INFO

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek soldata igoera exijitu dute Bilboko epaitegietan

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute astearte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek otsailean greben ondoren adostu zen soldaten igoera betetzea eskatzeko. Demanda aurkeztu zuten.

Bilboko epaitegian egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek 2024rako finkatutako soldaten igoerak bete ez direla salatu dute. Otsailean grebaren amaieran lortutako akordioan jasotako eduki batzuk aplikatu badira ere, soldatei dagozkienak ez dira bete.

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon epaitegien atarian. Izan ere, demanda aurkeztu zuten eta astearte honetan izan da hori aztertzeko epaiketa. Sindikatuen arabera, ehundaka pertsona elkartu dira mobilizazioan. Soldata igoera Jaurlaritzaren onespenaren eta finatziazioaren araberakoa izan dadila nahi dute.

Bertan gogorarazi dutenez, otsailaren 5ean sinatu zen akordioa hamalau greba egun eta egindako mobilizazioen ondorioz. Horrela, greba bertan behera utzi zuten sinatu zen egunetik.

Halaber, akordioa sinatu eta zortzi hilabetera, patronalek eta eskolek ez dute akordioa bete, eta hori salatzen dute orain. «Sindikatuen ekimenez dozena bat bilera egin diren arren, greba amaierako akordioan sinatutakoa berriro negoziatzeko saiakeran dabiltza patronalak, eta oztopoak jartzen ari dira bertako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmenean txertatzeko», diote langileek.

Honen aurrean, argi utzi dute akordioko eduki bakoitza betearazteko «beharrezko tresnak» aktibatuko dituztela sindikatuek, «hala nola, materia bakoitza betetzeko epea iristen denean epaitegietako bidea zein akordioa betearazteko mobilizazioen bidea».