INFO

Sare publikoa, baliabideak eta euskara indartzea eskatu diote Hezkuntza sailari

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak Lakuako Hezkuntza sailari hainbat eskakizun egin dizkio ikasturte hasiera honetan: Sare publikoa sistemaren ardatza izatea, langile eta baliabide gehiago ikastetxeentzat eta euskara indartzea, ikasle guztiei aukera berberak emanez.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak agerraldia egin du Eibarren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak agerraldia egin du larunbat honetan Eibarren, non ikasturte hasiera eta azken hauteskundeen ostean Lakuako Gobernuan eman diren aldaketen harira (Begoña Pedrosa da Hezkuntza sailburu berria) hainbat eskaera egin dizkion.

EAEko Hezkuntza Legea garatzerako orduan sare publikoa «sistemaren ardatza» izatea proposatu dute. «Hau da, pribatuko gelak ituntzea soilik eskaintza publikorik ez dagoenean». Honekin batera, plaza publiko berriak sortzeko plana egitea defendatu dute, «beharrezkoa den lekuetan». «Sare pribatuaren gehiegiko presentzia gertatu da sare pribatuaren aldeko hamarkadetako hezkuntza politikei esker». adierazi dute agerraldian.

Era berean, ikastetxe publikoek «langile eta errekurtso gehiago» behar dituztela nabarmendu dute, «baita azpiegitura eta zerbitzu egokiak ere». Hirugarrenik, euskara balioan jartzea defendatu dute. «Sare publikoan euskara indartu behar da, ikasle guztiei aukera berberak emanez, eta euskara bera kohesio tresna izanez».

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen iritziz, eskola publikoa «ikasleak euskalduntzeko ezinbesteko tresna» bihurtu da. Zentzu horretan, gogora ekarri dute D ereduan 2 urteko ikasleen %98tik zeudela 23/24 ikasturtean. Hala ere, «euskalduntzen ez duten ereduen finantzaketa etengabe handitzen jarraitzen du Hezkuntza Sailak», deitoratu dute. «Hezkuntza Lege berria benetan betetzeko asmoa badu Sailak, euskalduntzen ez duten ikastetxeei ituna kentzen hasi beharko litzateke».

Bestetik, azken bi urteetan ikasle zaurgarrienak modu orekatuan banatzeko ustezko saiakerak «ez duela fruiturik eman» segregazioaren aurka uste dute, eta aldiz «bestelako ondorioak» ekarri dituela. «Gogoko ikastetxean sartzea edo ez baldintzatzen duen neurrian, fidagarritasuna eta objetibitatea galtzen du familien ISEK (Indize SozioEkonomiko Kulturala) ezagutzeko betetzen den inkestak. Eta ixtear zeuden itundutako gela batzuk eskaera faltagatik, zabalik mantendu dira gertuko gela publikoak itxi diren bitartean».

Azkenik, hezkuntza sistema dualak «ikasleen segregazioa» sortzen duela uste du topaguneak. «Hori kaltegarria da bai euskalduntzeari baita bizkidetzari begira. Praktika baztertzaileak garatzen dituzten zentro horien finantziazioa eten egin behar da, ahalik eta lasterren, eta guztiontzako sarea, sare publikoa, alegia, indartu. Bide horretan, ikastetxe pribatuen publifikazioa erraztea neurri egokia litzateke».