Lalung I.aren lehen igoera, Anja Petek eta Patricija Verdev esloveniarrentzat
Sokada horrek bost egun behar izan zituen ‘Here comes the sun’ bidea (M6+, AI5+, 2.000 m, ED) estilo alpinoan zabaltzeko. Emakumez osatutako taldean, Ana Baumgartner eta Ursa Kesarrek parte hartu zuten. Eskualde horretan lau bide sortu dituzte.
Alpinista esloveniarrek ohituta gauzkate mendilerro garaietan goi mailako jarduerak egitera. Eskuarki, ia denak gizonezkoak izaten dira, baina hurrengo lerrootan jorratuko dugu albisteak hori iraultzen du. Izan ere, lau emakumezkok arrakasta handia lortu dute Indiako Himalaian.
Anja Petek, Patricija Verdev, Ana Baumgartner eta Ursa Kesar dira protagonistak. Espedizioak lau bide sortu ditu, eta horien artean batek azpimarra berezia behar du; hain zuzen ere, Petek eta Verdevek Lalung I mendian (6.243 m) sinatu zutenak. Sokada horrek bost eguneko eskaladan gailurreraino doan ‘Here comes the sun’ bidea ireki zuen. Horri esker, bikote horrek seimilakoaren lehen igoera lortu du.
Ibilbide berriari dagokionez, aurreratu behar dugu, luzea izateaz gain (2.000 m), teknikoki gogorra dela. Mistoan eta izotzean M6+ eta AI5+ mailako tarteak gainditu behar izan zituzten. Zailtasun orokorrari dagokionez, alpinistok ED dela diote.
Bidaiaren lehen urratsen inguruan, Verdevek NAIZi esan dio helburua Ladakh-en dagoen Lalung izeneko harana zela: «Oso urrun dagoen eskualde hori, arrazoi politikoengatik, urte luzez itxita egon da. Baina duela urte batzuk atzerritarrentzat berriro zabaldu zuten.
alung-eko haranak oso zailak diren makina bat mendi ditu. Gainera, bisita gutxi dituzte. Hots, esploraziorako aukera handia dago. Bai, eskualde hori oso ezezaguna da. Zama-eramaileek ere ez dute ondo ezagutzen. Adibidez, esan ziguten kanpaleku nagusia 5.000 metrora zegoela. Eta ez zen hala izan; 4.100 metrora altxatu genuen. Horretaz gain, garaiera horietan ohikoa ez den beste egoera bat bizi izan genuen: hartzen bisita».
Kanpaleku nagusia antolatu eta inguruko mendiak aztertu ondoren, laukotea martxan jarri zen. Bi taldetan banatu ziren. Petek eta Verdevek horietako bat osatu zuten, eta Baumgartner eta Kesarrek, bestea. Girora egokitzeko, lehen sokadak 5.322 metroko garaiera eta izenik ez duen mendi batean ‘Connection’ (VI, 1400 m) sortu zuten 15 orduko eskaladan. Mendi horretan bertan, bigarren taldeak bi marra zabaldu zituen: ‘Bear Camp’ (V, 800 m) eta ‘Calm before the storm?’ (V+, 670 m).
Baina inolako zalantzarik gabe, espedizioaren helburu nagusia beste bat zen: igo gabe zegoen Lalung I. Petek eta Verdev izan ziren seimilako horretara abiatu zirenak. Bazekiten duela pare bat urte Ines Dean, Alex Mathie eta Timothy Elson saiatu zirela gailurra lortzen. Iparraldeko ertza aukeratu zuten, baina ibilbide hori oso izoztuta eta luizien ondorioz oso arriskutsu zegoen.
Ekaitz gogorra
Alpinista esloveniarrek Lalung I beste ertz batetik eskalatu zuten: ekialdekotik. Lehenik eta behin, 4.800 metrora zegoen kanpaleku nagusi aurreratura joan ziren. Lehen aldiz seimilakoa ia bere osotasunean ikusi zuten. Petek eta Verdev pronto ziren lehen urratsak egiteko: «Motxila astunak antolatu eta egun batzuk iragarri genituen mendi hori igotzeko. Glaziarra zeharkatzea oso deserosoa izan zen. Baina ezustekorik gabe aukeratutako ertz horretara heldu ginen. Bazirudien klima gure alde zegoela; egun batzuetako leiho on bat iragarri ziguten. Zoritxarrez, ez zen bete, eta eskaladaren bigarren egunean ertz horretan denda altxatu eta ekaitz baten erdian egun eta erdi igaro genuen. Atertu eta gero, laugarren egunean, oso goiz, eskalatzen jarraitu genuen. Egun hori oso-oso luzea izan zen; gauean amaitu genuen eskalada egun hori».
