Ainhoa Intxausti eta Iñigo Uribe-Etxebarria erregularrenak izan dira Euskal Herriko Kopan
Lineako modalitateko zirkuituak, denera, zortzi lasterketa izan ditu; azkena, joan den asteburuan jokatutako Basajaun Trail izan da. Bitartean, Malen Osak brontzea eskuratu du Golden Trail World Series-eko sailkapen nagusian.
Trail running-eko denboraldia amaitzen ari da, eta zirkuitu ezberdinetako azken hitzorduetan egoera pil-pilean egon da. Euskal Herriko Kopari dagokionez, Basajaun Trail lasterketak itxi du aurtengo denboraldia lineako modalitatean.
Denera, erregulartasunaren euskal zirkuituak zortzi lehia izan ditu, eta sailkapen nagusirako korrikalariek gutxienez bost hitzordutan parte hartu behar zuten; bost emaitza onenak kontuan hartu dira. Hauek guztiak 18 eta 34 kilometro bitarteko distantzietakoak izan dira. Desnibelak, gutxienez, 1.200 metro.
Bada, Basajauneko lasterketak erabat argitu zituen aurtengo podiumak. Lehia horretan, emakumezkoetan, Irene Artazkoz lehena izan zen, Garazi Sampedro bigarrena eta Ainhoa Intxausti hirugarrena. Azken hori, Intxausti, puntu gehien bildu dituen lasterkaria izan da eta aurtengo Euskal Herriko Koparekin egin da. Irene Velez de Mendizabal zilarrarekin egin da, eta Sampedro brontzearekin.
Mutiletan, berriz, azken proba Ander Iñarrak irabazi zuen. Iñigo Uribe-Etxebarriak bigarren postua sinatu zuen, eta Hodei Samaniegok hirugarrena. Uribe-Etxebarria erregulartasunaren euskal zirkuitua irabazi du. Samaniego podiumaren bigarren kutxara igo da, eta Oier Zubeldia hirugarrenera.
Juniorretan erregularrena Ibai Angulo izan da, Enekeo Etxaniz gazteen mailan eta Liher Urkiza kadeteetan.
Malen Osa, hirugarren
Euskal zirkuitutik nazioartean sona handia duen beste batera jauzi egingo dugu. Golden Trail World Series-i buruz ari gara. Joan den asteburuan ere, zirkuitu horrek ateak itxi zituen Suitzan jokatu zen Ascona-Locarno lasterketarekin. Korrikalariek 23,5 kilometro eta 1.400 metroko goranzko desnibela zituen ibilbideari aurre egin behar izan zioten.
Emakumezkoen mailari dagokionez, euskal lasterkariek postu bikainak lortu zituzten. Joyline Chepngenok irabazi zuen 2:08:40 denborarekin. Sara Alonso bosgarrena izan zen irabazlearengandik sei minutura. Malen Osak, berriz, bederatzigarren postuan amaitu zuen 2:20:05 kronoarekin.
Gogoratu behar dugu zirkuitu pribatu horrek zortzi hitzordu izan dituela, eta Suitzakoa, azkena izan dena, final handi batean bihurtu zela. Puntu guztiak bildu eta gero, aurtengo ekitaldiko irabazlea Joyce Njeru izan da. Osak meritu handiko hirugarren postua sinatu du.
Suitzako lasterketari dagokionez, oñatiarrak adierazi du lehen kilometroak oso-oso azkarra izan zirela: «Lehen aldatsak igotzen hasi ginenean, nire erritmoa berreskuratu nuen. Lehiakide zuzenenak zeuden taldera hurbildu nintzen, baina, azkenean, bederatzigarren postuan amaitu nuen».
Sailkapen horrekin batera, Osak Asiako pare bat lasterketetan bosgarrena izan zen, eta Zegamako maratoian goi mailako bigarren postua sinatu zuen. Lortutako erregulartasunari esker, korrikalari gipuzkoarra Golden Trail World Series zirkuituko behin betiko sailkapenean hirugarrena izan da: «Oso pozik nago egin ditudan lasterketekin. Munduko zirkuitu onenean postu hori lortzea handia da. Urte oso gogorra izan da, eta harro nago egin dudan lanarekin».