Artolari pausua aldatuta, bere betiko bidean da Jokin Altuna (22-12)
Azkenerako Peñak estutu badu ere, sakea baliatuta, Unai Laso partida guztia aurretik joan da eta garaipen ona eskuratu du Labriten sasoiko lehen jaialdian. Iruñeko Bombonerak Eibarko Katedralak baino okerrago erantzun du igande arratsaldez.
Jokin Altunak eta Unai Lasok garaipenarekin ireki dute final laurdenetako ligaxka, Iñaki Artolari (22-12) eta Jon Ander Peñari (22-16) hurrenez hurren irabazita. Txapelerako faborito diren bi pilotariek ondo erantzun duten bitartean, eguneko beste lehian, Eibarko Astelenak, Labritek baino askoz hobeto erantzun igande arratsaldez. Iruñean proba bat egin nahi izan dute enpresek partida jai arratsaldera ekarriz, baina sarrera erdia baino ez da osatu. Datorren zapatuan bai, goraino beteko da Bonbonera, partidak mereziko du eta –Lasok eta Peio Etxeberriak jokatuko dute–, Gasteizko Ogetakoa ere ez da makala izango, Jokin Altunak eta Erik Jakak auzotarren beste lehia bat jokatuko dute eta.
Iazkoa amaitu zuen moduan, garaipen eroso batekin, hasi du aurtengo Lau eta Erdikoa Jokin Altuna egungo txapeldunak, Eibarko Astelenan jokatutako partidan Iñaki Artolari 22-12 irabazita. Pilotari guztiek izaten diote beldurra txapelketa bateko lehen partidari, amezketarrak ere hala izango dio, baina beti topatzen du egoera zailenei ihes egiteko moduren bat. Gaur, esaterako, airez erantzun dio alegiarrak egindako lehen sakeari eta errestoarekin lortu du 2-1ekoa. Ez da, inolaz ere, partida erabaki duen tanto bat, baina airez egindako bi errestotan tantoa lortu du amezketarrak eta are garrantzitsuagoa izan dena, pausua aldatu dio aurkariari.
Eta sakea lagun, partida hamaikara berdintzea lortu duen tarte hori kenduta, deseroso ikusi dugu alegiarra, amezketarrak proposatzen zuenari erantzuna bilatu nahian, pausua aurrera eman ezinda. Alde horretatik, partida arraro xamarra izan da Astelenakoa. Hasi, klasiko xamar, motel antzean hasi da lehia, bi pilotariek botera dezente jokatuta eta txintxarria 2-4 aurreratu bada ere, amezketarra izan da lehen alde nabarmena lortu duena (10-4 eta 11-5).
Sakea luzeegi jota, ekimena izateko aukera eman dio Iñaki Artolari eta Baikokoak ederki aprobetsatu du. Sakearekin dezente asmatu du tarte horretan alegiarrak, errematean ere pausu bat aurrera eman du eta oso zaila zirudienean, partida hamaikara berdintzea lortu du.
Kontua da, Jokin Altunak beste martxa bat bazuela, oldarkorrago aritzeko modua topatu du eta beste takada handi bat sartu dio, berak ere sake eta sake-errematetik angeluak hobetu topatu ditu, aurkaria alderik alde mugitzen asmatu du eta defentsa lan horretan ahul antzean ibili den Artolaren ahuleziak topatzen asmatu du. Iazko aldean, fisikoki sasoiko dago amezketarra eta bederatzigarren finala baino ez du buruan.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna: 22
Artola: 12
Pilotakadak: 245. Iraupena: 48,18minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-11, 21-11, 21-12, 22-12. Sakeak: 2 (falta1) Altunak eta 3 Artolak. Egindakoak: 11 Altunak eta 6 Artolak. Galdutakoak: 2 Altunak eta 10 Artolak. Gorabeherak: Sarrera polita Eibarko Astelena pilotalekuan. Gorka Altuna aritu da lehengusu Jokinen botilero lanetan eta Iker Iriarte egon da Iñaki Altunarekin. Lehen sakea gorri.
Sakean oinarritu du Lasok Peñaren aurkako garaipena
Unai Lasok ere pronostikoak bete ditu Labriten eta garaipen garrantzitsu bat lortu du kaiolan edonorentzat oso arriskutsua den Jon Ander Peñari 22-16 gailenduta. Distiratsua baino, ondo landutakoa izan da Bizkarreta-Gerendiaingoaren garaipena, hein handi batean sakean oinarritutakoa. Sei tanto egin ditu lehen jokaldiarekin, horietako bi zabalera ateratakoak.
Peñak, ordea, garesti ordaindu ditu partida hasieran egindako hutsak. Pilota errazak galdu ditu, markagailuan atzetik ikusi du bere burua eta kosta egin zaio markafgailuaren aurka jokatzea. Aurreko asteetan bezala, eskuina oso fresko duela berretsi du erroibartarrak, bizi ibili du pilota esku honekin Peñaren ezkerra bilatuz eta airez ere, ongi funtzionatu dio ezker gantxoak.
Partida oso aldeko jarri zaio nafarrari 19-10 aurreratu denean, baina saketik egindako falta baten ostean nahi baino gehiago sufritzea egokitu zaio. Peñak lortu du markagailua zertxobait estutzea, baina beranduegi erreakzionatu du eta hurrengo astean presio handiko partida bat izango du Elordiren aurka Bilbon. Lasok eta Peio Etxeberriak goi mailako lehia eskainiko dute larunbatean bai, beteko den Labriten.
FITXA TEKNIKOA:
Laso: 22
Peña: 16
Pilotakadak: 220. Iraupena: 57 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-3, 8-3, 8-5, 9-5, 9-6, 10-6, 11-6, 11-7, 14-7, 14-10, 19-10, 19-15, 21-15, 21-16, 22-16. Sakeak: 6 (falta 1) Lasok eta 3 Peñak. Egindakoak: 10 Lasok eta 6 Peñak. Galdutakoak: 7 Lasok eta 6 Peñak. Gorabeherak: Sarrera erdia Iruñeko Labriten. Jon Mariezkurrena aritu da Unai Lasoren botilero lanetan eta Eneko Labaka egon da Jon Ander Peñarekin.