Alpinistok aurreratu dute biharamunean ertz horrek asko eskatu ziela eta lan eskerga egin behar izan zutela aurrez aurre zituzten mistoko luze gogorrak gainditzeko. Lan hori, bederen, arrakastaz amaitu zuten, eta arratsaldeko ia ordu bietan bibakera jaitsi ziren atseden hartzera.
Oso nekatuta zeuden, eta denda altxatzen ari zirela, hanka-sartze bat izan zuten: «Haizete gogorrek astintzen gintuzten, eta haize-ufada batek dendaren makilak eraman zituen. Egoera ez zen atsegina, baina ohituta gaude hormetan dendarik gabe bibakeatzen. Lanbroak azken eskalada eguna harrapatu zuen. Zaila egin zitzaigun ibilbide egokiena bilatzea. Azken tarte luzea ezezaguna zen eta arreta handiz eskalatu behar izan genuen. Zorionez, elurrezko azken aldats errazak gainditu ondoren, goizeko bederatzietan, Lalung I mendiaren tontorrera heldu ginen. Lan horri esker, seimilakoaren lehen igoera lortu genuen».
Petek eta Verdevek onartu dute igoera osoa oso gogorra izan zela, eta harrapatu zituen ekaitzagatik eskalada bertan behera uztear egon zirela. Horretaz gain, igo zituzten zailtasun teknikoei azpimarra egin diete. Alabaina, pozarren dira 2.000 metroko ibilbide hori eskalatzeagatik: «Erabat betetzen zaituen eskalada izan da. Estilo alpinoan eskalatu dugu, eta teknikoki oso zaila da. ‘Here comes the sun’ deitu diogu Lalung I mendian sortutako bideari. Izen horrek egin dugun jarduera osoa argi islatzen du. Eguzkia ateratzen zenean ia txalotzen hasten ginen. Gainera, tontorretik gertu argi lauso batek ez zigun behar bezala ikusten utzi ibilbide egokiena eta benetako tontorra. Baina gailurretik hogeita hamar metrora ginela, eguzkia azaldu zen, eta gure kezka guztiak uxatu ziren».
Gailurrean atseden hartu eta gero, bi alpinistok oraindik jaitsiera luzea zuten aurretik. Ez zuten jarraitu ertz beretik, baizik eta mendebaldekotik; glaziarrean bertan utzi zituena. Elurrezko ertz hori jaitsi eta iparraldeko horman bost rappel egin behar izan zituzten. Zortzi orduko jaitsieraren ondoren, arratsaldeko ia zazpietan kanpaleku nagusi aurreratura iritsi ziren. Han bertan igaro zuten gaua. Biharamunean, inolako arazorik gabe, oinarrizko kanpalekuan beste bi kideak zain zituzten.
Lalung I mendian eginiko jardueraren inguruan, Verdevek honako hausnarketa egin nahi izan du: «Amets bat egia bihurtu da. Urte erdi eman dugu argazki bat begiratzen. Helburua ikusten duzu, zure aurrean dago, baina hilabete batzuk itxaron behar dituzu mendi horretara bidaiatzeko. Bederen, itxaronaldi horretan motibazioak ez zuen indarrik galdu. Eskalada oso gogorra izan zen, eta borondatea, energia, kontzentrazioa eta fedea eskatu zituen. Adibidez, ertz horretara heltzea egundoko erronka izan zen, besteak beste, glaziarra puskatuta zegoelako eta seracen arriskua handia zelako. Arreta handiz, zortzi ordu egin genituen zati hori gainditzeko. Lehen aldia nuen garaiera horretan, eta eginiko ahaleginagatik bigarren egunean krisi bat izan nuen. Baina Anjak eta biok dugun harreman estuak krisi hori onbidean jarri zuen. Lotura femenino horrek indarra eman zidan».
Petek eta Verdevek emaitza bikaina lortu dute Lalung I mendian. Eta modu batera edo bestera esanda, beste emakumezko alpinista esloveniarren lekukoa hartu dute. Tina Di Batista, Tanja Grmovsek, Sandra Voglar… dira horietako batzuk. Aipatutako bi protagonistok ez dira atzean geratzen. Petek ziur aski egungo Esloveniako neska alpinista zailduena da. Kirgizistanen eta Andeetan hainbat espedizio egin ditu. Andeetan, adibidez, Andrej Lez esloveniarrarekin eta Aritza Monasterio euskal alpinistarekin Hualcan mendiaren (6.156 m) ekialdeko horman bide bikaina zabaldu zuen. Alpeetan eta Triglaven ere eskalada oso garrantzitsuak egin ditu.
Verdevek, berriz, eskarmentu txikiagoa du. Arestian aipatu duenez, garaiera handiko mendietan lehen esperientzia izan du. Alabaina, Alpeetan eta Tatra mendietan igoera azpimarragarriak egin ditu.