Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza, Azpeitiko Kilometroen izpiak
Kimu berria eta kimu zaharra elkarrekin izan dira Azpeitiko Kilometroak jaiaren hasiera ekitaldian, aniztasuna ipar. «Gu euskaldunok ezin gaitezke lasaitu, bestela ekaitz horrek zapalduko gaitu, herri zoragarri hau babesten jarraitu», egin dute dei Joanes Azpillaga eta Imanol Lazkano bertsolariek.
‘Izpiz izpi’ argitzen ari da Azpeitia. Eguzkilorearen babesean eta eguzkia lagun, Ikasberri Ikastolako komunitateak urte osoan izerdiz, auzolanean eta ilusioz prestatu duen egitaraua martxan da, denen gozagarri.
Mila boluntario baino gehiagoko taldea ibiliko da egun osoan lanean, dena ondo joan dadin. Azpeitia arnasgune bat da euskararentzat, eta laugarren urtez antolatu duten Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgunea izatea nahi dute.
Hiru ardatz nagusitan oinarritu dute festa, horiek baitira lortu nahi dituzten helburuak: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Lortutako etekin ekonomikoa balio horien inguruan herriko eragile guztiekin batera proiektu bateratu bat sustatzeko baliatuko dutela azaldu zion Alaitz Epelde ikastolako kideak NAIZ Irratiari.
Hasiera ekitaldian, ibilbide zabal eta oparoa egiten ari diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu eta eskertu dituzte, ederki islatzen dituztelako hiru ardatz horiek. Han izan dira Lakuako Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Pailazoak txalotzeaz gain, aho batez aldarrikatu dituzte euskara, herrigintza eta aniztasuna. Nabarmendu dute euskarak erronka handiak dituela eta hezkuntza komunitateak indarra egin behar duela haiei aurre egiteko.
Skapaie elektrotxarangak ‘Izpiz izpi’ abestia jo, eta Ikasberriko gaztetxoek lagundu diete musikariei dantzatuz. Miren Iturzaeta eta Mattin Arakistain ikasleek aurkeztu dute ekitaldia, eta Amagoia Osinalde Euskal Gorrak elkarteko kideak zeinu hizkuntzara itzuli du ekitaldi osoa.
Igor Aranbarri Ikarberriko Artezkaritza Kontseiluko kideak esan duenez, aurtengo Kilometroen urtean abiatu duten bidean jarraitzeko desioa dute, eta horretarako, ikasturte osoan erein duten hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea dute hurrengo erronka.
Urte osoan egindako lana eskertu die Nagore Alkorta alkateak ikastolako kideei, eta egiteko asko dagoenez, bakoitzak beretik horretan jarraitzeko deia egin du: «Nahiz eta beti izan den garrantzitsua euskararen alde egitea, bizi dugun testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa dela esango nuke».
Begoña Pedrosa hezkuntza sailburuak «gure hezkuntza sistemak bere eguzkilore propioa» behar duela aldarrikatu du, eta eguzkilore horretan Ikasberri ikastolak landu dituen ardatzak ezinbestekoak direla adierazi du.
Bertsolarien txanda izan da gero. Ikasberriren historiaren ari muturrak batzen dituzten bi bertsolari aritu dira kantuan: Imanol Lazkano, ikastolaren sorburuko laguntzaile fina, eta Joanes Azpillaga ikaslea.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak «euskara integraziorako ezinbesteko tresna» dela esan du batetik, eta gaineratu du «euskara babesten ez badugu herri gisa jai» dugula.
Balioetan oinarrituta, ekarpen eraikitzaileak egin
Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak ikastolen egitekoa zein den azpimarratu du: «Ikastolen balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitea. Euskaratik eta euskaraz. Eta horretan garela, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu».
