INFO

Unai Mendizabalek batu du puntu gehien Azkoitian

Unai Mendizabal gailendu da Azkoitiko final-laurdenean, 485,5 punturekin. Puntu berak batu ditu bigarrenak, Asier Azpirozek. Hurrengoak sailkapenean, Ane Labaka (477,5), Eli Pagola (470,5), Oier Etxeberria (468) eta Maialen Akizu (414). Biharko saioa, Irunen.

Unai Mendizabal, Azkoitiko final-laurdeneko irabazlea. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Unai Mendizabalek finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu du gaur arratsaldez Azkoitian. 485,5 puntutan erosi du txartela, erregulartasunaren lanerako buzoa jantzita. Zarauzko finalaurrekoan arituko da. Gauza bitxia gertatu da; lehen bien arteko berdinketa, Asier Azpiroz zubietarrak ere 485,5 puntu lortu baititu. Horrelakoetan epaimahaiak baditu hiru irizpide jasoak berdinketa hausteko. Gaur lehenengoarekin nahikoa izan da; epaile bakoitzaren ariketaz ariketako sailkapena kontuan hartuta, Mendizabal kasu gehiagotan geratu da Azpirozen aurretik.

Saioa orokorrean nahiko berdinduta joan da, ez da alde handirik izan bertsolari batzuen eta besteen artean, nahiz eta tontor propioak izan diren. Mendizabal ondo sartu da saioan lehen ariketan, zortziko handian. Oier Etxeberriarekin batera egokitu da, gai honen aurrean biak: 20 urteko bi gazte zarete, asteburuetan herriko nerabeekin Gaztelekuan lana egiten duzuenak. Unai uztekotan da, Oier berriz ez.

Hauxe Unairen lehena: «Batek erderaz hala esan zidan ‘callate tu puto calvo’/ pazientzia pixkat banuen baina ezin det gehiago/ hasieratik nahiz ta ez diren egun gehiegi igaro/ ilusiotan etorri nintzen baina ja etsita nago». Saioak aurrera egin ahala, zortziko txikiko ariketan atera die gainontzekoei koska handiena Mendizabalek.

Ariketa horretan Maialen Akizurekin egokitu da. Maialen, tabernaria eta Unai, bezeroa. Unai goizero lehen bezeroa izaten da, beti kafea eskatzen du eta 50 euroko billetea ateratzen du ordaintzeko. «Goizean lehenbizikoz etorri da hona/ ta bi aurpegikoa nola den txanpona/ billetea erakutsiz papardun gizona/ erakutsi beharra ez da kontu ona», abiatu du ariketa Akizuk. Eta Mendizabalen erantzuna, «Honaino iristea ai zure ametsak/ kafea hartu eta irakurri prentsak/ asko zuritzen dizkit zure barra ertzak/ kafea ta dirua biak ditut beltzak».

Ganbarakoan ere txukun aritu da. Hauxe izan dute bakarkakoa osatzeko gaia: Bizilekuz aldatu behar izan duzu. Mendizabal Donostian alokairuzko etxea utzi behar duen gaztearen azaletik aritu da. «...kiribildurik ametsak eta kiribildurik hesteak/ geroik gabeko etorkizuna bihurtu gera gazteak», bukatu du bigarrena. Eta, hirugarrena, «maleta bete ta ate aurrean jarria diot frenoa/ irtenbiderik ez daukat eta amaren etxera noa».  

Azpiroz, bigarren

Asier Azpiroz izan da bigarrena, puntutan berdinduta. Azpirozek Eli Pagolarekin abiatu du saioa zortziko handian eta bien artean arratsaldeko olatuetako bat marraztu dute.

Azpiroz eta Pagola bi harri-jasotzaile beteranoren gorputzean jarri ditu gai-emaileak. Garai batean zale gehienak alde zituzten, baina orain haien aurkari gazteek txalo gehiago jasotzen dituzten.

«Goenatxo naiz ta zenbat urte euskal plazetan bueltaka/ oain youtuberrak hasi zaizkigu propoganda eta kaka/ hainbat kruasan etortzen dira gimnasioa lagata/ errespeturik ez daukatenak crosfitetik aterata», hasi da Azpiroz. Eta, Pagola, bikain: «Crosfiteroak etorri dira dena tatu eta haize/ zure barrungo euskalduntxoa kikildu dutenak aixe/ baina plazara atera eta ze jarrera ta ze klase/ txalo gehiago jasotzen dute harri gehio bezelaxe». Arratsaldeko saio beroenetakoa izan da.

Hirugarren Ane Labaka lasartearra izan da, 477,5 punturekin. Saioan gorantza ertzak altxa baditu ere, ganbarakoan eman du onena. Ganbararik onena eta puntuatuena berea izan da. Hauxe, lehena: «Errelato bat eraikitzen da sarri sintagmaz sintagma/ sumendi eran kanporatzeko nere barreneko magma/ bere izena entzundakoan estutzen zait diafragma/ gertatu zenak barru barruan dena aldatzera narama / bizilekua ta lana/ aldatuak banan bana / mamu ilun bat behin eta berriz itzultzen baita nigana/ nere herrian lasai bizi da eraso egin zidana». 

Laugarrena puntuazioan, Eli Pagola. Hernaniarrak oso goitik hasi du saioa lehen aipatutako zortziko handiko ariketan eta eutsi egin dio. Ganbarakoan, herri txikien aldeko aldarri ederra egin du, argudio zorrotzekin. «...landa eremura gera puntu batera iritsi / non gure herritan ere ia ezin dugun bizi», lehen arrazoia. «...gure herritxoak ere hala husten ari dira/ eta bidaltzen gaituzte tokirik ez den tokira», bigarrena. Eta, azkena, «...hiriko biztanleeri esan nahi dizuet hara/ gurea den bezalaxe zuen auzi ere bada».

Oier Etxeberria azpeitiarra izan da bosgarrena, 468 punturekin. Hizkuntzarekiko gustu berezia duela erakutsi du eta ia ariketa guztietan eutsi dio. Zortziko txikian bira ederra egin du. Aita semeak ziren bera eta Azpiroz. Etxeberriak, aitak, beti anaiaren izenez deitzen zion semeari. «Memorian ez dira nere oztopoak/ ez ditut kontrolatzen izenen jokoak/ Asier eta Unai ditut gogokoak/ bixkiak baitzarete poltsa berekoak», bota du gaiari ñabardura propioa emanez.

Akizu izan da seigarrena, 414 punturekin, dezenteko koskara. Gaurko saioko lehen bostek hurrengo fasera pasatzeko aukera dezente dituzte, Akizuk izan ezik. Amaierako agurrean hunkitu den moduak erakusten du txapelketak ordu asko behar dituela eta inbertsioa beti ez dela espero bezala ateratzen. Plaza latza gertatu daiteke txapelketakoa, baina badira plaza gehiago, zorionez.