Alexis Righettik muturrera eraman du mendiko bizikleta Arbizoneko jaitsierarekin
Espezialista frantziarrak ia 1.500 metroko desnibela duen jarduera horretan soilik bost aldiz oinak lurrean jarri zituen. Righettik onartu du inoiz egin duen jaitsiera gogorrenetarikoa izan dela eta bere sasoia eta burua mugara eraman dituela.
«Erantzunek mugan dute lekua. Pelikula hau niretzat oso garrantzitsua da; ziur aski inoiz egin dudan inportanteena. Galdera asko sortzen dira. Zergatik eramaten dut bizikleta gailur batera? Zergatik hartzen ditut arriskuak? Zeintzuk dira etika eta arauak? Jaitsiera hau bikaina izan da introspekziorako. Besteak beste, zentzugabea delako. Jakin badakit mendi bizikletarekin Arbizon jaistea ez dela ohikoa; nire gorputza, burua eta mendiko bizikleta mugara eraman ditut. Baina hain zuzen ere, muga horietan erantzunak aurkitzen ditut. Eta espero dut pelikula horretan ere, zeure mugak eta erantzunak aurkitzea».
Adierazpen hauek Alexis Righettik egin ditu NAIZen bertan ikusgai duzuen ‘The Limit’ dokumentalaren aurkezpenaren harira. Aurkezpen «xume» bat besterik ez da Pirinioetako Arbizoneko iparraldeko isurian bizikletarekin egin duen jaitsieraren inguruan. Mundu zabalean rider entzutetsua da. Pirinioetan edo Alpeetan muturreko jaitsierak egin ditu; Righettik berak dioen modura «oso eroak».
Dokumentalean ikusten den bezala, Arbizonekoa ere ez da atzean gelditu. Datu objektibo batzuk aipatuko ditugu. Ia 1.500 metroko desnibela duen jaitsiera egin zuen bizikletan, eta soilik bost aldiz oinak lurrean jartzera behartuta egon zen: tontorrean dagoen zati kaotiko batean (6 metro), Aurey-ko lepotik gertu (20 m), erlaitzaren irteeran dagoen eskaladako irtengune batean (30 m), haranera eramaten duen harritza handi batean (20 m) eta larreetan dagoen aldats piko batean (20 m). Denera, ia 1.500 metroko desnibel horretan 116 metro bizikletatik jaitsi behar izan zen. Hots, jardueraren %8 bakarrik.
Muturreko jaitsiera hori egin baino lehen, Righettik bizikleta Arbizoneko gailurrera eraman zuen. Atseden pixka bat hartu, indarrak berreskuratu eta jaitsierarekin hasi zen: «Arbizonek duen zailtasun handiena da lurra oso lehorra eta fina dela. Alegia, oso irristakorra; gidatzea oso frustragarria da. Aurey-ko lepora iritsi baino lehen, gailurrerian adrenalinaz betetako zati bat gainditu nuen. Hurrengo tartea txarrena da. Harmailen artean pasillo bat zeharkatu behar nuen. Haren azpian, berriz, hutsune handia zegoen. Zirraragarria izan zen; zorabioaren sentsazioa biderkatu zen! Onartu behar dut sekzio hori jasanezina izan zela».
Emozioak
Erlaitzean zela, rider frantziar honek onartu du hurrengo metroak buruarentzat oso gogorrak izan zirela; izan ere, pentsaezina zen txirrindulari bat hutsune handi baten ondoan ikustea: «Jaisten ari nintzen bitartean, harri txiki asko hutsune horretara bidali nituen. Ateratzen zuten soinua ikaragarria zen; zehazki esanda, harri horiek talka egin aurretik zegoen isiltasuna ikaragarria zen».
Nahiz eta nekatuta zegoen, oraindik arreta handia jarri behar zuen kontzentrazioan. Gainera, aipatutako azken zati horretan drone bat erabili zuen irudiak hartzeko. Irudiak aipatu ditugunez, kirolari honek filmaketaren inguruan honako azterketa egin du: «Batzuek esango dute nire egoarengatik dokumental hau egin dudala. Eta neurri batean arrazoia izan dezakete. Baina mendi bat eskalatzen dugunean egoa barneratuta dugu. Ez gara lakuan geratzen, baizik eta tontorra zapaldu nahi dugu. Halere, ez dut hain sinplista izan nahi. Besteak beste, kutsu emozionala hor dagoelako. Emozio horien irudi batzuk etxera ekarri nahi ditugu. Partekatzeko eta oroitzeko. Eta, jakina, egiten den jarduera frogatu nahi dut. Garrantzi gutxiko kontu bat izan daiteke, baina badakigu gai honek eztabaida sutsuak sortzen dituela».
Arbizoneko jaitsierarekin aurrera jarraitu zuen, eta une jakin batean Righettik onartu du erabat harrituta geratu zela zituen sentsazioekin. Eta batez ere, batek indar handia hartu zuen: ez zuen beldurrik. Alabaina, kontzentrazio gorenak ez zion hutsik egin. Aldats piko eta oso irristakor bat gainditzeko, bi ekinaldi behar izan zituen.
Tarte arriskutsu handienak atzean utzi ostean, rider honek aurreratu du amaiera kalbario batean bihurtu zela. Leher eginda zegoenez, pare bat siesta txiki egin zituen energiak berreskuratzeko. Gainera, bi ordu zeramatzan urik edan gabe. Oka egiteko zorian egon zen, baina ez zuen denbora galdu nahi azken sekzioa, 300 metrokoa, jaisteko. Alegia, harritzarra eta ura zegoen artekoa. Ur pixka bat aurkitu, Arouko lakura heldu eta La Hourquetten helmuga izan zuen.
Muturreko jaitsiera batean bizitako eskarmentua, emozioak, galderak, arriskuak… Horiek guztiak lapiko batean sartu ditu, eta ‘The Limit’ da horren isla: «Emozio horiek oso handiak izan dira, eta bizitza arriskatzera eraman naute. Eskarmentu hori bizi nahi nuen. Jarduera biribildu ondoren, sentsazio oso bitxia izan nuen. Bizitzaren une garrantzitsuenak, bizitzari zentzua ematen dioten uneak… emozio erraldoiak dira».