Hortxe kokatu du Ikastolen zazpigarren batzarrean onartutako bide orria: ‘Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko’.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Ekitaldiaren une hunkigarrienetako bat Mari Azkue Ikastolako zuzendariak Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzako prestatutako hitzak irakurri dituenekoa izan da. Hona zati bat: «Euskaraz kontatu eta kantatzen dizkiguzue guztionak diren istorioak. Inor ere atzean utzi gabe, aniztasuna maitatuz… irria oparitzen duzue guztiontzat. Irriaren hizkuntza delako bihotzarena, buruarena eta eskuarena. Ekinean, ekin etengabean. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da zuen mezua. Herriz herri, herrigintzan ari eta ari den horrengandik hurbil, beti eskura, beti gertu. Eta guk horixe da, bihotz-bihotzez, eskertu nahi dizueguna. Urteak bete, abenturak bizi. Zer litzateke gure haurtzaroa, gure guraso aroa Pirritx, Porrotx eta Marimotots gabe? Ezinezkoa zaigu halakorik irudikatzea».
Hiru pailazoek, eskerrak eman eta jendea irriz eta dantzan jartzearekin batera, Txapasi itzuli diete Ikastolak beraiei egindako omenaldia. 78 urte ditu Txapasek, eta pailazoek goretsi dutenez, oraindik ere ostiralero joaten da Zarauzko Ikastolara ‘Iritsi da ostirala’ kantatzera.
Lekukoa Elgoibar ikastolari
Kalejiran egin dute Ikastolatik Azoka plazara arteko bidea guztiek, eta han, Kilometroetako zapi koloretsuekin osatutako pasilloan zehar egin dute aurrera pailazoek. Aurreskua dantzatu diete, beraiena den ‘Katu bi’ abestiarekin.
Aranbarrik Elgoibarko Ikastolako lehendakariari, Jon Lizarralderi, eman dio lekukoa jarraian.
Lau gune anitz martxan
47. Kilometroak jai honetan, lau gune zabaldu dituzte. Lehena, Azpeitiko Herriko Plazan. Bertan, gazteentzat Erronka probak antolatu dituzte, DBH3 eta 4. mailetako 340 gaztek eta 21 ikastolak parte hartzeko.
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gune lasaia ere bada lehen gunea.
Bigarren gunean, Esklabak eremuan, magia, karaokea, skate erakustaldia eta ‘Goazen!’-en emanaldia daude. Hirugarrenean, Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren egoitzan bertan, kontzertuak; Skapaie, Leherkaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia eta Janus Lester taldeenak, hain zuzen.
Laugarren espazioa, Loiola, aniztasunarena izendatu dute. Bertan ere kontzertuak dira nagusi, Urtz, Ro, Eraldatzen eta Trini Fox taldeenak, besteren artean.
Nabarmentzekoa da lau gunetatik hirutan puntu morea paratu dutela, ez delako inorako eraso matxista, LGTBIfobiko eta arrazistarik onartzen.
Aurpegi ezagun ugari ikusi ditugu, zapatilak jantzi eta kilometro batzuk egiteko gertu; Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, AEK-ko Aize Otaño eta Saioa Ballesteros, eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako bozeramailea tartean.
Izpiz izpi, euskara, aniztasuna, kulturartekotasuna eta herrigintza lantzeko deia egin digu Azpeitiko Ikasberri Ikastolak #Kilometroak jaian. Kide izango gaituzte ahalegin horretan @kontseilua pic.twitter.com/7vocOmotEL
— Idurre Eskisabel (@idurreski) October 6, 2024
Euskara, aniztasuna, herrigintza eta kulturartekotasuna oinarri, eta eguzkilorearen babesean, ‘Izpiz izpi’ ari gara Gipuzkoako ikastolen jaia ospatzen.
— Maddalen Iriarte Okiñena (@MaddalenIriarte) October 6, 2024
Azpeitia euskararen erdigune 47. Kilometroetan #IzpizIzpi pic.twitter.com/VrgVIjxlqZ
Gipuzkoako EAJko kideak ere bertan dira.
Ordezkaritza zabala izan dugu @kilometroak festan Azpeitian. Euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta herrigintza ditu ardatz aurten Gipuzkoako ikastolen jai handiak. #kmk24 #izpizizpi pic.twitter.com/i9H357lwiA
— EAJ PNV Gipuzkoa (@eajpnvgipuzkoa) October 6, 2024
Oraindik luzea da eguna, eta gozatzera animatu dute jendea antolatzaileek.