INFO

Demokrazia aro digitalean berritzeko gogoetak

Arantzazulaben ‘Demokraziaren Berrikuntza’ jardunaldien baitan, aro digitaleko erronkei heldu diete ostegun honetan. Paulo Gerbaudo eta Fang-Jui-Chang adituek demokrazian sakontzeko zenbait muga eta aukera azaldu dituzte.

Paulo Gerbaudo eta Fang-Jui-Chang, Arantzazulaben jardunaldian. (Maialen Andres | Foku)

Arantzazulabek ‘Demokraziaren Berrikuntza’ izeneko jardunaldiak antolatu ditu. ‘Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan’ lemapean, hiru egunez gaia eztabaida publikora eramaten eta gogoetak partekatzen ahaleginduko dira.

Jardunaldiei asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian ekin ostean, gaur ostegunean Arantzazuko Gandiaga Topagunean egin dute saioa eta digitalizazioak ekartzen dituen berrikuntzei heldu diete. Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendariaren hitzetan, «teknologiak, sare sozialek eta diseinuak demokrazia inklusiboa izan dadin ze aukera eta erronka planteatzen dizkigun» landu dute, zehazki.

Gainontzeko egunetan bezalaxe, nazioarteko joerak jaso eta gurera ekartzeko apustua egin dute gaur ere. Horretarako, nazioarteko hainbat aditu gonbidatu dituzte. Besteak beste, Paulo Gerbaudo, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle italiarra, eta Fang-Jui-Chang, Dark Matter Labs erakundeko kide taiwandarra, izan dira. NAIZ bertan izan da eta horiek eskainitako gakoetako batzuk jaso ditu.

Demokrazia plebiszitarioaren mugak

Paulo Gerbaudo demokrazia digitalean aditua da. Urteetako ikerketetan oinarrituta, hasieran ohartarazi duenez, irakaspen nahiko «ezkorrak» aurkeztu ditu. Calvinoren hitzak bere eginez, «infernua ez dago bizidunon bizitzaz haraindi, hemen dago». Hortik abiatuta, ‘ez-infernuak’ pentsatzen saiatu da.

Gerbaudok azaldu duenez, Interneten hastapenetan esperantza eta utopia ugari sortu ziren: denok gehiago parte hartzeko aukera izango omen genuen eta demokrazia digital erreal bat lortzea posible izango ei zen. Egungo talaiatik, hala al da? Bere iritziz, parte hartze digital hori errealitatea da: «Milioika pertsonek egunero edozein gauzen inguruan klik eginaz bozka ematen dute». Aurkiak badu ifrentzua, ordea: parte hartze modu hori amesgaiztoa bilakatu da.

Demokrazia digitala sortuko zela uste zenean, «plebiszitario» izaera gailendu dela salatu du Gerbaudok: «Ez da eztabaidatzen, bai ala ez, alde edo kontra bozkatu baizik»


Zergatik? Bere aburuz, demokrazia plebiszitarioa gailendu delako. Demokrazia forma hau eredu zuzenagoa da, eta bozketa edo erreferendum bidezko erabakian jartzen du fokua. Gerbaudoren iritziz, baina, eredu honen baitan ez dago bozkatuko diren proposamenak garatu eta aldatzeko aukerarik, ezta halako prozesu konplexuek galdegiten duten patxadarik ere: «Ez eztabaidatu, baizik eta bai ala ez, alde edo kontra bozkatu», horixe da egiteko nagusia.

Italiarrak azaldu duenez, demokrazia plebiszitarioa ez da berria, Atenasen bertan ere antzerako eredua garatu baitzuen Periklesek berak. Alabaina, egun badu berrikuntza esanguratsu bat: aro digitalean, erreakzio birtualen bidez garatzen da. «Gustuko dut», «ez dut gustuko» edo dena delakoa adierazten duten ikurrak dira eredu horren bitarteko garaikideak. 

Horri esker, erraz parte hartzeko aukera eskaintzen da, hatza mugituz klik soil bat egitea aski baita. Erreferendum etengabean, gehiegi hausnartu gabe, «gustatzen zait edo ez zait gustatzen» adieraz dezake edonork. Auzi politikoez ez ezik, baita musika, kirola edota beste edozein gairen inguruan ere. Eta, egiari zor, sekulako arrakasta dute. Gerbaudok emandako datuen arabera, egunero 20.000 milioi erreakzio inguru izaten dira sareetan.

Aitzitik, hark salatzen duenez, erraztasun horrek gehitxo sinplifikatzen du parte hartzea, «murriztailea eta banalizatzailea» eginez. Gustuko duzula adierazi ahala gustuko duzun hori azalduko zaizu, zure gustua geroz eta era irmoagoan berretsiz. Halaber, hala adieraziz, herritar xeheen gustu edota iritzien inguruko informazio baliotsua eskaintzen zaie plataforma digital pribatuei. Hori, ondoren, iritzi horietan eragiteko baliatu daiteke: «Espontaineitatea dirudiena pertsonen iritziak ezagutu eta baldintzatzeko modua bilakatzen da». Paradoxikoki, zer pentsatzen dugun galdetzen zaigu etengabe, baina ez horren araberako neurriak hartzeko, baizik eta pentsamendu hori manipulatzeko.

