Lakuak publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua salduko die gaur egungo jabeei
Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza sailburuak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri berriak aurkeztu ditu Legebiltzarrean. Besteak beste, alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikiko dira eta publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua saldu egingo die haien oraingo jabeei.
EH Bilduk eta Sumarrek etxebizitzaren egoerari buruz egindako galderen ostean, Denis Itxaso sailburuak neurri berriak iragarri ditu ostiral honetako Legebiltzarreko kontrol saioan, hala nola, Visesaren urteko lan karga handitzea, alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko; bere garaian publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua gaurko jabeei saltzea; eta prestazioa jasotzeko eskubidea duten 36 urtetik beherako gazteen diru-sarreren gehieneko atalasea handitzea.
Xabier Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, etxebizitzaren «larrialdi» egoera dela eta, «beharrezkoa da tresna guztiak lehenbailehen garatzea». Prezioak jaisteko politika interbentzionistak ezartzea aldarrikatu du, eta lege berri baten proposamena jarri du mahai gainean.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak salatu du etxebizitzaren arloko egoera «benetan jasanezina» dela, eta Jaurlaritzari aurpegiratu dio azken urteotan alor horretan garatu dituen politikak ez direla «suziriak botatzeko» modukoak izan.
Erantzunean, Itxaso sailburuak adierazi du «Euskadin, etxebizitzarako eskubide subjektiboa 2015eko Etxebizitza Eskuratzeko Legean onartuta dagoela», eta legea «bete egiten dela» ziurtatu du. Nolanahi ere, «askoz gehiago egiteko» beharra onartu du, «pertsona askok etxebizitza duina lortzeko dituzten arazoen larritasunagatik».
Ildo horretan, egoera arintzeko neurri berriak iragarri ditu. Adierazi duenez, Lakuak dagoeneko onartu du Visesa sustatzaile publikoaren urteko lan karga handitzea. Horrela, lehen 2025 urtean alokairuko 500 etxebizitza babestu eraikitzen hasi behar baziren, orain kopuru hori 750era igoko da. Akordioak Visesak Sailarekin adostutako urteko programa-kontratua luzatzea dakar, eta 20,2 milioi eurotik 35,16 milioi eurora pasatzea 2025ean.
Iragarritako beste neurrietako bat bere garaian publikoak izan ziren mila etxebizitzaren lurzorua jabeei saltzea da. Itxasok gogorarazi du 9.035 etxebizitza publiko «deskalifikatu» egin zituztela bere garaian, eta orain merkatu librean daudela. Azaldu duenez, horietako 1.000 etxebizitzekin egingo da lurzoruen salmenten mugimendu hau. Horrela, Lakuak 20 milioi euro irabaziko ditu, eta horiek oso-osorik inbertituko dira alokairuko etxebizitza babestu berriak finantzatzeko.
Horretaz gain, Etxebizitza sailburuak iragarri du Lakuako Gobernuak «gorantz eguneratuko» duela Alokabide sozietate publikoak jabeei haien etxebizitza eskuratu eta alokairu babestura bideratzearen truke ordaintzen dien kanona. Helburua, pisu horien jabeek jasotzen duten zenbatekoa «merkatuko prezioetara hurbiltzea» da, eta horrela, ‘Bizigune’ programa erakargarriagoa egingo dela ziurtatu du Itxasok. Zehazki, kanona hilean 675 eurotik 700 eurora igoko da, eta neurri hori 2025erako aurrekontu-proiektuan jasoko da.
Bestalde, prestazioa jasotzeko eskubidea duten 36 urtetik beherako gazteen hileroko diru-sarreren gehieneko atalasea 30.000 eurora handituko da. Gaur egun, 7.000 euskal gaztek baino gehiagok jasotzen dute ‘Gaztelagun’ prestazioa, hilean 300 euroko laguntza merkatu librean alokairua ordaintzeko.
Bilboko eta Donostiako metropoli eremuetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, gazteek hilean gehienez ere 750 euroko alokairu errenta ordain dezakete laguntza horrekin; gainerako udalerrietan, berriz, 675 eurokoa.