«Ohorezko guardia» Gorka Izagirreri, tropel profesionalari agur esateko
Igande honetan egin du Gorka Izagirrek errepideko bere azken lasterketa profesionala. Ormaiztegikoak, 37 urterekin, txirrindularitza uztea erabaki du. Gaur amaitu da Guangxiko Tourra eta tropelak «ohoreko guardia» batekin agurtu du gipuzkoarra.
Gorka Izagirrek gaur utzi dio txirrindulari profesional izateari. Ormaiztegikoa Guangxiko Tourrean izan da eta bertan eman ditu azken pedalkadak. 16 denboraldi egin ostean, etapa honi amaiera jartzea erabaki du eta tropelak omenaldi xume batekin esan nahi izan dio agur, azken etapa abiatu aurretik «ohorezko guardia» eginez.
A guard of honour for Gorka Izagirre (Cofidis) and Rudiger Selig (Astana), racing their last day before retirement at the Tour of Guangxi pic.twitter.com/2w9L5VWxO8
— Andy McGrath (@Andymcgra) October 20, 2024
«Buruak» hala eskatuta hartu du erabakia Izagirrek, ‘Berria’ egunkarian egindako elkarrizketa batean jakitera eman zuenez. Ez da zarata zalea sekula izan Izagirre anaien helduena eta honela esango dio agur ere ibilbide profesionalari. Izan ere, Paris-Tours lasterketa abiatu aurretik egin zioten beste omenaldi txiki batekin jakin zen bere erabakiaren berri.
Gaurkoan, beste beterano batekin batera, Rudiger Selig alemaniarra, jaso du tropelkideen agurra.
16 denboraldi egin ditu goi mailan Izagirrek. Contenpolis-Ampon profesionaletarako bidea topatu zuen 2009an, gero lau urte egin zituen Euskaltel-Euskadiren laranja soinean zuela, bi etapa ezberdinetan Movistarren urdina jantzi zuen (2014-2017 eta 2022-2023). Tartean, Bahrain eta Astana taldeetan ere aritu da eta azken denboraldia Cofidisen eman du, non ez duen bere tokia topatu.
Zerbait izan baldin bada, talde gizona izan da Gorka Izagirre. Lider handien alde lanean aritu da. Hala nola, Alejandro Valverde, Vincenzo Nibali edo Nairo Quintana. Txirrindularitza zaleen memorian iltzatu da 2014an Quintanari Giroa irabaztea ahalbidetu zion ormaiztegiarraren maniobra. Elurpean ahora jaten eman zion, bero mantendu zuen eta Stelvion behera (antolakuntzaren akats bat tarteko) txirrindulari batzuek etapa geldituta zegoela uste zutenean, aurrera egin zuten Izagirrek eta Quintanak, gerora maglia arrosa irabazteko gakoa izango zen abantaila eskuratuz.
Italiako Giroan du ere bere garaipenik onena. 2017ko edizioan 8. etapa bereganatu zuen, Peschicin, hainbeste saiatutako ihesaldi horietako batean. Baina lasterketaren batek bere izena izan badu, hori «etxekoa» izan da, Ordiziako Klasika, 2010, 2012 eta 2014an irabazitakoa. Zornotzan, Luxenburgon edo Porvenzako Tourrean ere baditu garaipenak. Gertu izan zuen Frantziako Tourrean 2018an, oso urte on batean, zeinetan hirugarren amaitu zuen Paris-Niza lasterketa eta Omango Tourra eta Espainiako txapelketa ere bereganatu zuen.