Horren jakitun da eskuin muturra, eta erruz erabiltzen dituzte plataforma horiek. Elon Muskek X bidez inkestak egiten ditu maiz, egun gutxiengoak diren iritziak gehiengo bihurtzeko asmoz; Albise Perezek Telegrameko kanalean sinboloak bozka bezala erabiltzen ditu egunero, herritar askoren iritzien argazki gaurkotua lortuz; botak (erabiltzaile faltsuak) erosten dituzte erreakzio jakinak era sistematiko eta masiboan hauspotzeko… Gerbaudok azaldu duenez, erreakzio horiek ez dira ausazkoak izaten, gainera. Bereziki, sumindura, gorrotoa eta haserrea eragiten duten erreakzioak bilatzen dituzte, oso adiktiboak baitira eta algoritmoek hori bultzatzen baitute.

«Pseudodemokrazia digital» horren aurrean, erabiltzaileak ez dira agente pasibo hutsak, eragin dezakete. Horretarako, bere ustez, aztertu egin behar da zergatik den logika hori hain erakargarria eta herrikoia (oso era sinplean parte hartzeko aukera izan daiteke arrazoietako bat). Behin hala eginda, joera hori era demokrazatzaile batean erabili behar da: «Nola erabili demokrazia erreaktiboa prozesu demokratikoa hedatzeko prozesu konplexuan?». Gerbaudorentzat, ez da osagai bakarra izango, baina logika ezberdinen arteko uztarketan funtsezkoa izango da hori ere.

Azpiegitura zibiko berriak

Jarraian, Fang-Jui-Changek demokrazia digitalerako bideetan sakondu du. Bere gogoeta eta esperientzia praktikoetatik abiatuta, diseinuek eta teknologiek gobernantza nola moldatzen duten erakusten duten ikasgaiak eta adibideak eskaini ditu.

Diseinuari dagokionean, herritarren parte hartze handiagoa aldarrikatu du: «Nola egin demosak boterea eta aldaketa eragiteko gaitasuna izan dezan?». Taiwango esperientzian oinarrituta, bere iritziz «dominazio eta kontroletik erantzukizun partekatuetara pasatu behar da». Zerbitzuen edo arauen diseinuan, hiritarrak, prozesuaren amaierako hartzaileak beharrean, abiapuntuko subjektuak izan behar dute: «Delegatu ordez, herritarrekin lan egin behar da». Lekuan leku eta sektorez sektore beharrak ezberdinak direnez, herritarren parte hartze zuzenak ahalbidetuko du beren-beregi erantzutea.

Bere ustez, hori egitea ahalbidetuko duten «azpiegitura zibiko berriak» eraiki behar dira. Horretarako, ez da aski kexatzea, ezta polarizazioa ere. Elkar entzunez eta kontsentsuak eraikiz, eredu berriak asmatu behar dira, posible dela frogatuz. Fuller diseinatzailearen hitzak bere eginez, honela argudiatu du: «Inoiz ez dituzu gauzak aldatzen existitzen den errealitatearen aurka borrokatuz. Zerbait aldatzeko, eredu berri bat eraiki behar duzu, eta hala aurreko eredua zaharkituta geratuko da».

Fang-Jui-Changen aburuz, teknologiari «definizioa zabalagoa» eman behar zaio, «natura eta indigenen jakindura barne hartuz»

Alabaina, «zein da demosa?». Bere ustez, demos hori ez dute gizakiek soilik osatzen. Zentzu horretan, honako erronka mahaigaineratu du: ekosistemak eta hori osatzen duten izaki ezberdinak nola ordezkatu daitezke? «Ahotsik ez duen demosa» nola aintzatetsi daiteke? Galdera hori behar bezala erantzuteko, Fang-Jui-Changentzat ezin da ekosistema jabetza edo baliabide multzo gisa ikusten jarraitu. Bere irudiko, indigenen mundu ikuskera berreskuratuz, bestelako balioa eman behar zaio. Lagin modura, ‘Braiding Sweetgrass’ liburuko pasarte bat ekarri du: lurra «gure jendearentzat dena zen: nortasuna, gure arbasoekiko lotura, gure ahaide ez-gizatiarren etxea, gure farmazia, gure liburutegia, sostengatu gintuen guztiaren iturria. Munduarekiko gure erantzukizuna funtsatzen zuen lekua zen. Beregaina zen, opari bat, ez merkantzia bat; beraz, ezin da ez erosi, ez saldu».

Taiwandarrarentzat, hori teknologia berriak diseinatzerakoan ere aintzat hartu behar da. Are, ekosistema horietan gizakia gainditzen duten teknologiak daudela jabetu behar da: «Jende gehienak argudiatuko luke landareetan fotosintesia natura dela, ez teknologia. Guk teknologia ez dugu abangoardiako elementu elektroniko eta digitalekin soilik berdintzen. Definizio zabalago bat eman nahiko genioke, natura eta indigenen jakinduria barne hartuz».

Hortaz, Fang-Jui-Changentzat berritzeko ez dago zertan hutsetik abiatu. Herritarren parte hartzea sustatuko duten azpiegituren eskutik, jakintza hori berreskuratu behar da, baina forma berri batean.