Saihesbidean oinezkoendako igarobidea paratzea eskatu dute Lekarozko herritarrek
Lekarozko oinezkoendako igarobidea paratzea eskatu dute Baztango herri honetan egin duten elkarretaratzean. Elizondoko saihesbidea egin zutenean, duela hamabi urte, aurreikusita zegoen, baina ez dute egin. Egoera honek oinezkoak arrisku larrian jartzen dituela salatu dute.
Hirurogei lagun inguruk elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Lekarozko herriko sarreran oinezkoendako igarobidea «ezinbertzekoa» dutela aldarrikatzeko.
Gogoratu dutenez, duela hamabi urte Elizondoko saihesbidea egin zuten. Lekarozera sartzeko biribilgunean oinezkoendako igarobidea aurreikusten zen. Izan ere, herriko hilerria, auzo bat eta ikastetxea eta aterpea errepide berriaren bertze aldean geratzen ziren. Igarobiderik ez, baina zebrabidea margotu zuten.
Duela hiru urte, berriz, Nafarroako Gobernuak «eskasa zen zebrabide hura ezabatzea erabaki zuen», bide hori erabiltzen duten oinezkoendako arriskua handituz.
Nafarroako Gobernua: «Sosik ez»
Lekarozko batzarreak, ordutik, urtero eskatu du konponbide bat, «beharra agerikoa delako eta arriskua egunero ikusten dugulako». Gobernuaren erantzuna beti berdina izan dela diote: «Borondatea badutela, baina ez dagoela sosik».
«Jakin badakigu pasarela baten proiektua egina eta onartuta dagoela, beraz, baliteke egia izatea falta den bakarra sosa dela», gaineratu dute Lekarozko herritarrek.
Bitartean, saihesbidearen proiektuan ageri ez diren bertze lan batzuk burutu direla salatzen dute, Elizondoko Foruzaingoaren polizia-etxeko irteera bezala. «Beraz, sosik ez dagoela dioen argudioa egia eta gezurra da aldi berean», gaineratu dute.
«Lekarozko oinezkoendako igarobideko proiektuak ez du sosik Nafarroako Gobernuak ez duelako sosik bideratu horretarako, eta errealitate honek, ondorioz, Gobernuaren borondatea kolokan paratzen du, ekintzek erakusten baitute benetako borondatea, eta ez hitzek», adierazi dute.
2025 urterako Nafarroako aurrekontuak negoziatzen ari direlarik, Lekarozko oinezkoendako onartuta dagoen igarobidea gauzatu ahal izateko diru partida bat sartzea eskatu dute.