Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras, Euskadi Literatura sarien lehen irabazleak
Suntsitutako mundu honetan zer zentzu duten liburuek, poetek eta literaturak berak galdetu diete beren buruei Jon Gerediagak eta Harkaitz Canok, aurtengo Euskarazko Literatura eta Haur eta Gazte Literaturaren irabazleek. David de las Herasek Literatur Lanaren Ilustrazioaren atalean irabazi du.
Euskadi Literatura sarietan aurtengo lehen hiru irabazleen izenak eman dira ezagutzera Bilboko Bidebarrieta Liburutegian asteazken honetan. Jon Gerediagaren ‘Zeru-lurren liburua’ (Elkar) poesia liburu delikatuak irabazi du Euskarazko Literatura atalean; Harkaitz Canoren ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ (Erein) liburu ilustratuak –Isabel Herguerak egin ditu irudiak– Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan; eta Bartzelonan lan egiten duen David de las Heras ilustratzaile bilbotarrak Antonio Machadoren klasikoaren ‘Campos de Castilla’ (Lunwerg) edizioagatik irabazi du Literatur Lanaren Ilustrazioaren atalean.
Bidebarrieta liburutegian izan dira Gerediaga eta Cano, David de las Herasek bideo baten bidez saria eskertu duen bitartean. Hurrengo astean Donostian emango dira jakitera gelditzen diren sariak, eta azaroaren 21ean banatuko dira Gasteizen. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 gehiago ere bai baldin eta ondoren lana beste hizkuntzaren batera itzuliko balute.
Aterpe delikatu bat
Jon Gerediagaren (Bilbo, 1974) ‘Zeru-lurren liburua’ (Elkar) lanaren ibilbidea sariez markatuta dago. Iaz Irun Hiriko Kutxa literatura saria irabazi zuen; orain Euskarazko Literaturaren Euskadi saria; hau da, iaz euskaraz argitaratu den literatura ‘uztaren’ artean hautatu du liburu delikatu hau Arantza Urretabizkaiak, Maite Lopez las Herasek, Alexander Gurrutxagak, Ane Labakak eta Mikel Ayerbek osatutako epaimahaiak.
Epaimahaiaren aburuz, lan hau «naturaren behaketatik abiatzen hausnarketa poetikoa da» eta «gizakia bere minarekin aurrez aurre jartzen du. Liburuan islatzen den «adierazpen poetiko landua eta delikatua» ere azpimarratu dute, «iraun behar duenaren aldeko poesia baita Gerediagarena».
Poesia liburu ugarien egile, filosofia irakaslea da ogibidez eta antzerkian ibilbide oparoa du Jon Gerediagak, poesia eta antzerkiarekiko zaletasunak kiribildu egiten omen zaizkiolako. Hamar urtez Antzerkiola Imaginarioa taldeko dramagile izan da; bien bitartean, zazpi poesia liburu argitaratu ditu, azkena ‘Zeru-lurren liburua’.
XIX. mendeko hasierako poetak galdetu zuen «zertarako poetak garai nahasietan?», aipatu du Jon Gerediagak. «Zalantzarik gabe, gureak ere garai nahasiak dira eta zaila egiten zaigu oraindik horrelako galderari erantzutea –esan du–. Zertarako poetak garai nahasietan? Egia esan nik ere ez dakit galdera horri erantzuten, aitortzen dut batzuetan pentsatzen dudala oso jarduera absurdoa dela hitzak juntatzen ibiltzea mundu erdia gerran eta hankaz gora dabilen bitartean. Baina aldi berean argi ikusten dut ezinbestekoa dela niretzat poesia idazten jarraitzea, jarduera ia absurdoa, baina ezinbestekoa»
Antzerkitik datorren album ilustratua
Patxi Zubizarretak, Larraitz Idarretak, Xabier Etxaniz Erlek, Naroa Zubillagak eta Ruben Ruiz Perezek osatu dute aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako epaimahaia. Eta, bitxia dirudien arren, aukeratu duten liburuak antzerkiarekin lotura du bere sorreran, Fernando Bernuesek zuzendu zuen antzezlan batean oinarrituta baitago, Canok berak aipatu duenez: «Lehenbizi antzerkia izan zen, eta antzerkian idazle batek aurkezten zuenez bere liburua, pentsatu genuen zer ederrago liburu hori existitzea baino. Orduan idatzi genuen liburu hau existitu zedin antzoki batean, aktore baten eta pertsonaia baten eskuetan, eta bere lana da liburutegi batean ikusitako, entzundako eta irakurritakoak kontatzea».
Canorentzat bere laugarren Euskadi Literatura saria da hau. ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ album ilustratuak edizio «paregabea» du epaimahaiarentzat eta bertan «liburutegiei omenaldia egiten die eta literaturaz haratago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu protagonistaren bizitzatik abiatuta».
«Ni arduratu naiz liburu honetan maite ditudan liburuez eta istorioez», argitu du lasartearrak. «Jonek [Gerediaga] ere suntsitutako munduaz hitz egin du; batzuetan galdetzen duzu ea zein zentzua duten liburuek, baina nik uste dut, tituluak dioen bezala, mundua pitzatuta egon arren, momentuz hemen gaudela, hemen jarraitzen dugu. Oinez pitzadura horietan barrena ibiltzea, horixe baita bizitza. Eta horregatik iruditzen zait literaturak betetzen duela misio inportante bat: momentu larrietan, hunkigarrietan, ospatzeko momentuetan, sufritzeko momentuetan, negar egiteko momentuetan... badaude poetak, idazleak eta badaude istorio gogoangarriak eta horiei heltzen diegu».
David de las Herasen ‘Campos de Castilla’ lanaren inguruan epaimahaiak –Joseba Larratxek, Janire Ordunak, Jose Carlos Torrek, Jose Antonio Morlesinek eta Miren Asiainek osatu dute– aipatu duenaren arabera, album ilustratu hau «lan borobila» da: «Egileak maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz». Arlo artistiko eta grafiko desberdinetako baliabideak erabiltzeagatik da azpimagarraia lan hau, aipatu dutenez.