INFO

Iñaki Isasi txirrindulari ohia izango da Euskadi Fundazioko presidente berria

Arabako txirrindulari ohiak NAIZ Irratiari esan dio «pozik eta ilusio handiarekin» dagoela, eta ezin zuela «ezetz» esan. Aitor Galdos Laboral Kutxako kirol zuzendariari lekukoa hartuko dio. Laboral Kutxa «gora eta gora» ari dela adierazi du; Euskaltel Euskadik, berriz, ez duela urte «erraza» izan.

Iñaki Isasa Euskadi Fundazioko presidente berria (@FundaCiclisEusk)

Iñaki Isasi izango da Euskadi Fundazioko presidente berria. Halaxe erabaki du aho batez Patronatuak. «Pozik eta ilusio handiarekin nago. Ilusio handia ikusten du Patronatuan, baita talde guztietan ere. Ezin nuen ezetz esan», adierazi dio NAIZ Irratiari Isasik. Azken urtean Aitor Galdos izan da jarduneko presidentea, eta orain, Arabako txirrindulari ohiak hartuko dio lekukoa.

Egitura profesionalizatzeko Fundazioaren gobernua indartu egin da, hiru kidetatik seira pasata. Andoni Madariaga izango da presidenteordea, eta Josu Badiolak diruzain lanak egingo ditu. Gainerako ugazabak Paulino Barrenechea, Enrique Guzman eta Juan Jose Trullos izango dira.

Horrelaxe suertatu zaio Isasiri Fundazioko presidente izateko aukera: «Urteak neramatzan erdi sartuta. Azanzari laguntzen zuzendari bezala, eta kirol arduradun beste batzuetan. Beti saiatu nahiz ahalik gehien laguntzen. Orain Galdosek nahiago zuen nesken taldean gehiago egon, eta presidente bezala utzi egin zuen. Beraz, pertsona bat behar zen postu horretarako, eta sortu berri den Patronatuan nire burua aurkeztu zuten. Bozkatu, eta hortxe jarri naute».

Arabako txirrindulari ohia, Euskaltel Euskadiko txirrindularia izan zen 11 denboraldiz, 2001etik 2011ra. Horrez gain, beste bi urte egin zituen talde horretako kirol zuzendari gisa.

Aitor Galdosek jarraituko du Laboral Kutxa taldeko kirol arduradun postuan, eta Jorge Azanzak, berriz, Euskaltel Euskadin. Talde horiek nola ikusten dituen galdetuta, Fundazioko presidenteak adierazi du Laboral Kutxa «gora eta gora» ari dela egiten, eta Euskaltel Euskadin ez dela urte «erraza» izan: «Euskaltel Euskadin urte apur bat txarra pasatu dugu. Dinamika txar bat hartu genuen, eta ez da urte erraza izan. Baina saiatuko gara hobetzen, eta tropelean gero eta indar handiagoa hartzen».

Helburu nagusia «hobetzea»

Datorren denboraldira begirako lanez galdetuta, jadanik hasi dituztela nabarmendu du Fundazioko presidente berriak. «Denbora daramagu horretan. Jendea ilusioarekin eta gogotsu ikusten dut. Lanean dabiltza aspalditik». Zehaztasun gehiagorik, baina, ez du eman.

Etorkizunera begirako erronkez galdetuta, ezer zehatzik esan ez badu ere, helburu nagusia «hobetzea» dela adierazi du: «Gero eta talde indartsuagoa izan nahi dugu, eta horretan jarriko ditugu indarrak. Taldea sendotzen saiatuko gara».



Ez du erronka makala Euskadi Fundazioak, baina badu non begiratu. Laboral Kutxa taldeak eredu ederra markatu du Euskaltel Euskadik bide berbera jarrai dezan. 2029 urtera arte babesle sendoa du, eta denboraldi honetan emaitza oso onak lortuta, gertu du datorren sasoiko helburua: World Tour mailako taldea izatea. Euskaltel Euskadik, berriz, ez du Orbearen eta Etxeondoren laguntza izango. Datorren denboraldian ez dute haiekin jarraituko.

Horri buelta eman nahian, taldeak Euskaltelen eta Kutxabanken ekarpena ziurtatu du, eta euskal erakundeen bultzadarekin, Fundazioak pausoz pauso haztea izango du helburu. 23 urtez azpiko Laboral Kutxa taldea ere ekuazio horren barruan sartzen da.