INFO

Atleticok Realaren dinamika neurtuko du

Jarraian lortu dituzten lau garaipenek bultzatuta bistitatuko dute donostiarrek larunbatean hirugarren sailkatua. Athleticek Valentzia hartuko du igandean eta Eibarrek Deportivoren kontra jokatuko du Ipuruan.

Laugarren garaipena jarraian lortu zuen Realak Betisen kontra. (Real Sociedad)

Goi mailako neurketa eskainiko du Liga Fko 7. jardunaldiak larunbatean. Jarraian lortu dituen lau garaipenek bultzatuta, Realak Atletico Madril bisitatuko du, bere benetako aukerak neurtu ditzakeen partida jokatzeko. Igandeko menuak, Athletici eta Eibarri dagokie. Etxean jokatuko dute biek, Valentziaren eta Deportivoren kontra.

Atletico Madril - Real (larunbata, 16.00)

Hiru talde nabarmendu dira sailkapenaren buruan denboraldia hasi zenetik. Bartzelona abantailarekin doa, Real Madrilek eta Atleticok berdindu egin baitzuten aurreko astean beren lehia zuzenean, baina partidarik galdu ez duten hiru talde bakarrak dira eta badirudi gainerakoenak baino oktano gehiago daukala beren gasolinak.

Baina badaude bizitza konplikatu eta, zergatik ez, Europako borroka zaildu –gutxienez madrildarrei– nahi dieten aurkariak. Eta horien artean, goiko postuetatik gertu egoteko eta beti gora begiratzeko asmoa duen Reala dago, Nahia Apariciok NAIZi emandako elkarrizketan adierazi duen bezala. Bide ona hartu du, lau garaipen jarraian ospatuz eta bere jokoa partidaz partida hobetzen, eta larunbatean Atleticori egingo dion bisitak dinamika horren errealitatea neurtu dezake.

Jose Luis Sanchez Veraren ustetan, talde zuri-gorriak kalitatea handitu du eta, ondorioz, «oso partida exijentea» espero du. «Atletico erraz irabazten ari» dela azpimarratu du, baina baita bere futbolariek konfiantza ematen diotela ere. «Sentsazioak onak dira, ondo iritsiko gara, taldea hazten ari da eta benetan neurtzeko gogoa dugu».

Izarne, osatuta, Madrilera bidaiatzeko deialdian sartu da. Lavogezek, berriz, lesionatuta jarriaitzen du eta Viles eta Nora Sarriegi kanpoan geratu dira oraingoan. Zerrendan jarraituko du Gurudik eta ez da izango filialaren ordezkari bakarra, Verak Maren Lezeta erdilari atxabaltarra deitu baitu lehen aldiz.

Athletic - Valentzia (12.00)

Boladaz ezin da hitz egin momentuz Athleticen kasuan, baina joan den astean Ipuruan irabazi ondoren, zuri-gorriek orain aukera hori errealitate bihurtu nahi dute, azken sailkatuaren bisita hartuko dutela aprobetxatuz. Jaitsiera postuetan ondoan duen Betisekin batera, Valentzia da garaipenik lortu ez duen Liga Fko talde bakarra. Lehen jardunaldian lortu zuen bere puntu bakarra, Levante Badalonarekin berdinduz, eta geroztik bost porrot lotu ditu.

Aurkariaren zenbakiak txarrak izanda ere, David Aznar ez da fidatzen eta «oso partida arriskutsua» aurreikusten du. «Zure aurkakoa ez izatea espero baduzu ere, badakizu halako taldeek noizbait irabazi behar dutela», esan du. Athleticen beraren azken partidak ere ez du konfiantza larregi hauspotzen, azken minutuan garaipena lortu arren, Ipuruan erakutsitakoa ez baitzen bere bertsio onena izan. «Baloiarekin lasaitasun pixka bat fata zaigu, joko aldetik ez gaude iaz bezain alai eta urrats bat eman behar dugu maila gorenean lehiatzen jarraitzeko», onartu du entrenatzaile zuri-gorriak, baina, aldi berean, bere taldeak «partidak azken minutura arte lehiatzen» dituela azpimarratu du. «Zailtasunen aurrean harrotu egiten gara», gaineratu du.

Eibar - Deportivo (12.00)

Horixe da, hain zuzen ere, Eibarrek behar duena: harrotu eta egoerari aurre egin, azken lau partidak galdu ondoren. Igande honetan bertan gertatu daitekeela uste du Yerai Martinek, are gehiago bere taldeak derbian nola jokatu zuen ikusita, Deportivo «aurkari zaila» dela eta partida «lehiatua eta parekatua» izango dela uste duen arren.

«Taldea ondo dago –esan du andoaindarrak–. Lehen bi partidak irabazi genituenean bezala gaude, lanean zentratuak, partidak ahalik eta ondoen prestatzen eta gero lan hori partidan ahalik eta ondoen isladatzen saiatzen. Azken partida oso oso ona egin genuela uste dut, punturik ez lortu arren, eta gauza asko hartu ditugu handik hurrengo partida hau prestatzeko. Adibidez, asko jokatu genuen aurkariaren zelaian, presio altuan oso ondo egon ginen eta esfortzuak errepikatzeko gai izan ginen, baloiarekin ere aurkariaren zelaian, beraien trantzisioak kontrolpean izan genituen... Emaitza kenduta, gauza on asko egon ziren eta lasai gaude, badakigulako hau luzea dela. Bai gaudela gogotsu partida honetarako, uste dugulako partida ona egin eta emaitza ona lortu dezakegulako».

Eunate Astralaga eta Eider Arana itzuliko dira deialdira. Andrea Sierrak eta Nati Canok, berriz, kanpoan jarraituko dute badaezada, baina Martinek geldialdiaren ondoren itzuli ahal izango direla espero du.

7. jardunaldia

Larunbata

Granada - Betis (12.00)
Levante Badalona - Tenerife (12.00)
Atletico Madril - Real (16.00)
Sevilla - Espanyol (18.30)

Igandea

Athletic - Valentzia (12.00)
Eibar - Deportivo (12.00)
Levante - Bartzelona (17.00)
Madril - Real Madril (19.00)