INFO

Palestinaren aldeko baraualdiak abiatu dituzte, larunbateko manifestazioen atarian

Altsasun ere baraualdiari ekin diote, hiriburuekin batera. (Aitor Karasatorre | Foku)

Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Altsasun baraualdiak abiatu dituzte ostegun honetan, Palestinarekin elkartasunean. Zenbait ekimenekin jarraituko du aurreikusita dagoen egitarauak: hitzaldiak, erakusketak, zine emanaldiak, kontzertuak...

 

Larunbat honetan bi manifestazio deitu dituzte, Bilbon zein Iruñean, duela urtebete abiatu zen genozidioa salatzeko. Jendetsuak izango direla aurreikus daiteke, aurreko mobilizazioek izan duten atxekimendua ikusita.

Bilboko hitzordua Jesusen Bihotzean da, 12etan (hasieran 11etan iragarri bazen ere). Iruñekoari dagokionez, Golem zinemetatik abiatuko da, 18etan. Sektore profesional ugarik bat egin dute deialdiarekin, aurreratu zutenez: osasun arloko langileak, hezkuntzaren alorrekoak, kirolariak, suhiltzaileak, abokatuak...