INFO

«Zergatik ez zenuten ezer egin?», genozidioaren aurka biraltasuna lortu duen bideo turkiarra

‘Genozidiaren Museoa’ Berlinen, bideoan irudikatzen den egungo sarraskiaren ondorioetako bat. (NAIZ)

‘2040, genozidio palestinarraren oroitzapena’ iragartzen duen bideoa birala bihurtu da sare sozialetan astearte honetan, Euskal Herrira ere iritsiz. Lan honetan orduko haurrek galdera luzatzen diete guraso eta aiton-amonei: «Zergatik ez zenuten ezer egin».

 

Sinatu gabeko lana da eta horrek nahasmena sortu du. Efe ajentziak zabaldu duenez, Turkiako Gobernuak ekoiztu du. Bertako arduradunek baieztatu diotela azaldu du.

Bideoa 1:55 minutukoa da, eta Seattleko (Ameriketako Estatu Batuak) 2040ko telebista-kate baten ustezko albistegiarekin hasten da. Mundu osoan barrena ‘Palestinako genozidioaren 16. urteurrenaren’ ustezko oroitzapen ekitaldien gaineko ibilbidea egiten du.

Honela, ‘Genozidioaren oroitarri’ baten irudiak erakusten ditu Berlinen, sarraskiari buruzko proiekzio bat Parisko zinema batean eta museo bat Seulen, biktimen argazki eta zapatak biltzen dituena.

Leku horiek bisitatzen dituzten haurrek, gero, gurasoengana eta aitona-amonengana jotzen dute eta «Zergatik ez zenuen ezer egin?», galdetzen diete.

«Israelek burutzen duen genozidioak palestinarrak hiltzen ditu», adierazten du mezuak, ingelesez, turkieraz, arabieraz eta hebreeraz, eta gero «palestinar» hitzaren ordez «gizateria» azaltzen du.

«Nor ari da hiltzen gaur Gazan, Palestinan eta berriki Libanon? Ez dira bakarrik emakumeak, haurrak, haurtxoak eta zibil errugabeak, gizateria bera baizik». Hau, da, halaber, Erdogan Turkiako presidenteak astelehenean, Hamasek Israeli egindako erasoaren urteurrenaren harira, zabaldu zuen mezua

X sareko mezu horri bideoa gehitu zion. Bideoak ez du ez logotiporik ez egile ezagunik, baina Turkiako Presidentetzak asmatu duela dio Efek.

Erdoganek banatutako bideoa turkieraz azpititulatuta dagoen arren, Husam Zomlot Palestinak Erresuma Batuan duen enbaxadoreak ingelesezko azpitituluak dituen bertsio bat zabaldu du gaur X kontuan.