Euskal eskalatzaileek lau podium erdietsi dituzte Eskaladako Espainiako Kopan
Joan den asteburuan Sant Marti de Tousen (Herrialde Katalanak) jokatutako bigarren hitzorduan, seniorretan, Ainhize Belar eta Maddi Agirrek urrea eta brontzea eskuratu zituzten, hurrenez hurren. 18 urtez azpikoen mailan, Agirre urrearekin eta Manex Iñurrategi brontzearekin egin ziren.
Eskaladako eta Mendiko Kirolen Espainiako Federazioak (FEDME) Sant Marti de Tousera eraman zuen Eskaladako Espainiako Koparen bigarren etapa. Madrileko lehen hitzorduan bezala, Kataluniako herri horretan murru bera altxatu zuten. Eta, oro har, ekipatzaileek proposamen oso interesgarriak prestatu zituzten.
Euskal ordezkariei dagokienez, aurreratu behar dugu hainbat finalista egoteaz gain, lau podium erdietsi zituztela. Ainhize Belar eta Maddi Agirrek, adibidez, urreak lortu zituzten seniorretan eta 18 urtez azpikoen mailan, hurrenez hurren. Azken kategoria horretan, Agirrek garaipen handia sinatu zuen eta Manex Iñurrategik brontzea.
Seniorretan, aspaldiko partez, emakumezko euskal eskalatzaile batek urrea lortu du Fedme-k antolatutako zailtasuneko proba batean. Hamabi eskalatzaile lehiatu ziren maila horretan. Ainhize Belarrek irabazi zuen. Atxondarrak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen azkenaldiotan arrokan erakutsi duen sasoi ikaragarria. Sailkapen txandako hamabi eskalatzaileek gogor estutu behar zuten; izan ere, azkenak ziren lehiatzen eta ilunabarrean giroa hoztu zen. Belarrek proposatutako bide bat kateatu zuen, eta lehen postuan sailkatu zen Emily Charlotte Pescettorekin berdinduta. Maddi Agirre eta Ainhoa Uskola ere azken fasera igaro ziren. Azken bi lehiakide horiek, berez, 18 urtez azpikoen mailakoak dira.
Final horretan, berriz, Euskal Mendizale Federazioko ordezkari bizkaitarra indartsuena izan zen; tarte txiki bat atera zion bigarren sailkatuari, Pescettori. Agirrek lan oso ona egin zuen kategoria horretan, eta hirugarren postuarekin egin zen. Uskola seigarrena izan zen. Gizonezkoetan, berriz, euskal ordezkari bakarra ikusi zen finalean: Joanes Esparta. Bilbotarra sailkapenean zein finalean nahiko erregular egon zen. Azkenean, bosgarren postuarekin egin zen.
Beste bi
18 urtez azpikoen kategorian, denera, 49 eskalatzaile lehiatu ziren. Arestian aipatu dugu Agirrek seniorretan lortutako brontzea. Bada, bere mailan ordiziarra aise gailendu zen. Hortaz, erregulartasunaren zirkuituko azken hitzorduan bi domina lortu ditu. Gutxigatik bada ere, Uskolak ezin izan zuen podiumeko postu bat sinatu; laugarrena izan zen. Eta beste euskal finalista bat, Elur Arteaga, seigarren postuan sailkatu zen. Mutiletan, Iñurrategi bosgarrena izan zen sailkapenetan. Finalean, aldiz, eraginkorragoa izan zen, eta bigarren sailkatuarekin, Lucas Perezekin, berdindu zuen. Baina azken horrek sailkapenetako bideetan hobeto jardun zuenez, gipuzkoarrak brontzea ekarri du etxera.
Bestalde, 16 urtez azpikoen mailan, beste bi euskal finalista egon ziren: Udane Mugika eta Ines Allende. Sant Marti de Touseko hitzordu horretan 31 neska lehiatu ziren sailkapenetako bi bideetan. Allendek, adibidez, lan bikaina egin zuen bide bat kateatzen eta bestean nahiko goian erortzen. Horri esker, finalera hirugarren postuan igaro zen. Baina, azken txanda horretan ez zen oso fin ibili eta zazpigarren postua erdietsi zuen. Mugika laugarren lehiakide onena izan zen sailkapenetan (top bat), baina bere kideak bezala finalean atzera egin eta seigarren postua sinatu zuen. Mutilen artean ez zen euskal finalistarik egon.
Amaitzeko, 14 urtez azpikoetan, nesketan ez bezala, mutiletan euskal selekzioak ordezkari bat sartu zuen finalean: Lur Guenetxea. Mutiletan eskalatzaile askok parte hartu zuten: denera, 40 lehiakide izan ziren. Guenetxeak zortzigarren postua lortu zuen sailkapenetan. Finalean, berriz, hobeto eskalatu zuen eta seigarren postuarekin egin zen.