INFO

Errekorra eta aldarrikapena, Nima Rinji Xerparen eskutik

18 urteko mendizale nepaldarrak Shisha Pangma eskalatu berri du. Igoera horrekin hamalau zortzimilakoak igotzen alpinista gazteena bihurtu da. Jarduera arrakastatsu horrekin gazteak inspiratu eta xerpen lana goratu nahi ditu.

ima Rinji Xerpa hamalau zortzimilakoak igotzen mendizale gazteena bihurtu da. (Power Sherpa)

Nima Rinji Xerpak soilik hiru urte behar izan ditu hamalau zortzimilakoen zerrenda biribiltzeko. Manaslu izan zen lehena; 16 urte zituen. Hemezortzirekin, berriz, azkena igo du: Shisha Pangma. Hain zuzen ere, joan den urriaren 9an. 2023 urtea, adibidez, oso emankorra izan zen, bederatzi zortzimilako eskalatu zituen-eta: Everest, Lhotse, Nanga Parbat, Gasherbrum I eta II, Broad Peak, K2, Dhaulagiri eta Cho Oyu. Eta aurten, geratzen zitzaizkion besteak sinatu ditu: Annapurna (oxigeno gehigarririk gabe), Makalu, Kangchenjunga eta aipatu dugun Shisha Pangma.

Mendi horietan lortutako arrakastari esker, Nima Rinji Xerpa ospe handia duen hamalauen zerrenda biribiltzen mendizale gazteena bihurtu da. Aurreko errekorra Mingma Gyabu ‘David’ Xerpak erdietsi zuen 30 urterekin. Errekor horren atzetik beste gazte batzuk ibili dira, baina lerrootako protagonista azkarrena izan da. Adriana Brownlee, adibidez, atzean geratu da, baina badu beste errekor bat: emakume gazteena izan da 23 urterekin.

Bilduma hori osatu ondoren, bidaia berezi horretan egin duen bezala, mendizale nepaldarrak xerpen komunitatearen lana aldarrikatu nahi izan du: «Errekor hau `Sherpa Power´ ekimenari eskaini nahi diot; hots, azken hiru urteotan zortzimilakoetan egin dudan bidaiari. Eta, jakina, muga tradizionalen gainetik ibili diren xerpa guztiei. Mendizaletasuna ez da xerpek egiten duten lan bat; hori baino gehiago da. Gure indarra, erresilientzia eta pasioaren lekukotasuna ere badira. Mundu osoak xerpen komunitatea ezagutzen du, eta horrek oso zoriontsu egiten nau. Alpinismoa praktikatzeko motibatzen nau ere. Xerpen enbaxadorea izan nahi dut».

Gazteak gogoan

Nima Rinji Xerpa ibilbide handia izan duen mendizale baten semea da. Eta xerpen ondarea aldarrikatzen du. Bere helburua da komunitate horren eta batez ere mendiko gida eta langile xerpen inguruan munduan dagoen ikusmoldea birdefinitzea. Berezko lekua lortzea du helburu.

Bide batez, gazteei zuzendu zaie: «Proiektu honekin nire belaunaldikoei erakutsi nahi diet garaia dela xerpen inguruan dauden estereotipoak gainditzeko. Xerpa gazteok egundoko indarra dugu lehen lerroan egoteko. Kirolariak, abenturazaleak… izan gaitezke. Eta ez solik mendi gidariak; aitzindariak gara. Xerpen lan duina, gure ondarearen boterea eta gure etorkizunaren aukera mugagabeak aldarrikatzea baino ez dut egin behar. Arazo ekonomikoengatik, egun, gazte asko gure herrialdetik joaten dira. Baina turismo jasangarria bultzatzen badugu uste dut gazteok Nepalen etorkizuna dugula. Alaskak, adibidez, mendiko eta natur turismoarekin milioi asko sortzen ditu. Guk, zergatik ez?».

Bestalde, munduko gizon-emakumezko guztientzat pare bat hitz izan ditu. Gogorarazi nahi die zortzimilakoen tontorrak elkarren arteko laguntzarekin lortzen direla, eta horrek norbanakoaren arrakasta indarra galtzera eramaten duela: «Gaztea naiz, baina badakit mugek, gerrek, arrazismoak eta beste gatazka batzuek banaketa ekarri dutela. Eta horren guztiaren aurrean, maitasuna, errespetua eta harmonia aldarrikatzen ditut».

Amaitzeko, Nima Rinji Xerpak mendizale guztiei eskatu nahi die baliabide naturalak eta mendiak zain ditzatela: «Bizitza zein abentura jasangarria lortzeko den-denok bat egin behar dugu. Nire herrialdean aldaketa asko ikusten ari naiz: errekak ez dira garai batekoak, elur gutxiago egiten ari da, herrixka batzuk tokiz aldatzen ari dira lakuek gainezka egin dutelako… Egoera hori iraultzen saiatu behar gara».