INFO

Azaroaren 24an egingo dira aurtengo ‘Bizilagunak’ kultura arteko bazkariak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egutegietan azaroaren 24a, igandea, markatuta dago aurten. Kanpotik etorritako eta bertako familiak elkartzea helburu duten kultura arteko afariak izango dira egun horretan. Izena emateko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik.

‘Bizilagunak’ proiektuko afari baten artxiboko irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Kanpotik etorritako familiak eta bertakoak elkartzen duten afariak azaroaren 24an izango dira. SOS Arrazakeriak, Zehar Errefuxiatuak-ek eta Foru Aldundiek antolatutako ‘Bizilagunak’ proiektua, urtero bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herritan antolatuko da.

Antolatzaileen arabera, ekimenaren helburua izan daitezkeen estereotipoak eta aurreiritziak haustea da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarrak hobeto ezagutzeko aukera ematen duen ingurunea bultzatzea. Izena emateko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik.

«Batzuetan, arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez da diskurtsoak erabiltzea, keinu txikiak egitea baizik, hala nola janari bat partekatzea», azaldu dute. Ostiral honetan ere aurtengo edizioaren berri emateko bideoa aurkeztu dute, Arteman ekoiztetxeak SOS Arrazakeria Gipuzkoarentzat egindakoa.

‘Hamaika zapore, mila istorio’ da aurtengo goiburua, «mahai baten inguruan partekatzen diren hamaika zapore eta mila istoriori balioa emateko, ekosistema propio bat, uneak, bizipenak eta gure gastronomia partekatzean sortzen dena, pertsonen arteko distantzia laburtuz eta auzokide hori ezagutuz».

Gipuzkoako aurkezpenean jakinarazi dutenez, iaz mota honetako 52 bazkari egin ziren Gipuzkoa osoan zehar eta urtero bezala parte-hartzaile kopuruan hazten jarraitzea da helburua eta herritarrak parte hartzera animatzera gonbidatu dute.

Araban, aldiz, iaz 37 nazionalitate desberdinetako 1.228 pertsona bildu ziren hamabost udalerritan egindako bazkarietan; kulturarteko topaketen %60 landa eremuko herrietan egin ziren.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak nabarmendu duenez, «erakundetik, beharrezkotzat jotzen dugu kultura eta jatorri desberdinetako pertsona, talde eta familien arteko elkarreragin positiboko ereduak ematea, arreta kulturarteko eta kohesionatutako hirien garapenean jarriko dutenak»