INFO

Iraitz Zubizarreta: «Sufritzea egokituko zait, seguru; ea gozatzerik ere izaten dudan»

Iraitz Zubizarreta da, ezbairik gabe, Azkoitian Elordik eta Peio Etxeberriak irekiko duten kaiolako final-zortzirenetako ligaxkako berrikuntza nagusia. Iaz B-seriean egindako lana borobildu du Larrazabal eta Urrutikoetxea kanporatuta, orain «sufritzeko eta ahal dela, gozatzeko» hiru partida ditu.

Iraitz Zubizarretak pausoz pauso jarraitu nahi du orain arte bezala. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Pilotari bakoitza kantxara irteten denean, aurrean duen partida hori izaten da beretzat garrantzitsuena,  baina pentsatzen jarrita, lehen mailako zortzi pilotaririk onenen artean sartzeko aukera izan dut eta, bai, nire ibilbideko partidarik garrantzitsuenak eta zailenak, biak, izango dira aurretik ditudanak. Gozatzen saiatuko naiz, zailtasuna ere ondo baino hobeto dakit nolakoa den, baina aurre egiteko ilusio guztiarekin nago eta ea nola irteten diren», onartu zuen atzo Iraitz Zubizarretak NAIZ Irratiko mikrofonoetan, bihar Sorian Erik Jakaren aurka jokatu aurretik.

Une gozoan da ataundarra eta bere hitzei ilusioa darie baina, era berean, oinak lurrean izan nahi ditu ondo dakielako kaiolako zortzi onenen artean sartzea zenbat kostatu zaion eta inork ez diolako ezer oparitu. «Hasteko kanporaketa aurrekoa jokatu behar izan nuen iaz bigarren mailako txapela irabazi nuelako –tanto bakarraz irabazi zion finala Julen Egiguren azpeitiarrari–, aukera hori nuen eta hori prestatu nuen, aurreragoko ezertan pentsatu gabe. Hori pasatzea lortu –pronostiko gehienen kontra Larrazabali 22-19 irabazi zion Zallan– eta, zozketan, Urrutikoetxea bezalako txapeldun baten aurka jokatzea egokitu zitzaidan; ilusio handiarekin prestatu nuen hori ere; ez nuen orduan ere aurrerago begiratzen, eta, hori ere gainditzea lortuta, orain hiru izarren aukerako partidak dauzkat. Talde oso indartsua egokitu zait, baina ilusio handia egiten didana eta ligaxka hau ere ahalik eta hobekien prestatzen saiatuko naiz», gaineratu zuen goierritarrak.

Iaz Asier Agirreren aurkako kanporaketa aurrekoa jokatu eta galdu zuen Zubizarretak eta, pentsa liteke, aurten bi kanporaketa horiek gaindituta, helburuak bete samartuta dituela ataundarrak, baina berak ez du orain arteko diskurtsoa aldatu nahi. «Helburua, nik beti esan dut, asteko entrenamendu guztiak, tokatzen zaizkidan lantxo guzti horiek, ondo egitea da, asteburuko partida hori jokatzeko. Kanpoko presiorik orain ez dut; azkenean geratzen diren beste pilotariak lehen mailako pilotari indartsuak dira, finaletan egoten diren horiek eta, alde horretatik, presiorik ez daukat, galtzekorik ezer ez daukat, esaten den bezala, baina aldi berean konformatu ere ez dut egin nahi, noski. Nik txapelketa amaitu arte tokatzen zaizkidan partida guztietan ahalik eta mailarik onena eman nahi dut, partidan bertan erantzunak topatu aurkariari mina egiteko eta, zergatik ez, sustotxoren bat ematen saiatzeko, noski».

Erakargarri bezain zailak

Argi du Iraitz Zubizarretak orain arteko bidea erraza izan ez bada hemendik aurrerakoa are zailagoa izango duela. «Bi multzoetan izen guztiak ikaragarriak dira; gureari dagokionez, Jokin, ez gaur egungoa, nik uste, egin duen ibilbidearekin historiako onentsuenetan sartzen dela;  ikusiko dugu ibilbidea amaitzen duenean non den; gaur egungo onena ziur aski. Iñaki Artola ikaragarrizko urtea egiten ari dela iruditzen zait eta Erik Jaka iaz finaletik tanto bakarrera geratu zen eta aurretik ere finala jokatutakoa da. Ilusio handia egiten dit hiruren aurka jokatzeak; Jokinen aurka, gainera, sekula ez dut jokatzerik izan, eta hori ere gogoan daukat. Zailtasun handikoak dira, eta gogoz behintzat inork ez dit irabaziko».  

Ikasketa prozesuaren partetzat jotzen  du aurrean duen erronka. «Denon ilusioa da gorengo mailan aritzea, pilotari onenen aurka jokatzea, eta hurrengo hiru asteetan aukera hori izango dut. Zailtasunez aparte, ikasteko ere balioko dit. Gozatu eta sufritu, biak egiten saiatuko naiz. Sufritzea ziur egokituko zaidala eta gozatzen ere saiatuko naiz. Ikasgai bezala ere hartu behar dut eta hala egingo dut».

Ligaxkako lehen partida bihar izango du, Sorian, Erik Jakaren aurka, sekula aritu gabeko pilotalekuan. Horren gertuko bi pilotari izanda, aukeran, urrutitxo baina, beretzat berria izan arren, aitzakiarik gabeko pilotalekua omen.

Eta Iraitz gurean izanda, ezin anaia Beñati buruz galdetu gabe ihes egiten utzi. Afizionatuetan maila oso onean zebilenean lotailu gurutzatuak eta meniskoa hautsi zituen duela lau hilabete inguru. «Luze doa, baina errekuperazioa oso ona izaten ari da, duela bi edo hiru aste korrika txikian hasi zen eta orain artekoa ondo doa, baina denbora beharko du».