Mikel Urrutikoetxea: «Ilusio eta gose bera mantentzen ditut, eta hori da garrantzitsuena»
Zaratamokoak eta Iraitz Zubizarretak abiatuko dute ostiral honetan Agoitzen aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa, belaunaldi arteko talka batekin. Betaranoak binakako partidetan erakusten ari den sasoi ona buruz buruko lehiatan ere errepikatu nahiko luke.
Ostiral gauean hasiko da Agoitzen, Patxi Eugi, historiako espezialistarik handienetako baten etxean, aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa, belaunaldi arteko talka batekin. Alde batetik, egungo B serieko txapelduna ariko da, Iraitz Zubizarreta, aurre-kanporaketan Iker Larrazabal gainditzetik datorren 25 urteko ataundarra, eta bestetik, hamar urte gehiagorekin, koadroko pilotaririk zaharrena den Mikel Urrutikoetxea. Zaratamokoak bere hamabigarren kaiolakoa hasiko du –2019 eta 2020an baino ez du hutsik egin azken 14 urteetan–, eta tartean txapel bat ere irabaztea lortu zuen, 2015ean, Juan Martinez de Irujoren aurka, ezinezkoa zuen final bati buelta emanda.
Azken bi urteetan, ordea, hasi orduko utzi behar izan zuen Lau eta Erdikoa, Peña (22-18) eta Salaberriaren (22-14) aurka final zortzirenetako kanporaketan galdu ostean. Aurten ez du oztopo berean geratu nahi; Altuna, Jaka eta Ezkurdia eta Artolaren arteko partidako garailearekin final laurdenetako ligaxka osatu nahi luke. Horretarako, kaiolako jokora bikain moldatzen den Iraitz Zubizarreta gainditu beharko du. «Ilusioa eta gosea» omen ditu akuilu.
«Ilusioa urteroko bera da, handia. Azkenean, txapelketa polita da, gogorra ere bai, fisikoki asko eskatzen baitu gaur egun jokatzen den moduak. Baina, inolako minik gabe, espero dut ondo iristea eta partida on bat egitea», adierazi digu Zaratamokoak. «Nik ilusio eta pilota gose bera mantentzen ditut, eta hori da garrantzitsuena».
Sasoi onean
Baina kantxan ere topatu du itxaropentsu izateko motiborik, azkenaldian partida oso onak jokatu eta emaitzak ere lagun izan baititu, esaterako, jokatutako azken hiru partidak irabazita. «Binaka oso gustura nabil, joko puntu onarekin, pilotaz gozatzen, eta hori da balio duena. Gero, jakin badakit buruz buru gauzak asko aldatzen direla, ez dela gauza bera binaka edo buruz buru aritzea. Erritmoa oso bizia da kaiolan, baina entrenatzen –Zubizarretak kanporatu zuen Larrazabalekin saio batzuk egindakoa da– gustura aritu naiz eta orain bakarrik falta zait partidan ere ondo aritzea».
Eta hor badu zalantzaren bat, berak ere nabaritu baitu buruz buruko lehiatan bere gorputzak ez duela garai batean bezala erantzuten, nahiz eta berak asko zaintzen duen bere burua. «Nik uste denoi nabari zaigula. Ez da gauza bera 25 edo 35 urterekin aritzea. Fisikoki ondo nago. Horretarako entrenatzen dut, maila on batean mantentzeko. Baina gero garaiak izaten dira, hobeto edo okerrago zaudenak. Adin honetan garrantzitsuena ondo zaintzea da, eta hala egin behar dut maila on batean egon nahi badut».
Egunerokoaz gozatzen ikasi omen du eta, horregatik, aurtengo Lau eta Erdikoan ez dio bere buruari inolako helbururik jarri nahi izan. Ez du Zubizarretaren partidaz harago begiratu nahi.
Binaka ere, sumatzen hasia da azpitik datozen gazteek nola bultza egiten duten. Azken Binakakoan ez zen titular gisa aritu, eta aurtengo udan ere Mastersetik at utzi du enpresak, baina pilotan gustura ari da Zaratamokoa. «Nik ilusioarekin jarraitzen dut. Aurtengo udan sanferminetako aurre-kanporaketan, Bilboko ferian eta Bizkaia torneoan jokatzeko aukera izan dut eta, esan bezala, gustura nabil».
Eperik gabe
Horrenbeste miresten duen Aimar Olaizolak 2020an 40 urterekin uko egin zion Buruz Buruko txapelketetan parte hartzeari, eta beste bi urte eman zituen, erabateko erretiroa hartu aurretik, binakako partidak jokatzen. Momentuz, Zaratamoko aurrelariak ez du antzeko erabakirik hartu eta ez daki aurtengo hau bere azken Lau eta Erdiko txapelketa izango den. «Ez dakit. Ikusiko dut ea entrenatzen zelan aurkitzen naizen. Eta nire burua borrokatzeko moduan ikusten badut, jarraituko dut», esan zuen.
Abenduarekin amaitzen zaio Baikorekin duen kontratua eta, oraingoz, jarraitzea gustatuko litzaioke.