INFO

Robot multifuntzional bat izango dute lankide Bizkaiko suhiltzaileek

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak urrunetik gidatu daitekeen robot funtzional bat izango du aurrerantzean, baita garabi-kamioi berri bat ere.

Gaur aurkeztu dute robot berria. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak urrunetik gidatu daitekeen lehorreko robot mutifuntzional bat izango du lankide. Espainiar Estatuan mota honetako gailu bat izango duen lehen zerbitzua da. Bilboko Portu Agintzaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko PSSZk sinatutako akordioari esker baliatu ahal izango dute gaur Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak aurkeztu dien lankide berria. Hitzarmenari esker, halaber, edukiontziak garraiatzeko garabi-kamioi berri bat ere eskuratu dute. Guztira, 607.000 euroko inbertsioa da egin dutena.

Robota suteen eta bestelako istripuen prebentzioan nahiz halakoen inguruko aholkularitzan eta esku-hartzeetan erabiliko dute. Aurkezpenean jakitera eman dutenez, munduan potentzia handienetarikoa duen robot elektrikoa da, eta urrutitik gidatu ahal izateak konplexutasun edo arrisku handiko egoeretarako «ezin aproposagoa» egiten du. Izan ere, bestela suhiltzaileek beren gain hartuko luketen arriskua hartzen du. Hain zuzen ere, antzeko gailu bat erabili zuten Parisko Notre Dame katedralaren sutean.

Etxanoberen hitzetan, baliabide berriarekin «gure suhiltzaileek segurtasun eta eraginkortasun handiagoz esku hartu ahal izango dute; arriskuak minimizatuko dituzte, eta emaitzak, maximizatu». Onartu du teknologiak ezin dituela esperientzia eta profesionaltasuna ordezkatu, eta aliatu gisa aurkeztu du robota.

Erabilera anitzekoa

Robotak 500 kilo pisatzen du, beldar gurpilak darabiltza eta, horri esker, hainbat gauza egin ditzake: 30 zentimetro arteko oztopoak gainditu, eskailerak igo eta jaitsi, 40º baino gehiagoko maldak igo, eta tona baterainoko kargak bultzatu eta mugitu. Horrez gain, 16 orduz bateriarik aldatu barik jarduteko autonomia dauka, eta bateriak makina bero dagoela ere aldatu daitezke, hau da, esku-hartzeak eten barik egiteko aukera bermatzen du. Gainera, uraren bidez bere burua babesteko duen sistemari esker, muturreko tenperaturak jasan ditzake.

Suteak itzaltzeko erabiltzeaz gain, beste zeregin askotan ere erabil daiteke: erreskateak, biktimak ebakuatzeko eta lekuz aldatzeko, ingurune zailetan ekipamenduak eta erreminta astunak garraiatzeko, arakatze lanak egiteko, hainbat aldagairen neurketak egiteko (tenperatura, toxikotasuna, oxigeno erabilgarria, atmosfera leherkorrak, eta abar).