INFO

Hiru Hondartzetako Kroseko parte hartzaileen erdia baino gehiago emakumeak izan dira

Donostiako Krosseko 34. edizioan mugarri bat ezarri dute: lehiatu direnen erdia baino gehiago emakumeak izan dira. Inoizko parte hartzerik handiena egon da. 3.471 korrikalarik hartu dituzte Donostiako kaleak. Bilboko Nazioarteko Milian atletismoari oda bat egin zaio.

Hiru Hondartzak Krosseko irudietako bat. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Donostiako Hiru Hondartzetako Krosak mugarri bat ezarri du: lehiatu direnen erdia baino gehiago emakumeak direla. Guztira 3.471 korrikalarik parte hartu dute, inoizko parte hartzerik handiena da.

Eguzkia lagun Hiru Hondartzak Krosseko 18. edizioan, Donostiako Ondarreta, Kontxa eta Zurriola hondartzetatik 10 kilometro korritu dituzte lehiakideek. 10.00etan ekin diote korrikalariek lasterketari, giro ezin hobean, eguzkiaren berotasuna ez ezik, jendearena ere jasota.

Azkarrenak Maria Lasa eta Unai Ibarra izan dira. Lasa irurarrak 35.19 egin du; Ibarra arrasatearrak, berriz, 31.19. Bakarrik zeharkatu dute Ondarretako hondartza parean zegoen helmuga.

Maria Lasa Hiru Hondartzetako Krosseko garailea, helmuga zeharkatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gizonezkoetan podiuma Jon Presak (31.45) eta Beñat Bengoetxeak (31.54) osatu dute, eta emakumezkoetan Ana Llorensek (35.29) eta Maite Arraizak (36.10).

Bilboko Nazioarteko Milia

Donostian ez ezik, Bilbon ere atletismoko festa bat egon da igande goizen honetan. Bilboko Nazioarteko Miliaren 18. edizioan, atletismoari oda bat egin zaio. Ia hogei lasterketa antolatu dituzte. 10.40ean beteranoenak izan dira goiztiarrenak. Haien atzetik, beheko kategoria guztiek korritu dute Bilboko Milia, 20 urtez azpiko gazteetatik, bost urte dituzten haurretaraino. Haureneko 130 metro egin dituzte korrika, atletismoa ere haurren jolasa izan daitekeela erakutsiz.

Horien ondoren, eliteko atleten garaia iritsi da. Bizkaiko hiriburura iraupen-erdiko eta iraupeneko ordezkari onenak etorri dira. Bilboko Kale Nagusian lehiatu dira, Donostian bezala, eguzkia lagun. Inork ez du hutsik egin eta denek izerdia bota dute Bilboko Milia hau Estatuko onena zergatik den erakusteko.

Hala ere, hainbesteko goi mailako atleten artean, bi izarrek egin dute distira: Isaa Naderrek eta Salome Afonsok. Bi portugaldarrak irabaztearekin aski ez, eta probako errekor berriak ezarri dituzte.

Isaac Nader y Salome Afonso Bilboko Nazioarteko Milia lasterketako garaileak (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Emakumezkoetan Afonsok hasieran jakin du Marta Perezek ezarritako erritmoari eusten, eta azken birara arte itxaron du martxan igotzeko. Erraz irabazi du, nahiz eta itsasita izan dituen bigarren eta hirugarren sailkatuak, Patricia Cabral eta Judith Otazua, hurrenez hurren.

AfonsoK segundo bat jaitsi du Solange Pereirak 2017tik izan duen emakumezkoen erregistro onena (4.56).

Gizonezkoetan, berriz, ez da ezustekorik izan. Naderrek laugarren aldiz jarraian jantzi du txapela. Berea zen gainmarka (4.17). Bada, gaur, berak ezarritakoa ondu du, bi segundo jaitsita (4.15). Podiuma Attaouik eta Fontesek osatu dute.