nindutenean, Gazan jendea niregana hurbiltzen zen. Beraien istorioak kontatu nahi zituzten, gertatzen ari zena munduari jakinarazteko. Horietako asko hil dituzte. Ohore bat da niretzat liburua hau idatzi izana eta eskerrak eman nahi diet argitaratu dutenei. Bestela, jende guzti hau ahaztuta izango zen», azaldu du Atef Abu Saifek.
Bera ere hilko zutelaren beldurra sentitu zuen. Israelen erasoaren hasieran, sarraski latzenak eman zirenean. Hori ere idazteko idazteko motibazioa izan zen. «Hiltzen baninduten munduak nire berri izango zuen», adierazi du.
Dronak jendea hiltzeko
Israelek dronak nola erabiltzen dituen azaldu du Atef Abu Saifek. Jendearen aurpegiak filmatzen dituzte eta kontrol gela batera bidaltzen dituzte. Bertan, errekonozimenduari ekiten diote. Manifestazio batean parte hartu izana nahiko da kontrol gelan dagoenak hiltzeko agindua emateko. Hori gertatu da ere fitxatuta zeuden kazetariekin.
Nakba izan aurretik Palestinak laranjak eta irakasleak esportatzen zituela gogoratu Atef Abu Saifek. «Gaur Gazan ez dugu elektrizitaterik eta eskolak birrinduta daude. Ezin dugu irakasten jarraitu», nabarmendu du.